
Nabalaldeako alokairuzko parkinetarako izena emateko aukera, hilaren bukaeran
Donibane
Donibane kalean eta Bonantza pasealekuan bizi direnek izango dute lehentasuna parkinak emateko orduan
urko etxebeste
Nabalaldeako zerbitzu eraikinean 93 aparkaleku kudeatuko ditu Pasaiako Udalak. Horietatik 90 aparkaleku arruntak izango dira, eta beste hiru, berriz, herritar ezinduentzat. Alokairuzkoak izango dira aparkalekuak, eta hasteko, urteko kontratua egingo diete aparkalekuak jasoko dituztenei. Hauetan izena emateko aukera maiatzaren bukaera aldean hasiko dela jakinarazi dute Pasaiako Udaletik. Publiko egingo dute noiz hasiko den epe hori.
Izena emango duten guztien artean, parkin plazak ematerako orduan lehentasuna izango dute Donibane kalean eta Bonantza pasealekuan bizi direnek. Zonalde honetako bizilagunen eskaerak 93 plazak betetzeko adinakoak izango ez balira, gainontzeko sanjuandarren artean banatuko lirateke soberan dauden tokiak. Eta horrela ere aparkalekuren bat hutsa geldituko balitz, Nabalaldeako enpresetako langileen artean banatuko lirateke tokiak.
Lehentasunen neurria arrazoitzeko argudio hau eman du Iñaki Garmendia Donibaneko alkateordeak: «Bizkaia aldeko parkinean tokia galduko da, bertan parkea egingo delako. Beraz, hor autoa uzten dutenak, gehienak, Donibane kalean eta Bonantza aldean bizi direnez, Nabalaldeako aparkalekuan haiek dute lehentasuna».
72 euro hilabeteko
Pasaiako Udaletik jakitera eman dutenez, aparkalekua egokituko zaienek hilabetero 72 euro ordaindu beharko dituzte. Esan bezala, hasiera batean, urtebeteko kontratuak egingo zaizkie aparkaleku hartzaileei.
Udalak kudeatuko dituen aparkalekuak Nabalaldeako zerbitzu eraikinean daude. Eraikin horretako, beheko solairuan, itsasoarekin eta ontzigintzarekin zerikusia duten denda eta bestelako zerbitzu-azpiegiturak jartzeko asmoa dago. Lehen solairuan, berriz, Nabalaldeako enpresa ezberdinetan izango diren langileentzako parkina egokituko da, 120 bat autorentzat. Bigarren solairuan kokatuko dira Udalak kudeatuko dituen alokairuzko aparkalekuak. Azkenik, eraikinaren goialdean Pasaiako badiara bistak dituen terraza jarriko da.
Nabalaldeako alokairuzko aparkalekuetan tokia izateko, derrigor, izena ematen dutenek ez dute aurretik garaje plazarik izan behar.
Bilera informatiboa
Alokairuzko aparkaleku hauen inguruko informazioa herritarrei zabaltzeko batzarra deitu zuen Udalak joan den asteko ostegunean, Donibaneko zinean. Bertara 75 bat sanjuandar agertu ziren egitasmoaren nondik norakoak ezagutzeko. Pasaiako Udalaren partetik Maider Ziganda alkatea eta Iñaki Garmendia Donibaneko alkateordea izan ziren informazioa ematen. Oarsoaldea Industrialdearen izenean (Nabalaldea kudeatzen duen elkartea) Angel Aramendi izan zen. Hiru hauekin batera Nabaldeako arduraduna izan zen.
Aparkalekuen inguruko informazioa emateaz gain, Nabalaldea bere osotasunean ekainaren 24ean bukatua izango dela jakitera eman duten Oarsoaldea Industrialdeak-eko iturriek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ipuin kontalariak
Maite Frankoren ipuin kontaketa Donibaneko liburutegian
PASAIA, Donibanen - 2008-10-09
Ikastaroak
TELP ikastaroa
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2008-10-11
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.