
Asteburuan, Inspire Digital Culture taldeak antolatuta, Arte Digitalaren Lehen Topaketa ari dira egiten; ordenagailuaren baliabideak muturreraino eramanda grafikoz eta musikaz jositako lanak egiten dituzte
XXI. mendeko artea
Alain maya
Artea margolanekin, sorkuntza musikalekin, eskulturekin... lotu ohi dugu. Baina teknologia berriak nagusi diren garaiotan artearen beste ikuspegi bat sortu da: arte digitala.
Ostiral arratsaldean hasi, eta 48 orduz Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako Estatuko 40 artista bildu dira Errenteria-Oreretako Jose Luis Caso aretoan. Inspire Digital Culturek, Errenteriako Udalarekin elkarlanean lehenengoz antolatu du Inspire Arte Digitalaren Topaketa.
Ordenagailua da XXI. mendeko artista hauen lanabesa. Honen baliabideak muturreraino erabiltzen dituzte grafiko, irudi eta musikazko bideoklipak sortzeko. Ez da horren erraza, ordea. Horretarako, erabiltzaileek sortutako tresna informatikoak erabiltzen dituzte, merkatuko tresna komertzialak alboratuta. Hala, «pisu» arinagoa lortzen dute, hau da, dokumentuaren informazio kopurua arindu.
Astetako lana du horrek. Errenteria-Oreretara lanaren hezurdura eginarekin etorri dira guztiak, topaketetan azken ukituak emateko. «Oro har, taldeka egin ohi dugu lana. Musikaz arduratzen gara batzuk, irudiez besteak. Lan izugarria da», azaldu du Urko Alberdi Inspire taldeko kideak.
25 urteko disziplina
Ez da berria arte mota hau, nahiz eta azken urtetan eman duen aurrerapausorik handiena. «Duela 25 urte inguru sortu zen disziplina hau. Garai hartako makinekin, ordea, oso zaila zen gauza interesgarriak egitea; gaur egungo aurrerapenekin, berriz, maisulanak egin daitezke», azaldu du Alberdik.
Arte digitalaren inguruan hainbat ekintza egin dira topagunean. Lan onena saritzeko txapelketa izan da azpimarragarriena. «Hala ere, sarien bila baino, jendea ikastera eta gozatzera dator», azaldu du Alberdik. Horretarako hitzaldi ezberdinak izan dira entzungai 48 ordu hauetan; bi eta hiru dimentsioen ingurukoak, musikaren sorkuntzaren ingurukoak, etab. Kontzertuak ere egin dira.
«Ondo atera da»
Gustura daude Inspireko kideak, eta datozen urteetan topaketa egonkortzea eta hedatzea nahiko lukete. «Udalak apostu garrantzitsua egin du, esperimentu bat izan da. Ondo atera delakoan gaude, eta datorren urtean berriz hemen egotea espero dugu», azaldu du Albedik.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Inude eta artzainen desfileko jantziak jasotzea
Lezo, Murixkaren lokalean - 2008-09-01
Bertsolaritza
bertso afaria
OARSOALDEA, Trintxer Elkartean, Trintxerpen - 2008-09-12
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.