
Lintzirin gainean nekazaritzara bideratutako hainbat negutegi daude: agroaldea osatzen dute. Sei ekoizlek landareak eta tomateak ekoizten dituzte han.
Nekazarien poligonoak
goiatz labandibar
Nekazal jarduera garatzeko guneak dira agroaldeak. Industrialdeen antzekoak, baina lehenengo sektorera bideratuta.
Gipuzkoan, zazpi bat agroalde daude martxan dagoeneko. Horietako bat, lehenengoetarikoa, Oiartzunen, Lintzirin atzean.
Duela 15 bat urte egin zen lehen fasea, eta urte batzuetara zabaldu zen.
Lur publikoak
Agroaldeetako lurrak publikoak dira, Udalek edota mankomunitateek utzitakoak.
Oiartzunen sei ekoizlek egiten dute lan agroaldean: tomateak eta loreak ekoizten dituzte.
Errenta sinboliko bat ordaintzen dute urtean, 150 eta 180 euro artean, baina nekazariek inbertsio handiak egiten dituzte negozioa aurrera ateratzeko: eurek jarri behar dituzte negutegiak.
Behemendik lurra prestatzen du, eta zenbait kasutan, esleipenaz arduratzen da.
Oiartzungo kasuan, Udalak esleitzen ditu lurrak.
Agroaldeak lurrak kendu zaizkien nekazariak kokatu nahi ditu, nekazari berriei tokia eskaini edo ekoizpena handitu nahi dutenei alokatu.
15 urterako esleipena
«Normalki, balio gutxiko lurrak izan ohi dira honetarako uzten dituztenak», dio Mikel Zendoia Behemendiko teknikariak, «ez dira lur honak izaten lur gaineko ekoizpena egiteko, eta horregatik negutegietara bideratzen dira».
15 urterako esleituta daude lur hauek. «Gure asmoa geroz eta zesio luzeagoak egitea da», azaldu du Zendoiak. Hurrengo esleipenetarako dagoeneko adostu dute.
Azur tomateak
Josu Azurmendi donostiarra da Lintzirin atzeko agroaldean negutegiak dituen nekazarietako bat. Tomateak ekoizten ditu eta Azur izenarekin komertzializatzen ditu.
Duela zazpi urte hasi zen negozioan. «Zabalegin ikasten aritu nintzen urtebetez eta gero, proiektua aurkeztu nuen».
Proiektua onartu eta lurrak esleitu zizkioten, eta ordutik, tomategintzan dabil Azurmendi.
Eusko labela
Eusko labeldun tomateak dira Azurmendik ekoizten dituenak. «Gaur egun, komertzializatzeko eskatu egiten dizute etiketa», dio nekazariak, «janariaren kalitatearen berri ematen duelako garrantzitsua da».
Nekazaritzan «faktore asko gure eskuetatik kanpo» daudela aitortzen du. «Beti ikasten ari naiz, beste nekazariei galdetuz, ikastaroak eginez...».
Hala ere, nekazaritzan daramatzan urteen balantzea «positiboa» dela dio Azurmendik.
Hurrengo agroaldea, Astigarragan
Urtebeteren buruan, Astigarragan, beste agroalde bat martxan jartzean da Behemendiren asmoa.
Nekazari oiartzuarrek ere lurrak eskatu ahal izango dituzte han.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Afari sahararreko txartelak
OIARTZUN, Garmendi txokolategian - 2008-11-14
Hitzaldia
Hiesari buruzko hitzaldia
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusia - 2008-11-19
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.