
euria bai, festa ere bai
Jaia
Eguraldiak lagundu ez zuen arren, ehunka lagunek parte hartu zuten mendekosteetako bigarren eguneko ekitaldietan
jon gonzalo
Euripean esnatu zen atzo mendekosteetako bigarren eguna. Eguraldi tristeak, ordea, ez zuen jai giroa baretu eta goizean goizetik ehunka lagunek parte hartu zuten festetako ekitaldietan.
Entzierroa eguraldi txarragatik bertan behera gelditu zen arren, festetako antolatzaileek gainontzeko ekitaldiekin jarraitzea erabaki zuten, eta jendearen erantzuna ona izan zen.
Haurrentzako jolasak eta puzgarriak Saldise plazan aurreikusita zeuden, baina inor busti ez zedin Bekoerrotako pilotalekura eraman zituzten. Bertan, askotariko jolasekin gozatu ahal izan zuten herriko gaztetxoenek.
Haietako askok, ordea, jolasteari utzi eta buruhandien kalejira bertatik bertara ikustera joan ziren erdiguneko kaleetara. Goizeko ekitaldiak, azkenik, Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolako Bandaren kontzertuarekin bukatu ziren.
Arratsaldean, kirola nagusi
Herriko kirolzaleek gozatzeko moduko ekitaldi sorta izan zuten ikusgai arratsaldean. Lehenik eta behin (17:30etik aurrera), Lezoko IV. Herri Bira jokatu zen. Hamarnaka lagunek parte hartu zuten lasterketan, eta guztietan azkarrena Javier Eskudero oiartzuarra izan zen.
Atletismo proba jokatzen zen bitartean, idi-demak hasi ziren Goiko plazako probalekuan. Mihura, Darieta eta Olatzar baserrikoak izan ziren aurrez aurre, eta herritar asko elkartu ziren proba ikusi eta apostua egitera.
Kirola alde batera utzita, ordea, bestelako ekitaldirik ere izan zen atzo arratsaldean. Buruhandien eta Erraldoien bilkurak, esaterako, herritarren ikusmina piztu zuen. Lezoko, Iruñeko Alde Zaharreko eta Agoitzeko konpartsek parte hartu zuten bilkuran, eta Lezoko txistulari taldearen laguntzarekin, herriko kaleetan barrena ibili ziren.
Sagardo Egunean
festa lehertu zen
Sagardo Eguna hastearekin batera festa lehertu zen Lezoko Gurutze Santuaren Plazan. Herritarrez gain, eskualdeko eta inguruko herrietatik etorritako hainbat lagunek parte hartu zuten sagardo dastaketan.
Nolanahi ere, Sagardo Eguna ez zen giroa pizten lagundu zuen ekitaldi bakarra. Aitzol Barandiaran eta Aitor Sarriegi bertsolariek gidatutako bertso poteoak ere ederki lagundu zuen herritarren umore ona mantentzen, eta gaueko parrandarako bidea zabaltzen.
Hortik aurrera, jana, edana eta ondo pasatzeko gogoa izan ziren festetako protagonistak. 21:30ean afari pirata izan zen Goiko plazan; 23:00etan, Zozongo taldearen emanaldia; 00:00etan, Gaiteroen kalejira txikia eta Larrain Dantza; eta 01:00ean, azkenik, kontzertua.
Oraindik ere nekatu ez diren herritarrentzako beste hainbat ekitaldi izango dira gaur, mendekosteen azken egunean. Beraz, festaz gozatu!
egitaraua
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Kirola
itsas mendiren x. pala txapelketa
PASAIA, donibaneko kiroldegian - 2008-10-08
Ipuin kontalariak
Maite Frankoren ipuin kontaketa Donibaneko liburutegian
PASAIA, Donibanen - 2008-10-09
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.