Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko azaroak 21, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Ekonomia

Erregaiaren prezioaren gorakada dela- eta garraiolariek greban jarraitzen dute, eta ondorioak gainontzeko zerbitzuetara zabaldu dira

olatz mitxelena/jon gonzalo

Urte hasieratik erregaiaren prezioak izan duen igoera salatzeko greba mugagabea hasi zuten herenegun Euskal Herriko eta Espainiako hainbat garraiolarik.

Grebaren lehen bi egunek jarraipen handia izan dute, eta beste hainbat sektoretara zabaldu dira ondorioak. Gasolindegietan, esate baterako, erregaia bukatuko zaien beldur dira. Merkataritza guneetan, berriz, oinarrizko elikagairik gabe gelditzeko arriskua dagoela ohartarazi dute.

Euskal Herri guztian barrena zabaldu da grebaren eragina, baita Oarsoaldean ere. Errenteria-Oreretako, Oiartzungo eta Lezoko gasolindegiak, esate baterako, autoz gainezka izan dira egunotan. Erregaia bukatuko den beldurra zabaldu da eskualdeko herritarren artean.

Oiartzungo Alcampo eta Carrefour merkataritza gune handiak, halaber, jendez lepo bete dira egunotan. Oinarrizko elikagaiak agortu aurretik, ahal dituen guztiak erosten saiatu da jendea.



Lanbarrengo kontzentrazioa

Gipuzkoan, Guitrans eta Sintragui sindikatuek babestu dute garraiolarien greba. HIRU sindikatuak, berriz, greba babestu ez duen arren, hainbat mobilizazio sustatu ditu. Tartean, atzo, Oiartzungo Lanbarren industriagunean egin zutena. Dozenaka kamioi bildu ziren bertan, erregaiaren garestitzea salatu eta garraioarentzako faktura berezitua eskatzeko.

Bien bitartean, Pasaiako Portuan garraiolariek greba deialdiari eutsi zioten. Arrantzaleek ere bat egin zuten, eta baxurako ontziak ez ziren itsasora irten.

Oraingoz, akordiorik ez

Garraiolarien ordezkariek eta Espainiako Gobernuak hainbat bilera egin zituzten atzo, baina ez zuten akordiorik lortu.

Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak datozen egunotan akordio batera iristeko «itxaropena» azaldu zuen. Garraiolariek, berriz, grebari eusteko asmo «irmoa» dutela azpimarratu dute.

Bien bitartean, Euskal Herriko enpresarien elkarteek aitortu dute hainbat eta hainbat enpresek arazoak dituztela grebagatik, eta gelditu egin behar izan dutela hornikuntza faltagatik, besteak beste, Gasteizko Mercedesek edota Iruñeko Volkswagenek.

Oarsoaldeko enpresetan hornikuntza falta nabaritzen hasi den arren, oraindik normaltasunez aritu dira lanean enpresa guztiak. Grebak aurrera jarraitzen badu, ordea, inor ez da salbatuko.

 

Eskualdeko gasolindegiak auto gidariez gainezka izan dira egunotan

Gizartea

ðð

Oiartzungo Alcampoko gasolindegia, esate baterako, gasoleorik gabe gelditu zen herenegun

J. gonzalo



Garraiolarien grebak eragin zuzena izan du gasolindegien ohiko funtzionamenduan. Azken egunotan inoiz baino jende gehiago joan da eskualdeko gasolindegietara autoaren erregai-ontzia betetzera. Pixkanaka-pixkanaka bukatzen ari da Errenteria-Oreretako, Lezoko eta Oiartzungo gasolindegietako biltegietako erregaia.

«Egunotan inoiz baino lan gehiago egiten ari gara. Gasolindegia jendez gainezka dago uneoro. Beldurra zabaldu da, eta erregaia bukatu egingo dela uste dute herritar askok», azpimarratu dute Lintziringo Repsol gasolindegiko langileek.

Orain arte, ordea, gasolindegia erregaiez hornitzeko ez dute arazorik izan: «Gasolindegiko erregai-ontziak leporaino daude. Orain arte, ez dugu arazorik izan. Garraiolarien grebak jarraitzen baldin badu, ordea, ez dakigu zer gertatuko den», ohartarazi dute Lintzirin gasolindegiko langileek, lanean dabiltzala.



Oiartzungo Alcampon,

gasoleorik gabe

Oiartzungo Alcampo gasolindegian gaseliorik gabe gelditu ziren herenegun arratsaldean: «Inoiz baino auto gehiago etorri ziren eta erragai biltegia hustu egin zen. Ordubete beranduago, ordea, arazoa konpondu ahal izan genuen. Kamioi batek ekarri zuen beharrezko gasolioa. Geroztik, e z dugu arazorik izan», adierazi du gasolindegiko arduradunak.

Halaber, egun hauetako auto pilaketak inoizko handienak izan direla onartu du: «Inoiz baino auto gehiago etorri dira, eta inoiz baino erregai gehiago botatzen dute; depositoak goraino betetzen dituzte. Azken egun hauek oso estresanteak izan dira, eta datozen egunotan egoera lasaitzea espero dugu».

Auto gidariak, kezkatuta

Eskualdeko auto gidariak kezkatuta daude. Garraiolarien grebak erregairik gabe utziko dituela pentsatzen dute askok.

«Erregai-ontzia betetzera etorri naiz. Egia esan, ez dakit hurrengo egunetan zer gertatuko den. Erregairik ez egotea gerta liteke, eta hori sekulako aldrebeskeria izango litzateke niretzat. Beraz, erregai-ontzia betetzea da aukerarik onena», azaldu du banatzaile batek, furgonetara igo aurretik.



 

Arrantzaleek lehorrean jarraitzea erabaki dute

Arrantza

San Pedron arrantza ontziek lotuta jarraitzen dute, eta arrantzaleak ez dute uste egoera konponduko denik

O. MITXELENA



Arrantzaleek lehorrean jarraitzen dute. San Pedroko kaian arrantza ontzi txiki guztiak, hogei inguru, lotuta daude, eta arrantzaleak, inguruan, lehorrean egin daitezkeen bestelako lanetan. Gasolioaren prezioaren igoerak haiengan eragina du ere bai, baina, grebarekin bat egin duten arren, arrantzaleak ez dira baikorrak. «Ez dago irtenbiderik. Litro bakoitzeko Gobernuak kopuru bat eramaten badu, non dago dirua? Eta laguntzak? Nik ez dut uste Gobernuak ezer egiteko asmorik duenik», dio etsipenez Manolito II ontziko Oihana Herediak. Ontzi bereko Manuel Fernandezekin ari da sareak konpontzen.

«Izorratuak gaude. Ederki izorratuak», dio Handik ontziko Juan Francisco Garciak. «Gasolioaren prezioak gugan eragina du, baina ez ontzi handiengan bezain beste», azaldu du. Gasolioaren afera konpontzea oso zaila dela iritzi dio, eta beren lehentasuna beste bat beharko lukeela dio: «Bestelakoa litzateke egoera arraina lonjan behar bezala ordainduko balitz».

Arraste-ontziak arrantzan ari direlako kexu dira baita ere, nahiz hilaren 15erako lehorrera itzuliko direla esan duten, lanuzteari batzeko. «Hemen ez dago arraste-ontzi bat bera ere ez. Ez diogu grebari ezetz esaten, baina ontzi guztiak lotuta ikusi nahiko genituzke. Grebari bai, baina denak, ala inor ere ez», dio Hemendik ontziko Belmiro de Castrok.



 

Merkataritza guneetara zabaldu da grebaren eragina

Gizartea

Oinarrizko elikagairik gabe gelditu gaitezkeela uste du jendeak, eta inoiz baino erosketa gehiago egin dituzte

J. gonzalo



Oarsoaldeko merkataritza guneak jendez lepo daude egunotan. Oiartzungo Alcampon edo Carrefourren inoiz baino jende gehiago ikus daiteke erosketak egiten.

Erosketa poltsak leporaino beteta ateratzen da jendea. «Garraiolarien grebarengatik elikagairik gabe geldituko garela esaten du nire senarrak, eta badaezpada ere inoiz baino erosketa gehiago egin ditut. Hobe da hozkailua gehiegi betetzea, hutsa edukitzea baino». azaldu du Evelia Romerok, Alcampotik ateratzean.

Alcampon elikagai gabezia nabaritu ote duen galdetuta, ez du oso garbi: «Egia esan, betikoa dagoela iruditzen zait, nahiz eta, agian, harategian haragi gutxiago dagoen».

Silvia Torrubia, berriz ez da iritzi berekoa: «Nik betiko erosketak egin ditut, asterokoak. Egia esan, jendea larrituta ikusten dut, baina ni lasai nago oraindik. Ez dut uste egoera hain larria denik».

Alcampoko arduradunak, oraingoz lasai

Egun hauetan izan duten salmenta kopuruak eta garraiolarien grebak ez ditu Alcampoko biltegiak hustu. Datozen egunetan normaltasunez lan egiteko moduan daudela azpimarratu dute: «Biltegiak ondo beteta ditugu. Oraingoz, garraiolarien grebak ez digu kalterik egin».



 

«Egoera honetan ez du merezi lan egiteak eta eutsi beharra dago»

inazio larrarteð- Pasaiako Portuko garraiolaria eta Guitranseko kidea

Lan gatazka

Portuan zamalanak oraingoz normaltasunez egiten ari diren arren, zamen trafikoa etenda dago

olatz mitxelena



Pasaiako portuan lan egin ohi duten ehunka kamiolarik lanuzteari ekin diote. Hori dela eta, lehengo astelehenaz geroztik ez da irteten zamarik portutik, ontzietako zamalanei oraingoz normaltasunez eusten dieten arren. Egoera denboran luzatuz gero, arazoak sor daitezke, kaian ez delako izango merkantziak non utzi, eta enpresetan hornikuntza arazoak izan ditzaketelako. Inazio Larrarte garraiolaria da, beste asko bezala, autonomoa. Pasaiako Portuan aritzen da normalean, txatarra garraiatzen. Lanuztea deitu duen Guitrans sindikatuko kide da Larrarte.

Zein da egoera Pasaiako Portuan?

Bertako denak geldirik gaude atzoz [herenegun] geroztik. Atzo kanpotik iritsi ziren hainbat kamioi baina egoera zein zen azaldu genien eta inongo arazorik gabe joan ziren etorritako bidetik. Gaur [atzo] gauza bera egin dugu, eta ez da arazorik izan. Egoeraren larritasunarekin denak jabetzen gara eta horregatik ez da arazorik izaten ari.

Zenbat garraiolari aritzen zarete normalean Pasaiako Portuan?

Hiru garraio enpresa daude Portuan; Pasajes Garraio Kooperatiba, Ortagui Garraioak eta Goi Garraioak. Guztira, 400 inguru garraiolari.

Zehazki zeintzuk dira zuen aldarrikapenak?

Urte hasieratik hona gasolioaren prezioak %20an egin du gora. Guk igoera hori ezin diegu gure bezeroei kobratu eta gure poltsikotik ari gara ordaintzen.

Atzo gauean akordioa nahiko gertu egon zitekeela zioten hainbat informazioek...

Gure informazioa bestelakoa da. Negoziazioa nahiko geldirik dago. Kargadoreei ezarri dizkiete baldintza berriak baina administrazioaren aldetik ez dago eskaintzarik, eta sektore handi bati ez dio eragiten orain arte negoziatu dutena. Nik pertsonalki grebak luze joko duela uste dut. Egoera honetan ez du merezi lan egiteak eta beraz, eutsi beharra dago.

Sintragik eta Guitransek deitu dute lanuztea; HIRUk ez. Zergatik?

Batzuk lanuzte teknikoan ari gara, besteak mobilizazioetan, baina sektorea erabat geldirik da. Denok gelditu dugu, eta konpontzen den arte jarraituko dugu.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Musika

Santa Zeziliako kontzertua
OIARTZUN, Aialde kalea eta Doneztebe plaza - 2008-11-21

Musika

Kontzertua
OIARTZUN, Kontzejupean - 2008-11-23

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa