
Herriko 12 txakolin ekoizlek euren edaria jendaurrean jarri zuten atzo, Herri Azoka Lantaldeak antolatutako seigarren Txakolin Dastaketa eta Lehiaketaren aitzakian.
Oiartzungo txakolina
goiAtz labandibar
Mikatz antzekoa omen da txakolina berez, kimika eta teknologia tartean sartu gabe ekoizten denean. Eta halakoa omen da, baita ere, Oiartzungo hainbat baserritan eta etxetan egiten den txakolina.
Dastaketa eta lehiaketa izan ziren atzo, Herri Azoka Lantaldeak antolatuta. Guztira, 12 txakolin probatzeko aukera izan zen atzo. Seigarren urtez egin zuten jaia Kontzejupean.
Aurtengo uzta, mikatzagoa
Fermin Leonetek bigarren urtez eraman zuen Karrikan, Arraskuen, egindako txakolina. «Etxerako adina egiten hasi nintzen duela dozena erdi bat urte», azaldu zuen.
Iloba batek Ugaldetxon egiten omen zuen txakolina, eta berak ere egin behar zuela erabaki omen zuen.
Iazko uzta oso ona izan zela dio Leonetek. «Aurten, eguraldiarengatik edo, mikatzagoa atera da txakolina», gehitu zuen.
Adituen epaimahaia
Bi epaimahai izan ohi ditu herriko txakolin lehiaketak. Bata, adituek osatzen dute. Herriko txakolin ekoizle direnek edo izan direnek, hain zuzen ere.
Atzo, Joxe Luix Olaziregi zen epaimahaia osatzen zuten hiru kideetako bat. 25 urtez txakolina egiten aritu da Karrikako Presondo etxean. «Orain utzi egin dut, lan asko ematen baitu», kontatu zuen.
Sari asko irabazitakoa da Olaziregi bere etxeko txakolinarekin urte hauetan guztietan.
Sari sinbolikoa
Beste epamahaia, herrikoiagoa izan ohi da. Herritarrek dastatutakoaren baitan, euren iritzia eman dezakete txakolin bati edo besteari buruz. Hauentzat, dastamena zen epailerik zorrotzena.
Baina sinbolikoa da saria. Txakolin ekoizleek ez dute saririk eskuratzen «gustukoena» izan arren.
Edateko «zailagoa»
Jose Galarraga izan zen dastaketara hurbildu zen herritarretako bat. «Getaria inguruan egiten den txakolinak eta etxekoak ez dute batera antzik», zioen, «hauek dira natural-naturalak, eta haiek kimika dute».
Ez omen da hain erraza etxeko txakolina edatea. «Getariakoa-eta, askoz errazagoa da eztarriarentzat».
Azoka eguna
Atzo, azoka eguna ere bazen herrian. Txakolin Dastaketa eta Lehiaketaren bazterrean, talogileak, gaztagileak... ere bazeuden.
Horregatik, batera edo bestera hurbildutako askok bukatu zuten herrian egindako txakolina probatzen.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Kontzertua
OIARTZUN, Iurritan - 2008-11-22
Zinea
Film emanaldia
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2008-11-22
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.