
juAn ramon makuso ð- Filosofoa
«Gizakiok ziurtzat jotzen dugu gero ere egongo garela»
Filosofia
'Oraina galdua' liburua argitaratu berri du Juan Ramon Makusok; idatzi duena «filosofiako liburu klasiko bat baino gehiago» dela azpimarratu du
goiAtz labandibar
Juan Ramon Makusok (Errenteria-Orereta, 1961) Oraina galdua liburua argitaratu du Erein argitaletxearekin. Filosofiara hurbildu da bakarkako bere hirugarren liburuan.
Unearen garrantzia aldarrikatzen duzu Oraina galduan. 'Carpe diem'-aren defentsan idatzitako liburua al da?
Ez. Carpe diem-aren inguruan bakarrik momentuaren gozamena aldarrikatzen da. Nik aldarrikatzen dudana bizitzen ari naizen unea da. Carpe diem faltsu bat eraikitzen da huts-hutsean Carpe diema aldarrikatzen denean. Zorionak bai baitu berarekin ezbeharra.
Gizakiok jainko izan nahi dugula diozu. Zertan oinarrituta?
Denborarekin eta etorkizunarekin lotuta esaten dut hori. Niretzako momentu eternoa, bizitzen ari naizena da. Ziurtzat jotzen dugu gero ere egongo garela. Eta ez dago gure esku. Gizakiaren historian konstantea da hau. Udan oporretara joan behar duen galdetuta norbaiti, erantzungo dizu, pentsatuz beteko duela.
Zoriona, egotekotan, eskuartean daukaguna dela ere esan duzu. Bai al dago zorionik?
Momentuaren, errealitatearen jabetza hartzen dugun heinean, gure aukeren arabera gustukoa, horrela definitu nahi badugu zoriona... Absurdoa da zoriontsuak garela esatea. Eskuartean daukazunarekin gustura egotea da. Topikoa da, baina hori da askotan.
Saiakera poetiko-literario-filosofikoa da Oraina galdua. Poesiako sustraiak mantentzen dituzu?
Pentsamendu narratua den heinean, filosofiako liburu klasikoa baino gehiago da. Esaten didate nire poesiak asko duela filosofiatik. Liburuan, nire baitan dagoen giro poetikoa agertzen da. Hitzak bilatzen ditugu ustezko errealitatea ahalik eta era garbienean esateko. Badakit zaila dela. Agian, gardentasun egokiena isiltasuna da. Poetak egin behar du ariketa zail hori, hitza eta isiltasunaren artean oreka bilatzea. Liburuan, isiltasuna irakurleak gogoetarako egindako hurbilketa litzateke. Zaila da, baina beharrezkoa. Nik gizaki izan nahi dut, eta ezaugarrietako bat pentsamendua da. Descartesek zioen moduan, filosofo faltsuak ginateke gure bizitzan zalantza behin bederen egingo ez bagenu.
Liburuari egitura argia ematen saiatu zara.
Lau atal ditu liburuak. Lehenengoa sarrera poetikoa da. Bigarrena, solasaldi filosofikoa, lagunarteko solasaldi pedagogikoa. Gizakiak eduki ditzakeen kezkak agertzen ditu. Gizakia, izan ere, kezka da. Helburu xumea pentsamenduaren ariketa egitea da. Aristotelesek zioen moduan, gizakiak izatez jakin nahi du. Egunero begiak zabaldu, leihoak zabaldu eta begiratu egiten dut , ea zerbait antzematen dudan.
Zerbait erakutsi nahi du liburuak?
Asmoa ez da inori lezioak ematea, ez dago jarrera moralizanterik. Norberak egin behar ditu bere aukerak. Irakurleak pentsamenduaren inguruko ariketa egin badezake, ni oso pozik geldituko naiz.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Kirola
itsas mendiren x. pala txapelketa
PASAIA, donibaneko pilotalekuan - 2008-11-19
Musika
Santa Zezilia eguna
OIARTZUN, Doneztebe plazatik abiatuta - 2008-11-22
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.