
PSE-EEk eta EAJk adostutako mozioa aurrera atera zen PPren babesarekin; EAE-ANVk aurkeztutakoak ez zuen babesik lortu; udalbatzarraren bukaeran istiluak izan ziren
Estreinaldirako, tentsioa nagusi
olatz mitxelena
Txiki geratu zen pleno aretoa estreinaldian. Ez ohikoa izan zen Arizabalon herenegun egin zen udalbatzarra, udaletxe berriko lehena. Gai ordenean puntu bakarra eta bi mozio eztabaidarako; PSE-EEk eta PNV-EAJk adostutako mozio etikoa batetik, eta EAE-ANVk aurkeztutakoa bestetik.
Ikusmina, kezka edo haserreak bultzatuta, pleno aretoak ez zuen ematen herenegungo udalbatzarrera joandako herritar guztiak hartzeko. Komunikabideen presentzia ez ohikoa zen baita ere, kamara eta argazkilari ugari. Herritarrak aretora ezin sarturik, eta udaletxearen behealdean , Ertzaintza.
Plenora joandakoen artean, gehiengoa, ezker abertzaleko kideak, Salbuespen egoerari Stop, Euskal Herriak autodeterminazioa aldarriak eskuan zituztela.
Euskal Herriarentzako konponbide demokratikoa eskatzen zuen pankarta ikus zitekeen baita ere pleno aretoan, eta tentsioa lehen unetik igerri zen.
Idazkariaren txostena eta bozketaren hurrenkeraz
Bozketen aurreko eztabaida hasi baino lehen, udal idazkariak mozio etikoa-ren inguruan egindako txostena izan zuten hizpide. Idazkariaren txostenaren arabera, mozioak «eskakizun» bat planteatzen zuen, eta eskakizuna zen heinean, ezin zela bozkatu iritzi zion.
PSE-EEk, horren aurrean, bi eskakizun egin zituen: EAE-ANVren mozioa beraienaren aurretik bozkatzeko eskatu zuten lehenik; Maider Ziganda alkateak onartu egin zuen eskaera.
Ondoren, idazkariaren txostenaren aurrean zein jarrera hartuko zuen argitzeko eskatu zion PSE-EEko Izaskun Gomezek alkateari. Zigandak, idazkariaren txostena «koherentetzat» jo arren, herenegungo eztabaida «beste bat» zela esan zuen eta mozioa eztabaidatzea eta bozkatzea erabaki.
EAE-ANVren eta PPren interbentzioak baino ez
EAE-ANVko Ander Pozak hartu zuen hitza lehenik. Besteak beste, «etikaz hitz egitera ez» zetozela esan zuen, eta «eztabaida antzuetan» ez zirela hasiko aurreratu. Konponbiderako gakoa «lurraldetasunaren eta autodeterminazioaren korapiloak askatzea» dela iritzi zion Ander Pozak, eta horren alde lan egiteko gonbitea luzatu zuen, herritarren txalo artean.
Txaloen ondoren, baina, kexak eta oihuak etorri ziren. PPko zinegotzi Angel Olaso izan zen hitza hartzen hurrena. Irakurri zuen idatziak aretoan zeuden herritar askoren haserrea piztu zuen, eta irakurketa bitartean maiz izan ziren etenak.
Alkateak begirunea eskatu eta ondoren nahi zuenak hitz egiteko aukera izango zuela aurreratu zuen.
Ondoren EAE-ANVko bozeramaile Ander Pozak erantzun zion Olasori. «Sufrimendua bi aldeetan» badela erantzun zion, eta eztabaida horrek «irtenbiderik gabeko espiral baterantz» baino ez duela eramaten erantzun.
EAE-ANVko Obdu Lorenzok hartu zuen hitza jarraian, baina, oposizioko kideei baino, aretoan zeuden herritarrei zuzendu zen Lorenzo. «Egoera zaila» izan arren, «itxaropenerako arrazoiak» badirela esan zien, «duintasuna soberan» dutela, eta «gertatzen dena gertatuta lanean jarraituko» dutela iragarri zuen, «beti egin duten legez». «Euskal Herriko Estatua lortuko dugu, irabazteko » esan zuen EAE-ANVko Obdu Lorenzok.
Azken bozketa eta tentsioaren eztanda
Aurretik laburbildutako interbentzioen ondotik mozio etikoa bozkatzeko unea iritsi zen. EAko Miriam Canok mozioa puntuz puntu bozkatzeko eskatu zuen, eta hala onartu zioten.
Mozio etikoa-k hiru puntu ditu. EAE-ANVko zinegotziei dimisioa emateko eskatzen die mozio etikoa-ren azken puntuak, eta puntu horretan EBko eta EAko zinegotziak abstenitu ziren. Gainontzeko bi puntutan, aldeko botoa eman zuten, PSE-EEk, EAJk eta PPk egin zuten antzera.
Kontra, EAE-ANVko zazpi zinegotziek baino ez zuten bozkatu, beraz, mozioa, aurrera atera zen.
EAJko eta PSE-EEko zinegotziek ez zuten herenegun eztabaidarako hitzarik hartu. Herritarrak izan ziren udalbatzarraren bukaeran protagonistak. «Mozio etikoa baino, mozio estetikoa» deitu zion PSE-EEk aurkeztutakoari ezker abertzaleko alkate ohi Juan Carlos Alduntzinek, eta «azken bake prozesuaren porrota ezkutatzeko baino ez» duela balio esan zien. Beste herritar batek, «etikatik haratago eskubideak direla edo ez direla» ihardetsi zien PSE-EEko kideei.
Bozketaren ondoren, herritar batek hitza hartu eta zinegotzi sozialistengana zuzendu zen. PSE-EEko zinegotziak, baina, erantzun gabe alde egitea erabaki zuten. Une horretan egin zuen tentsioak eztanda. Oihu eta bultzada artean irten ziren pleno aretotik zinegotziak, eta Bixen Itxasori ukabilkada eman eta bekaina ireki ziotela azaldu zuen ondoren PSE-EEk.
Udalbatzarra bukatzean hamarnaka herritar kalean bildu eta Eusko Gudariak abestu zuten.
Gaitzespen ugari eragin dituzte udalbatzarraren bukaeran izandako istiluek
Politika
ðð
PSE-EEk, PPk eta EBk «onartezintzat» jo dute PSE-EEko zinegotzi Bixen Itxasoren kontrako erasoa
o. mitxelena
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Auzo batzarrak
OIARTZUN, Bizardia Elkartean eta Iturri-Berri Elkartean - 2008-11-20
Musika
Kontzertua
OARSOALDEA, Gezala Auditoriumean - 2008-11-23
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.