Ordozelairen eta Lopezen alde ekimenak egingo dituzte
Presoak Atzo, 22 urte bete zituzten bi presoek espetxean; senideek eta lagunek euren egoera salatu dute
GOIATZ LABANDIBAR
«22 urte hondartzara joan gabe, xanistebanak gozatu gabe, santomasak ospatu gabe...». Horixe irakur daiteke herrian zehar jarritako karteletan. Izan ere, atzo bete ziren 22 urte Ander Errandonea
Ordoxelai eta Estanix Lopez atxilotu eta kartzelaratu zituztela.
Bi presoen senideek eta herriko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak «urteurrena gogoratu eta salatu» nahi dute. Horregatik, aste honetan hainbat ekimen prestatu dituzte.
«Aski da»
«22 urtean, senideak astebururo-astebururo bizia arriskuan jarri dute eurekin egoteko», esan zuten senideek eta bildutako herritarrek.
«Biek jasaten duten egoeraren aurrean
aski da esan nahi dugu», erantsi zuten. Espetxeetako bizi baldintzek «okerrera» egin dutela salatu zuten.
Atzo, omenaldiak etxe aurrean
Lehena, atzo bertan egin zuten. Errandonea eta Lopez atxilotu zituzten egunean, hain zuzen ere. Bien etxeen aurrean, Ergoienen eta Ugaldetxon, omenaldiak egin zizkieten.
Herritarrei «ekimenetan parte hartzeko» deia luzatu diete, «gurekin batera, Anderren eta Estanixen aldeko borrokan parte hartzera etxera ekarri arte».
Parot doktrina ezarri nahi dietela salatu dute
Senideek eta herriko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu dute «bizitza osoko espetxe zigorra ezarri nahi» dietela biei. 2001ean bete zituzten kondenaren hiru laurdenak, «eta legeak hala diolako, kalean behar lukete». Orain, Parot doktrina ezarri nahi dietela salatu dute.
Gaur egun, Errandonea Herrera de la Manchako (Gaztela Mantxa) espetxean dago eta Lopez, Castellon.
«Lanean jarraituko dugu»
Era berean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako auzia ere salatu zuten bildutakoek.
«Epaiketa batek ez du Amnistiaren Aldeko Mugimenduarekin bukatuko. Preso eta iheslariak dauden bitartean, lanean jarraituko dugu».
ekimenak
Bihar. Kontzentrazio berezia Landetxen.
Hilak 23, ostirala. Kantu emanaldia herriko abeslariekin, 20:00etan, Kontzejupean.
Aste osoan zehar. Doneztebe plazan jarraitako txosna batean presoen bizi baldintzak irudikatuko dituzte.