Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko azaroak 19, Asteazkena

Harpidetu zaitez!

zarata dotorea

Errenteria-Orereta

Gutxi dira klakearen berri dutenak; haatik, herrian dantza honetan trebatzeko aukera dago, baita hondar gainean ere

olaia gil sanchez

Tapata-tapata-tapata... Zapata txapadunen hotsa. New Yorkeko agertoki baten aurrean egotea litzateke arruntena, edo film amerikar bateko dantzariei, belarri fin eta arretaz, begira. Ez da hain urrutira joan behar, ordea, klakeaz gozatzeko. Errenteria-Oreretan, Larraitz Ugartemendia adin guztietako ehun ikasle ingururi (6 urtetik hasita 50 urtera arte) klakearekiko zaletasuna kutsatzen saiatzen da, eta dioenez, «probatzen dutenek ez dute uzten».

Ainhoa Arregi eta Itsaso Urzelaieta horren erakusgarri dira. Eurak zazpi eta hamairu urte daramatzate, hurrenez hurren, klakea dantzatzen. Metalezko bi txapa dituzten larruzko zapatak janzten dituzte pare bat orduz astean behin. Nolanahi ere, ezin esan daiteke hau Euskal Herrian errotuta dagoen dantza mota denik. Oso gutxi dira haren berri dutenak. Eta horregatik, 17 eta 22 urteko bi gazteek onartzen dutenez, dantzan jardun duten urteetan klakearen inguruan hamaika azalpen eman behar izan dituzte; «Inguruko jendeak zer den galdetzen dizu, batzuek ez dute sekula ikusi».

Klakearen gorabeherak

Ugartemendiak gidatutako ikastaroak abian jarri zirenetik hamalau urte pasatu dira. Lehen ikastaro hartan, bi lagunek besterik ez zuten izena eman, eta ezjakintasun handia zegoen dantzaren inguruan; «batzuek, zapateadoa dela eta, flamenkoarekin nahasten zuten», dio irakasleak. Ordutik hona, bere ikastaroetatik pasatu den ikasle kopurua areagotuz joan da. Oso ondo aritzea lortu dutenak ere izan dira, nahiz eta askok lana edo ikasketak direla-eta dantza alboratu behar izan duten.

Egun, Ugartemendiaren talde aurreratueneko partaideek ere oso maila ona dute. Arregi eta Urzelaieta talde horretako kide dira. Bien ustez, klakearen gakoa, hein handi batean, koordinazioa da, eta bat datoz musikarik gabe egindako dantzak gustukoen dituztenak direla. «Taldekide guztiek batera dantzatzen badugu, pauso guztiak ondo markatuz, soinua oso garbia da, eta zapaten berezko hotsa entzun daiteke», azaldu du Urzelaietak. Beste muturrean, hain gustuko ez dituzten eta buruhausteak sortzen dizkieten «inprobisazioak» leudeke.

Ikasturte bukaerara begira, ikasleek koreografia propioak asmatu behar izaten dituzte. Arregiren eta Urzelaietaren ustez, «zenbat eta denbora gehiagoz eskolan aritu, horiek sortzeko erraztasuna geroz eta handiagoa da». Hori dela eta, esperientzia gutxiago dutenek dantzak asmatzeko «denbora gehiago» behar izatea ulertzekoa da.

Gaztetxoenen kasuan, irakaslea bera da koreografia horiek asmatzeko arduraduna. Ikasleek gaia aukeratzen parte hartzen dute, eta, pixkanaka, etxeko txokoetan miatuz eta lagun eta senideen laguntzaz, egun handian jantziko duten arropa biltzen dute. Hala, esaterako, 12 urte inguruko ikasleen entseguan, Adams familia-ri buruzko dantzaren prestaketa ikusi -eta entzun- daiteke. Familia berezi horren filmaren musika entzuten den bitartean, Ugartemendiak «haserre aurpegia jarriz» munstroen itxura hartu behar dutela esaten die ikasleei. «Eta zergatik gaude haserre», galdetzen dio ikasle batek. Ostean, Frankestein izango balira bezala eta besoak luzatuta, dantzarekin jarraitzen dute. Ondo pasatzen ari direla nabaria da zapata hotsa eta irriak nagusitu baitira gelan. Eta hain zuzen ere, oholtza gainean dantzatzeko uneoro irribarrea aurpegian izatea da garrantzizkoena.

Arregi eta Urzelaietak ondo ikasia daukate; «gehiago transmititzeko» helburuarekin horixe eskatzen baitie, behin eta berriz, Ugartemendia irakasleak. Zaila da, alabaina, tentsio momentuetan irribarre egitea. Eta hauxe aitortu du Arregik kezka apur batekin: «kosta egiten zaizu guztiz kontzentratuta zaudelako». Eta Urzelaietak beste hau gaineratu du, «jende aurrean zaude, pausoak ondo ateratzea nahi duzu, eta, nahigabe, ahaztu egiten zaizu irribarre egitea».

Hondar gainean

Klake teknika oso zahar baten lehen urratsak egiteko aukera ere izan du ikasle talde aurreratuenak; hondarrean. Teknika praktikatzeko, lurra oihal batekin estaltzen dute, hondarra gelan gehiegi zabal ez dadin, eta gainean egurrezko xafla finak jartzen dituzte. Jarraian, hondar berezia botatzen dute, ohikoak baino gehiago irristatzen duena, eta larruzko zapatak jantzita (oraingoan txaparik gabeak) dantzatzeari ekiten diote.

Emaitza: soinu samurragoa. Nahiz eta hondarrarengatik espero litekeen baino ozenagoa den. Musika jarri nahi bada, komenigarria da instrumentu leunak aukeratzea, hondarrak sortzen duen hotsa isilduta gera ez dadin. Klake eginez urte batzuk behar dira teknika hori menperatzeko. Hori dela eta, ikasle gazteenek irrikaz itxaroten dute hondar gainean arituko diren lehen eguna. Horretan arituko direla jakiten badute, batek baino gehiagok eskatzen dio irakasleari gelan ikusle gisa egon ahal izateko baimena. Arregik eta Urzelaietak pozik hitz egiten dute klakearen senide honetaz. Oinak hondarrez betetako lurrean irristatuz oso gustura aritzen direla diote, eta teknika «ezberdina» izateaz gain «lasaigarria» ere badela diote.

Bi gazteek aurrera begira klakearekin jarraitzea pentsatzen dute, eta ez dute baztertzen etorkizunean dantza berezi honekin harremana duen zerbaitetan lanean aritzeko aukera. Arregik azaltzen duenez, «dantzatzean kontzentratu egiten naiz, arazo guztietatik ihes egiten dut; eta ez dut sentipen hori galdu nahi».

Berarentzat dantzak duen garrantziaz mintzatzen da Urzelaieta; «dantza beti egon da nire bizitzan, nire parte da, eta aurrerantzean ez dut bizitza dantza gabe imajinatzen».

Xafol-k

Joan den hilabetean, Ugartemendiak eta bere klake talde aurreratueneko kideek ilusioz jositako ekimena jarri zuten abian. Hain zuzen, Xafol-k deitutako klake taldea osatu dute. Izen bitxiak shuffle klake pausoaren euskarazko ahoskera irudikatzen du, eta k hizkiak, berriz, pausoka, saltoka... hitzetan bezala atzizki funtzioa betetzen du. Hala, neskak, gogotsu eta xafolka ikusi ahal izango ditugu agertokian.

Ikasle gazteenei klakearekin nolabaiteko etorkizuna badela erakutsi nahi diete, baina, batez ere, talde berri honekin, dantzatzeko eta egindako lana erakusteko beharrari erantzungo diote. «Ez da handinahikeria, asko gozatzen dugu dantzan, eta eskolan egindakoa erakusteko nolabaiteko agertokietan aritzeko gogoa daukagu», dio irakasleak. Dantza urteen eskarmentuaren ondorioz, argi du zein den ikusleengana heltzeko sekretua. «Guk gozatzen badugu, ikusleek ere gozatuko dute».

 

«Ezkutuan joaten nintzen klake eskoletara»

larraitz ugartemendia ð- Klake irakaslea

Errenteria-Orereta

Dantza klasiko eta klake irakaslea da Larraitz Ugartemendia, eta bizia dantzari eskaini dio

olaia gil sanchez



Zortzi urte besterik ez zuela liluratu zuen klakeak. Ordutik hona, ez du dantza mota berezi horrekiko harremana galdu. Bizia dantzari eskaini dio; goiz hasi zen, 22 urterekin hasi zen irakasle lanetan eta azken 14 urteak horretan pasatu ditu. Dantza klasikoko irakaslea ere bada, baina ezin ezkuta dezake txapadun zapatak jantzita musika sortzea duela begikoen. Gustura dago egiten duenarekin.

Noiz eta nola jarri zinen lehenengoz klakearekin harremanetan?

Zortzi urte nituenean izan zen, Oiartzunen. Gabonetan eta Aste Santuan ikastaroak ematera etortzen ziren. Nik asteburu batean probatu nuen, eta harrapatu egin ninduen. Dantzatzea asko gustatzen zitzaidan, baina klakearekin ez dakit zer gertatu zitzaidan.Taldetxo bat elkartu ginen, eta ni nintzen gazteena. Larunbatero biltzen ginen gure kabuz, irakaslerik gabe, ikasitakoa praktikatzeko.

Zein bide jarraitu zenuen ondoren?

Oreretako Ereintza elkartean hasi nintzen euskal dantzak eta dantza klasikoa ikasten. Dantza ikasketak klasikotik bideratu nituen, eta Madrilera joan nintzen, Carmen Rocheren eskolara. Lau urtez ikasi nuen bertan. Bien bitartean, ezkutuan joaten nintzen klake eskoletara.

Ez al zegoen klasikoa bezain ondo ikusia, ala?

Klasikoa karrera bat da, eta badaukazu hortik nora jo, baina klakearekin ez. Amak klakea egitea onartu zidan gerora, baina etxean garrantzi gutxiago ematen zioten. Klakean nota onak ateratzea ez zuten hainbeste estimatzen, baina niri hau gustatzen zitzaidan.

Hortaz, nahiago duzu klakea klasikoa baino.

Bai; klasikoa oso gogorra da. Klakeak ere denbora eta prestakuntza handia eskatzen dizkizu, baina oso dantza estilo ezberdinak dira. Klakea alaiagoa da eta nik uste eskertuagoa ere badela. Dena den, klasikoa edozein dantza estilo egiteko gomendatuko nuke. Ematen dizun oinarria oso ona da; gorputzak eduki beharreko jarrera erakusten dizu, akatsak zuzentzen, behar bezala mugitzen.º

Zein da klakea dantzatzeko musikarik egokiena?

Historikoki jazzarekin dantzatu izan da eta ni ikasleei hori erakusten saiatzen naiz. Dena den, edozerekin dantza daiteke. Gaur egun perkusioarekin ere egiten da maiz, musika modernoarekin ere egin daiteke; zuk aukeratzen duzu.

Nondik datoz dantzatu ohi diren pausoak?

Koreografia estandar batzuk daude Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) egin eta patentatu zirenak. Klakeko dantzari mitikoen izenak daramatzate, eurak sortuak eta euren omenezkoak baitira. Egokiak dira ikasleei erakusteko, eta Bartzelonan ikas daitezke. Ni udan joaten naiz, eta urtean behin bertako irakasle bat ekartzen dugu. Horrela funtzionatzen dute eskola gehienetan, Bartzelonan oso maila ona baitago.

Zer behar da klake dantzari ona izateko?

Gogo handia. Dantzatzea oso sakrifikatua da; fisikoki asko eskatzen diozu gorputzari eta ordu asko behar dira entseguetarako. Noski, dantzako prestakuntza baduzu, oraindik hobeto, eta erritmoa ere behar da, baina, lehengo gauza gogoa da.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

deialdiak

Mendibururi buruzko erakusketa
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-11-21

antzerkia

'Enkantatua' antzezlana
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-11-22

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa