
Kale garbiketarako eta zabor bilketarako hitzarmena aldatzea onartu du Udalak
Udala
UTE Lezo enpresarekin adostu duten hitzarmen berriaren arabera, zerbitzua %20 merkeagoa izango da
jon gonzalo
UTE Lezo enpresarekin duen kale garbiketarako eta zabor bilketarako hitzarmena aldatzea onartu du Lezoko Udalak. Herenegungo udalbatzarrean hartu zuten erabakia, EAE-ANVren baiezko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren ezezkoekin.
Kontratu berriaren arabera, Lezoko Udalak 464.000 euro ordainduko dizkio urtero garbiketa enpresari. Lehen baino %20 gutxiago. Aldi berean, UTE Lezok emango dituen zerbitzuak ere gutxiago izango dira.
«Orain arte Lezoko Udalak 560.000 euro ordaintzen zizkion UTE Lezo enpresari herriko garbiketa lanak egiteagatik. Kopuru hori handiegia iruditzen zitzaigun, eta horregatik %20 murriztea erabaki dugu. Urtebeteko negoziaketen ondoren, enpresarekin akordio batera iritsi gara. Zerbitzu gutxiago emango dituzte aurrerantzean, baina herria garbi mantentzeko nahikoa izango da», azaldu zuen Jon Legorburu EAE-ANVko zinegotziak.
Kepa Garbizu EAJko zinegotzia ez zen argudio horiekin ados azaldu: «Emandako argudioak ez zaizkigu sinesgarriak iruditzen. Erabaki honen arrazoia ez dugu uste ekonomikoa denik, Udalaren egoera ekonomikoa ona baita. Bestelako arrazoiak daudela uste dugu».
Jon Legorburuk lehengo argudio berari eutsi zion: «Gehiegizkoa iruditzen zitzaigun diru kopuru bat aurreztuko dugu, eta hori Udalarentzako ona da. Aurrerantzean ere berdin jarraitzeko asmoa dugu. Gehiegizko gastuak murriztu eta dirua hobeto kudeatzen saiatuko gara».
Urdaburu kaleko lanak
Urdaburu kaleko lanen aurrekontua handitzea onartu zuen Lezoko Udalbatzak atzoko saioan. 121 mila eurotik 200 mila eurora handituko dute aurrekontua. EAE-ANVren aldeko zazpi botoekin, EAJren kontrako birekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zen aurrekontuaren igoera.
«Igoera gehiegizkoa iruditzen zaigu. Ez dugu ulertzen aurrekontua nolatan igo den hainbeste», azpimarratu zuen Kepa Garbizu EAJko zinegotziak.
EAE-ANVko Jon Legorburuk eman zion erantzuna: «Lanak hasi ondoren, zenbait ezusteko izan ditugu. Kale guztiko saneamendua berritu behar izan dugu, eta horrek lanen kostua garestitu du. Aurrekontuaren igoera ondo justifikatu dugu».
Bestelako gaiak
Errenteria-Oreretan orain dela hilabete batzuk egin zuten bezala, irisgarritasuna sustatzeko araudia onartu zuen atzo Lezoko Udalbatzak. Araudia onartzeko diktamenak Udalbatzako zinegotzi guztien baiezkoa jaso zuen.
Pasaiako Portuko Plan Bereziari aurkeztutako alegazioak eta N-1 errepidearen alternatiba azterketari aurkeztutakoak ere onartu zituzten atzoko udalbatzarrean.
Halaber, S-1 Sektoreko lanekin lotutako hainbat puntu onartu zituzten: lurjabeekin izenpetutako hirigintza hitzarmena onartzeari buruzko diktamena, lursailaren xehetasunen azterlana behin betikoz onartzea, eta zatikako planaren aldaketa behin betiko onartzeko proposamena.
Mozioak
Alkateak aurkeztutako hiru mozio ere onartu zituzten atzoko udalbatzarrean: 33/01 auzian, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren auzian inplikatuta daudenei babesa adieraztearen aldekoa; Euskal Herrian demokrazio zero! izenekoa; eta Israelgo Estatuaren sorreraren urteurrenaren ingurukoa. Azken honek Israelek Palestinarekin duen politika salatu eta palestinarrei elkartasuna adierazten zien.
Itzaletik | 2008-06-06
Kalegarbiketa merkeago ere izan zitekeen. Merkego eta hobea derrigorrez?. Ez egitea merkeago izango litzateke, baina ez hobeagoa. Titularrak "zerbitzua %20 merkeagoa izango da" garbi erakusten du zuen lumajea zein den.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Itsas Mendi Elkarteak Gabonetako loteria salgai jarri du
PASAIA, Donibanen - 2008-10-18
deialdiak
Guderen Omenezko V. Koadrilen Arteko Gastronomia Lehiaketa
Lezo, - 2008-11-21
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.