Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko irailak 8, Astelehena

Harpidetu zaitez!

lorena urrosolo ð- Abaraskako kidea

«Pasaiak euskalgintzan arituko den jendea behar du»

Euskara

Zortzi urteko ibilbidearen ondoren, ateak ixtea erabaki du Abaraska Euskara Elkarteak. Lorena Urrosolok eman du, elkartearen izenean, zergatien berri

olatz mitxelena

Lorena Urrosolo (San Pedro, 1987) Trintxerpeko eta San Pedroko Abaraska Euskara Elkartearen azken urteak ezagutu ditu, barru-barrutik, lanean buru-belarri. Lehengo hilean elkarteko kideek jarduna bertan behera uztea erabaki dute. Urrosolok, erabakiaren zergatiak azaldu ditu, eta bide batez bilakaerari errepasoa egin dio, argi eta ilunei erreparatuz.

Abaraskak ateak ixtea erabaki du. Zer dela-eta?

Duela bi hilabete zuzendaritza bilera egin genuen eta han erabaki genuen bazela garaia batzar orokor bat egiteko. Euskara Elkartean lan egitea oso neketsua da, eta jende berberak urte asko eman ditu lanean. Erreleborik ez dagoela ikuste n zen, eta batez ere horregatik, ez ohiko batzarra deitzea erabaki genuen zer egin erabakitzeko. Batzarrera azaldu zirenen artean bozketa egin eta ixtea erabaki genuen. Zikloak hasten dira eta bukatu egiten dira, eta guri zikloa oraintxe bukatu zaigu.

Edonola ere azken zortzi urteetan lan handia egin du Abaraskak. Ibilbide horretan zer nabarmenduko zenuke?

Nik azken lauzpabost urteetan lan egin dut Abaraskan, beraz hasierako urte potente horiek ez ditut bizi. Seguruenik Abaraskak ezagutu dituen urterik onenak izan ziren, lanerako prest zegoen jendez beteta. Hala ere, helburu batzuk jarri genituen eta uste dut gutxinaka-gutxinaka horiek betetzen joan garela. Euskara elkarte baten helburuak, hala ere, inoiz ez dira bukatzen, beti badelako euskara sustatzeko zeozer egiterik, eta badakigu oraindik ere lan handia dagoela egiteko, bai San Pedron eta bai Trintxerpen.

Besteak beste, aisialdian lan asko egin duzue. Iñalkiña Aisialdi Taldea sortu zenuten. Nolako esperientzia izan zen hura?

Iñalkiñarenak oso urte politak izan ziren. Euskara sustatzeko aisialdi talde bat zen, eta euskaraz aritzen ginen, baina horrez gain, oso ondo pasatzen genuen. Joko asko, irteerak, jarduerak herrian... Iñalkiñak funtzionatu zuen.

Gaur XII. Eskolatik Kalera jaia ospatuko da San Pedron. Abaraskak urteak eman ditu egitasmoaren kudeaketan. Nola baloratzen duzu esparru horretan egindakoa?

Eskolatik Kalera egitasmoaren bidez, ahalegin handiak egin dira elkarteetan euskara sustatzeko. Edonola ere, egitasmoari asko kostatzen ari zaio elkarteetan txertatzea eta aldaketak lortzea, baina, landu ditugun egitasmo guztiak bezala, merezi izan du. Euskararen normalizazio bidean garatu ditugun egitasmo guztiak, Udalarekin elkarlanean garatu direnak, zein elkarteak berak sortutakoak, merezi izan dute, baina egitasmo bakoitzak bere erritmoa du, eta Eskolatik Kalera seguruenik askoz ere motelagoa da, lan askoz ere gehiago egin behar delako jende askoz gehiago inplikatuz.

Eskolatik Kalera egitasmoaren bitartez, herriko elkarte askorekin izan duzue harremana. Elkarteetan euskararekiko jarrera nolakoa da Pasaian?

Denetarik dago. Badaude elkarte asko oso urrutitik bizi dutela euskararekiko guztia. Onartu egiten dute zeozer egin beharra, baina ez dute gustuko. Beste elkarte askok, aldiz, oso erantzun ona eman dute eta asko inplikatu dira. Lorpenak nabaritu dira.

Udalarekin elkarlanean aritu zarete. Abaraskak nola baloratzen du Udalak euskararen normalkuntzarako egiten duen lana?

Udalarekin harreman ona izan dugu urtetan zehar. Hainbat teknikari eta zinegotzi ezagutu ditugu, eta nik uste dut denekin harreman ona izan dugula, eta Udalarekin, oro har, ondo konpondu garela. Udalaren lana baloratzeko, akaso ez naiz ni egokiena, baina uste dut Udala ere lanean ari dela euskararen normalizazio bidean, eta polikiago edo azkarrago helburuak betetzen ariko direla.

Euskara elkarterik gabe zeinek artikulatu beharko du euskalgintza Pasaian aurrerantzean?

Pasaiak behar du euskalgintzan arituko den jendea, normalizazioren bidean asko dagoelako egiteke. Iruditzen zait gazteen eskutik etorriko dela erantzuna, euskara elkarte berri baten bidez edo bestela, antolatu, eta lanean jarraitu beharko dugu. Oraintxe ez dago erreleborik baina baliteke urte batzuen buruan talde berria sortzea. Azpimarratu nahi dugu zikloak hasi eta amaitu egiten direla, eta, Abaraskak amaitu duela berea; baina horrek ez du esan nahi lanik ez dagoenik.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa