
Datorren ikasturtean instalakuntzak estreinatuko dituzte Pasaiako Lanbide Hastapeneko Ikastegiko ikasleek eta hezitzaileek; interesa duten gazteentzako izen-emate epea zabalik da.
Bestelako aukerak badira
olatz mitxelena
Lanerako ikasten. Trintxer Elkartean sukaldaritza ikasleak, eta Udalak horretarako propio San Pedron duen tailerrean iturgintza ikasten ari direnak. Guztiak, Pasaiako LHIKn ikasten ari diren gazteak dira, hau da, Lanbide Hastapenarako Ikastegiko ikasleak.
Lehen ikasturtea bukatzear dute, eta gogoz ari dira. Hala ere, soma daiteke ikasturte bukaera hurbil dela. Pozik ikusten zaie. Atzo bertan, txalupan bira ematekoak ziren, eta astelehenean Saloura doaz hiru egunetarako, ikasturte bukaerako bidaian.
16 eta 18 urte bitartean dituzte Pasaiako LHIKn ikasten duten gazteek eta gehienak inguruko ikastetxeetatik datoz.
Normalean ohiko ikasketetan porrot egin duten ikasleak dira eta beste aukera baten bila heldu dira LHIKra, ikasgeletan teoriak izan ohi duen pisuaz ihesi eta ikasketa praktikoagoen bila. Hori da behintzat Gabi Alonsoren kasua. 18 urte ditu eta sukaldaritza ikasten ari da. Lezoko Joanes Etxeberrin ikasten zuen lehen. Gaur egun lana eta ikasketak batera egiten ditu. Gogorra dela aitortu du, eta ikasten jarraitzeko asmoa duela esan du. «Lehen Donostiako LHIK batean aritu nintzen, baina ez zitzaidan gustatu dena teoria zelako. Hau praktikoagoa da eta gehiago gustatzen zait, horregatik hemen jarraitu nahi dut ikasten», argitu du.
Iturgintza tailerrean bederatzi ikasle daude, Tomas Iglesias irakasle dutela. Anunciatan ikasitako Jairo Macias han da. 17 urte ditu eta asko ikasi duela dio: «Lehen ikasturtea bukatzen ari gara. Datorren ikasturtean soilik bost hilabete izango dira, eta praktiketara. Horregatik etorri nintzen hona, lanera azkarrago irteten zarelako», dio.
Lanbide bat baino gehiago
Hala ere, dena ez da lanbidea ikastea. Hori baino askoz zabalagoa izaten da hezitzaileen egitekoa halako zentroetan. «Gure aurreneko helburua gazteak normaltasun bat lortzea da. Gazteak eskolatik datoz, eskolan ez dute ondo bukatu eta berriro eguneroko errutinari heltzea nahi dugu», azaldu du sukaldaritza irakasten dien Aitor Goienetxeak.
«Normalean gazteek esperientzia positibo bat behar dute. Eskolako porrota jasan dute aurretik, eta haientzako eta beren familientzako positiboa izango den zerbait egin behar dute, sozialki ere bai aitortuko zaiena», azaldu du Nieves Alegriak. LHIK egitasmoaren arduraduna da, eta 18 urte ditu bertan lanean. «Eskolan lortu ezin izan duten hori lortzea da gure egitekoa. Gazteari entzun ahal izatea; azkenean zerbait egiten dut ondo, zerbaitetarako balio dut. Halako esaldiak entzutea da guretzako garrantzitsuena».
Arauak, ordutegiak, ardurak, baloreak, motibazioa ... Horiek izaten dira lehentasunak, eta lanbideen irakaspena horietara iristeko tresna. Bi ikasturte egiten dituzte. Praktikak ere lortzen dizkiete, eta ondoren lana bilatzen lagundu. Lanbideaz gain, oinarrizko heziketarako eskolak jasotzen dituzte baita ere, Mirari Azkunek gidatutakoak.
Gazteei lana bilatzerako orduan arazorik ez dutela izaten azaldu dute Alegriak eta Azkunek. «Iturgintza ezin da heziketa arautuan ikasi, eta ostalaritzaren eremua zabala da eta ez dago arazorik. Enpresa guztiak izaten ditugu deika».
Arreta osoa, arautu gabeko lan baldintzak
Pasaiako Udaleko Gizartekintza Sailan du bulego LHIK-k, eta ez da kasualitatea. Izan ere, gazte batekin lan on bat egin ahal izateko bere inguru guztia kontuan hartu behar izaten baita: «Familia, eskola, auzoa, nondik datorren...», azaldu du Alegriak. Zentzu horretan, LHIK-ko talde pedagogikoaz gain, berebiziko garrantzia du egiten duten bestelako lana: «Gizarte langileekin, etorkinen kasuan inmigrazio teknikariarekin, kale hezitzaileekin... Oso lan zaila da, baina oso aberatsa. Disziplina arteko lan handia dago LHIK-ko zentroetan. Hori da gure berezitasuna».
Horregatik guztiagatik, beren lana behar bezala aitor dadila nahiko lukete LHIK zentroetako hezitzaileek. Oraindik ere, beraiek eskaintzen duten heziketa ez da araututako heziketaren ereduan txertatzen, langileen kalterako.
izen-ematea
instalakuntza berriak, 20 urte eta gero
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
1953an jaiotakoen bazkaria
ERRENTERIA-ORERETA, Lezoko Etxeberri jatetxean - 2008-10-30
deialdiak
Guderen Omenezko V. Koadrilen Arteko Gastronomia Lehiaketa
Lezo, - 2008-11-21
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.