«Kaleko bizitza kendu didate 22 urtetan, baina inoiz baino bizipoz handiagoa dut»
ander errandoneA 'ORDOZELAI' ð- Presoa
erredakzioa
Ander Errandoneak (Oiartzun, 1963) 22 urte bete ditu Espainiako Estatuko kartzeletan preso. Herrera de la Manchako espetxetik erantzun ditu galderak.
22 urte espetxean. Zer izan dira urte hauek guztiak zuretzat?
Duela 22 urte sentimendu hutsa nintzen. Ez nekien Euskal Herria zer zen ere, politikan murgildu gabeko familia batekoa bainaiz. Are gutxiago nekien zer ziren ETA, HB eta beste sigla-zopa politikoak. Baina banuen barnean kezka, mirespena, maitasuna... Ezagutzen ari nintzen mundu horrek erakartzen ninduen. 22 urte hauetan ezezaguna ezaguna bihurtu zait, eta dezepzio asko izan ditut. EAJz, EEz, PSOEz... ari naiz. Uste nuen bazirela zerbait euskaldunon askatasunaren alde, baina gauzak jakin ahala ohartu nintzen kolonizadore espainiarrak eta euskaldun kolonizatuak besterik ez direla azken batean, zapaltzaileak. Bestetik, gurtzea merezi duen jendea ezagutu dut. Euskaldun askok eman dute bizia Euskal Herriaren askatasunaren alde; dena eman dute eta dena ematen ari gara. Izaera ematen dute, eta horregatik naiz naizena: eusko gudaria. Pertsonalki gauza asko kendu dizkidate, kaleko bizimodu osoa. Baina inoiz baino pertsona osoagoa, aberatsagoa eta ilusionatuagoa sentitzen naiz: bizipozez betea.
Amnistiaren Aldeko Mugimendua (AAM) epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Beste injustizia politiko bat gehiago da. Juridikoki mozorrotutako faxismo hutsa. Euskal preso politikook barru-barruan sentitzen dugu lagun hauen aurkako zapalketa, AAM guk egiten dugu, eta kalean gizonezko eta emakumezko asko dabil gugatik dena emanez. Gatazka honetan ez gara gu bakarrak gudariak. Gudari anonimo asko dago. Egunotan Madrilen kondenatzen, eta ez epaitzen, ari diren gudari hauek jada ez dira anonimoak. Nire maitasuna, errespetua eta mirespena guztiei.
'Parot doktrina' aplikatzen ari dira preso politiko askori. Zuri ere aplikatu nahi dizute.
Parot legea presoon aurkako faxismoa da. Gure aurkako porrota islatzen du. Hamaika bider eta modura zigortu gaituzte, eta gure senideekin eta lagunekin batera, guztiak jasan ditugu, negar egiteraino, desesperatzeraino sufrituz. 22 urte hauetan egun bat ez dut izan hauen zitalkeria jasan gabe, askotan gu geu harritzen gara nola jasan dezakegun galdetuz. Parot legea aplikatu digutenean
eta hurrengoan zer, heriotza zigorra? galdetu dugu. Ez dugu etsiko askatasunaren bila, Txikik, Otaegik eta beste askok etsi ez zuten bezalaxe.
Oarsoaldean, gazteen kontrako sarekada egin zuen Espainiako Poliziak apirilean. Nola bizitu zenuen?
Gazteak nire heroiak dira. Gazterik gabe gureak ez du tutik ere balio, ez orain eta ez irabazten dugunean ere. Askori entzun izan diet:
gaurko gazteek ez ditek odolik eta txatxukeriak. Gazteek beti isilarazi dituzte etsaiak, aurre eginez. Hobeak izan daitezkela? Baita gu ere, eta gure arbasoak. Kontua da zapalduak ari direla izaten. Zergatik? EGIkoak ez dituzte atxilotu, torturatu eta espetxeratu. Suak erreko ditu Espainiako eta Frantziako kateak Euskal Herrian aske bizi gaitezen. Zahar eta gazte, gudariok, hau gurea da.
«Espetxean pairatzen dugun errepresioa kalean dagoenaren ispilu argiena da»
estanis lopez ð- Presoa
erredakzioa
Estanis Lopez (Oiartzun, 1967) Ordozelairekin batera atxilotu eta espetxeratu zuten. Castelloko espetxean dago gaur egun.
22 urte espetxean. Zer izan dira urte hauek guztiak zuretzat?
Bi hamarkada igaro dira maite dudan herria uztera behartu nindutenetik. Urte luze hauetan, euskal preso politikoon bizi baldintzak okertzen joan dira. 80ko hamarkada bukaeran dispertsio politikari ekin zioten; PSOEk EAJren laguntzarekin planifikatu eta garatu zuen, gu erabat txikitzeko asmoz. Ondorio lazgarriak ekarri ditu: kostu ekonomikoak, istripu larriak, erailketak... Helburu argiarekin planifikatutako politika krudela da. Nahiz eta etsaiak pentsaturiko onurak ez jaso, berean darrai. Euskal preso politikook hamaika borroka egin behar izan ditugu gure eskubideen defentsan: gose grebak, txapeoak, planteak... Espainiako eta Frantziako Estatuetako gobernariak gure bizi baldintzen aurka pauso kualitatiboak ematen joan dira, helburu bakarrarekin: gu pertsona bezala suntsitzea eta usteltzea. Adibide asko eman daitezke. Egun, 13 euskal preso politikok gaixotasun larri eta sendaezinak dituzte. Beraien legeari muzin eginez, kaleratze eskubidea ukatzen diete. Eguneroko bizitzan ere makina bat traba jartzen diete tratamentuekin jarraitzeko.
Amnistiaren Aldeko Mugimendua epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Espetxean pairatzen dugun errepresioa kalean dagoenaren ispilu argiena da. Azken urte hauetan hamaika operazio eta prozedura judizial-polizial ezagutu ditugu, 18/98, euskal gazteriaren kontrakoak, irrati eta egunkarien itxierak, Udalbiltza eta Batasuna... Eremu judizialean garaturiko erasoak borroka antiterroristaren aitzakiapean. Estatu zanpatzaileen inpunitatea bilatzeko, presoen inguruan sortzen den elkartasun politiko eta soziala ezabatzea dute helburu.
'Parot doktrina' aplikatzen ari dira preso politiko askori. Zuri ere aplikatu nahi dizute.
Bi estatuek gure aurka beste errepresio fase bat abiatu dute: bizi osorako kondenak aplikatuz, Espainiako Auzitegi Gorenaren doktrina berriarekin kalean egon beharko luketen lagunak espetxean mantentzen dituzte bahiturik... Kode penal berriak zigorren handitzea eta luzatzea ekarriko du, biziarteko espetxe zigorra indarrean jarri dute. Hau guztia demokraziaren eta etikaren izenean, noski, Euskal Herriko agintari politiko gehienek beste alde batera begiratzen dute lotsarik gabe. Jakin badakite bidean lagunak geldituko direla biziarteko espetxea jarri digutelako.
Oarsoaldean, gazteen kontrako sarekada egin zuen Espainiako Poliziak apirilean. Nola bizitu zenuen?
Demokraziaren eta bakearen izenean gauez, ezkutuan, gure etxeetan maite ditugun gazteak atxilotzen eta inkomunikaturik torturatzen, duela 40 urte bezala. Muntai polizial hauek helburu argia dute: gazte mugimendua kriminalizatu nahia. Ez dute deus ikasi, errepresioarekin ez baitute lortuko. Herri honek argi dauka lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubideak bermatzen ez diren bitartean lanean jarraitu behar duela, Euskal Herria baitugu irabazteko. Eskualdeko eta herriko gazte mugimenduari nire besarkada goxoenak, bereziki azken muntaia polizialaren atxilotuei eta ihes egin behar izan dutenei.