Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko urriak 14, Asteartea

Harpidetu zaitez!

Eusko Ikaskuntzak Udalarekin bat egin du Elias Salaberria memoriala bultzatzeko

Kultura

Horretarako Udalak eta Eusko Ikaskuntzak hitzarmena sinatu dute, memorialaren nondik norakoak ikertzeko

urko etxebeste

Lezoko Udalak eta Eusko Ikaskuntzak hitzarmena sinatu dute, besteak beste, Elias Salaberria memoriala pintura lehiaketaren nondik norakoak ikertzeko, memoriala bera indartzeko saiakeran. Beka baten bitartez aurrera eramango da ikerketa hori, 4.500 euroko aurrekontuarekin. Beka hori nork jasoko duen aurki jakingo da, eta lau hilabeteko epea izango du hautatuak Elias Salaberria memoriala pintura lehiaketaren nondik norakoak ikertzeko.

Izan ere, Lezoko Udalak eta Eusko Ikaskuntzak beka eskuratzeko prozedura apirilean jarri zuten abian, eta hilaren 5ean bukatu zen egitasmoak aurkezteko epea. Bekaren bitartez memorialaren ikerketa egingo duenak, 1968an hasi eta 2001ean eten zen memorialean sarituak izan diren lanen katalogazioa egin beharko du, beste hainbat xehetasun kontuan hartzeaz gain.

Besteak beste, Elias Salaberria memoriala ikertzeko, eta aurrerantzean berriz ere abian jar dadin bultzatzeko hitzarmena atzo sinatu zuten Lezoko Udalak eta Eusko Ikaskuntzak. Lezoko Udalaren partetik Haritz Salaberria alkatea eta Jon Legorburu Kultura zinegotzia izan ziren; Eusko Ikaskuntzaren ordezkari Teresa del Valle Eusko Ikaskuntzaren Gipuzkoako lehendakariordea izan zen. Elias Salaberriaren birbiloba Urkiri Salaberriak ere parte hartu zuen sinaketa ekitaldian.

Eusko Ikaskuntzaren lana

Eusko Ikaskuntzaren helburua da Euskal Herria maite eta bere nortasuna sendotzeko gogoa duten pertsona eta erakunde guztiak biltzea, xede horretarako baliabide ezberdinak erabiliz. Ildo horretan, kulturan sakontzea beharrezko baldintzatzat hartzen dute. Hala, Euskal Herriaren nortasun kolektiboa moldatu duten iraganeko eta egungo egitura fisiko, kultural edo ekonomikoak ikertzera eta aztertzera ez da bakarrik mugatzen Eusko Ikaskuntzaren lana: arlo hauek aztertzera, eta beraiei buruzko ezagupenak zabaltzeko lana egitea da haien helburua.

Elias Salaberria memorialaren inguruko azterketa eta zabalpen lana, beraz, Lezoko Udalaren nahiarekin eta Eusko Ikaskuntzaren eginkizunekin bat dator.

Hitzarmenaren xehetasunak

Lezoko Udalaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko hitzarmena ez da mugatuko soilik Elias Salaberria memorialaren inguruko lanketa egitera. Hala, azken hau oinarri garrantzitsuena izanik, hitzarmenaren ondorioz Eusko Ikaskuntzaren publikapenen bilduma osoa jasoko du Lezoko Udalak, doan. 420 liburuko bilduma da, 4.000 eurotan baloratua. Horrez gain, Eusko Ikaskuntzak urtero publikatuko dituen lanak jasoko ditu Udalak, eta antolatzen dituzten kongresu, jardunaldi eta ikastaroetan Lezoko Udalak pertsona bat bidali ahal izango du.

Gainera, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz fundazioak antolatzen dituen ikastaroetan lezoar guztiek matrikulan %25eko deskontua izango dute.

Zerbitzu horiek jasotzeko, Lezoko Udala Eusko Ikaskuntzaren Bazkide Ongile bihurtu da.

«Garrantzitsua»

Sinadura ekitaldian parte hartu zuten guztiek bi aldeen arteko akordioaren garrantzia azpimarratu zuten. Lezoko alkate Haritz Salaberriak eskertu egin zuen Eusko Ikaskuntzaren saiakera Elias Salaberria memoriala indartzeko, eta Eusko Ikaskuntzaren «prestigioa, izen ona, eta seriotasuna» azpimarratu zituen. Teresa del Valle Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehendakariordearen esanetan, «Lezotik sorturtako interes zehatz hau lagunduko eta babestuko» dute, «eta ziur naiz aurrerantzean emaitza onak emango dituela».

Bestalde, Urkiri Salaberriak, Elias Salaberriaren birbilobak, esan zuen «akordio honekin Elias Salaberria memorialari sustrai berriak jarri» zaizkiola, «oinarri sendo bat ezarriz. Eusko Ikaskuntza honetarako oso aproposa da, oso gizarteratua dagoelako, horrelako erakunde handiek dauzkaten ezaugarriekin».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa