
Reyes Karrere eta Maria Jesus Fonbellida omenduko dituzte madalenetan
Udala
Alderdi guztien baiezko botoarekin onartu zuen atzo Udalbatzak herriko bi emakuzmekoak madalenetan omentzea
jon gonzalo
Reyes Karrere eskubaloi entrenatzailea eta Maria Jesus Fonbellida Tatus sukaldaria omenduko dituzte aurtengo madalenetan. Halaxe erabaki zuen atzo Errenteriako Udalbatzak maiatzeko Ohiko Osoko Bilkuran. Udalbatzako alderdi guztiek eman zuten baiezko botoa.
«Biek ala biek garaipen handiak lortu dituzte haien zereginetan, eta herriaren esker ona merezi dutela uste dugu», azpimarratu zuen Juan Carlos Merino alkateak.
EAE-ANV alderdiak, halaber, bestelako proposamen bat egin zuen. «Aukeratutako bi emakumezkoak omentzea oso ondo iruditzen zaigu, baina guk Inaxito Albisuren izena proposatu genuela gogoratu nahi dugu. Inaxitok ere herriaren omenaldia merezi du», azaldu zuen Agus Canok.
Maite Peña EAJko zinegotziak eta Udal Gobertu Taldeko kideak erantzun zion: «Inaxito Albisu aukeratu genezakeen arren, Karrere eta Fonbellidaren aldeko hautua egin dugu, biek ala biek antzeko ezaugarri bat dutelako: lan handia egin dute Errenteriako izena hemendik kanpo ezagutarazteko».
Ibilbide arrakastatsuak
Reyes Karrerek makina bat garaipen lortu ditu bere kirol ibilbidean. Jokalari eta entrenatzaile lanetan aritu da, eta Donostiako Bera-Bera taldea eskubaloiaren maila gorenera eraman du.
Maria Jesus Fonbellida Tatus sukaldaria, berriz, euskal sukaldaritzaren ikur nagusietako bat da. Errenteria-Oreretako Panier Fleurin hasi zuen bere ibilbidea, eta Donostiako Panierren eman zion jarraipena. Herritik abiatuta, euskal sukaldaritza munduan zehar ezaguna egiten lagundu du.
Olibet eta Etxe Berrietako lanen luzapena
Atzoko Ohiko Osoko Bilkuran onarturiko beste gai bat Olibet eta Etxe Berriak auzoetan egiten ari diren lanen luzapena izan zen. Lanak luzatzeko proposamena onartu zuen Udalbatzak. EAE-ANV abstenitu egin zen eta gainontzeko alderdi guztiek baiezko botoa eman zuten. Beraz, gehiengo osoz onartu zuten proposamena. Bilkurako azken puntuan, berriz, Udalaren Ondare eta Eskubideen Inbentarioa berrestea onartu zuen Udalbatzak, gehiengo osoz.
Galderen eta eskarien tartean, azkenik, Nafarroa Etorbideko bizilagun batek Niessengo merkataritza gunearen teilatuan jarri behar duten antenarengatik galdetu zion Udal Gobernu Taldeari. Antena horren kokapenak «kezka» sortu du bizilagunen artean. «Ez diguzue antenari buruzko informaziorik eman, eta ez dituzue kaltetu guztiak ohartarazi. Antenari buruzko kokapenaren oharra soto batzuetan bakarrik jarri duzue, ez guztietan».
Juan Carlos Merino alkateak «jakinaren gainean» daudela erantzun zion: «Badakigu antenaren kokapenak kezka sortu duela, baina lasai egon zaitezte. Legearen barruan jokatu dugu, eta antenak ez du inolako arriskurik sortuko».
Bide batez, Nafarroako Etorbidea eta Olibet auzoa lotzen dituen egurrezko zubira iristeko oinezkoentzako pasabide bat eraikiko dutela jakinarazi zuen Errenteriako alkateak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Hitzaldia
Hiesari buruzko hitzaldia
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-11-20
Musika
Santa Zeziliako kontzertua
OIARTZUN, Aialde kalea eta Doneztebe plaza - 2008-11-21
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.