
50 metro bizkar estiloko munduko markarik onena lortu du Sara Carracelasek Berlingo Elbarrituen Igeriketa Txapelketan. Pekingo Paralinpiar Jokoetan, berriz, urrearen bila joango dela azpimarratu du
Urrezko
igerilaria
jon gonzalo
Sara Carracelas aurkitzea ez da batere zaila. Errenteria- Oreretan jaiotako igerilaria Donostiako Paco Yoldi igerilekuan aritzen da egunero entrenatzen (asteazkenetan izan ezik). Ordubeteko lan saioak egiten ditu, Julia Perez entrenatzailearen aginduetara.
Ohiko lan saio baten amaieran jarri du hitzordua Carracelasek oARSOALDEKO HITZAko kazetariarekin, eta herriko igerilariak irribarrea ahoan erantzun ditu galderak. Normala da. 50 metro bizkar estiloko munduko marka gainditu eta Espainiako Txapelketan urrezko lau domina lortu ditu maiatzean. Balentria handiak dira, eta horregatik oso pozik dago.
«Munduko marka bitan gainditu nuen Berlinen, eta Espainiako Txapelketan ere lan ona egin nuen. Orain, Pekingo Paralinpiar Jokoetan urrezko domina lortzea espero dut», onartu du Carracelasek.
Berlingo ezuztekoa
Urtea hasi zenetik gogor entrenatzen aritu zen Carracelas. Entrenamenduetako markak ez ziren txarrak, baina munduko markatik urruti zegoen. Horregatik, Berlingo Elbarrituen Igeriketa Txapelketan munduko marka onena lortze ezustekoa izan zen.
50 metro bizkar estiloko munduko marka birritan gainditu zuen Carracelasek Berlinen. Lehenengoan, 1:17:26ko denbora lortu zuen. Bigarrenean, 1:17:09. Aurreko marka, beraz, (1:18:00) ia segundo batean hobetu zuen herriko igerilariak.
«Niretzako ezusteko handia izan zen munduko marka birritan hobetzea. Sasoiko nintzela banekien, baina hainbesterako! Dena den, Berlingo igerilekua oso gustuko izan dut betidanik. Marka onak lortu izan ditut beti Berlinen. Oraingo honetan, ordea, inoiz baino finago ibili naiz», onartu du herriko igerilariak.
Espainiako Txapelketan, konfirmazioa
Berlinen egindako lan ona Mallorkan jokaturiko Espainiako Txapelketan berretsi zuen Carracelasek. Lau probetan nagusitu zen: estilo libreko 50, 100 eta 200 metroko probetan, eta bizkar estiloko 50 metroko proban. Urrezko lau domina ekarri zituen, beraz, Errenteria-Oreretara.
«Berlingo probaren ondoren, sasoi betean iritsi nintzen Espainikoa Txapelketara. Egia esan, bertan urrezko dominaren bat irabaztea espero nuen, baina laurekin etorri naiz. Oso emaitza ona izan da», azaldu du Carracelasek.
Espainiako Txapelketan urrezko domina gehien lortu duen igerilari gipuzkoarra izan da Carracelas, Richard Oribek baino bat gehiago.
Pekingo Paralinpiar Jokoak
Azkenaldian lortutako emaitza bikainak ikusita, Pekingo Paralinpiar Jokoetara urrezko dominaren bila joango da Sara Carracelas: «Bizkar estiloko 50 metroko proban urrea lor dezakedala uste dut. Txapeldun olinpikoa izatea ez da nolanahiko helburua, baina urrezko domina etxera ekartzen saiatuko naiz».
Aurkari gaiztoenak zeintzuk izango diren ere argi du Carracelasek: «Ukrainiako, Greziako eta Britainia Handiko aurkariak gertutik zaindu beharko ditut. Haiek dira azkenaldian marka onenak lortu dituztenak. Dena den, proba ona egiten badut, hirurak gainditzeko moduan nago».
50 metro bizkar estiloko Pekingo Paralinpiar Jokoetako proba irailaren 15ean jokatuko da. Hain zuzen ere, Sara Carracelasen urtebetetze egunean: «Oso egun berezia izango da. 27 urte beteko ditut, eta urtebetetzeko oparirik onena urrezko domina lortzea izango da».
27 urte betetzear, elbarrituen igeriketako txapeldun handia da gaur egun Sara Carracelas. 1996ko Atlantako Jokoetan hasi zen, eta, orduz geroztik, makina bat domina eta garaipen lortu ditu.
Etorkizunari begira ere itxaropentsu ageri da: «Oraindik urte batzuk gelditzen zaizkit goi mailan, eta aprobetxatzen saiatuko naiz. Igeriketa asko gustatzen zait».
Julia perez entrenatzailea, gustura
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Mendibururi buruzko erakusketa
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-11-21
Musika
Jazz kontzertua
Lezo, Gezala Auditoriumean - 2008-11-21
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.