
Arazoak dituzte bertako enpresek grebaren ondorioz
Lan gatazka
Tajo Kooperatibak itxi behar izan du eta baita Papresak ere; enpresa gehienetan lehengaiak falta dituzte
olatz mitxelena
Garraiolarien grebak bosgarren eguna du gaur eta ondorioak gero eta agerikoagoak dira. Herenegun poliziak muga ireki izanak atzo hainbat kamioien etorrera erraztu zuen arren, industrian arazoak dituzte behar besteko lehengaiak ez dituztelako jasotzen, eta pilatutako produkzioa gordetzen jarraitzeko nahiko tokirik ez dutelako biltegietan.
Tajo Kooperatibak, esaterako, itxi ditu ateak. Oiartzungo fabrikan produkzioa etenda dago asteazkeneko 06:00az geroztik, eta Gaintxurizketako fabrikan, atzotik. Bulego gutxi batzuetan baino ez dira lanean ari «atzerriko enpresei zerbitzua bermatzeko». Dena dela, atzo bertan jakinarazi zieten Oiartzungo egoitzan lanean ari direnei gaur bertan lanera joateko aukera izango dutela.
Larri dabilen beste enpresa Errenteria-Oreretako Papresa paper fabrika da. Atzo makina bat geldirik zuten jada, eta enpresako giza bitartekoen arduradun Iñigo Uribezalgok esan zuenez, «greba bertan behera ez geratzekotan gaueko errelebotik aurrera» langileak etxean geratzekotan ziren, produkzioa erabat gelditu beharko dutelako. Papera ekoizteko lehengairik ez zaie iristen eta biltegiak lepo dituzte, kamioirik ez delako iristen.
Oiartzungo Niessen enpresan, oraingoz normaltasunez ari dira lanean, «biltegietan merkantzia pilatzen» ari zaien arren. Antzekoa zen egoera Beissier enpresan atzo. Lanean ari dira Beissierren baina «lehengaiak falta» dituztela jakinarazi dute, eta «greba aurrera jarraitzekotan arazoak» izango dituztela esan dute.
Portuan, oraingoz, arazorik ez
Pasaiako Portuan kamioien trafikoa astelehenaz geroztik etenda dagoen arren, oraingoz zama lanetarako arazorik ez dela jakinarazi zuten atzo Portuko prentsa arduradunek. «Zama hartzera etorritako ontziak hala egin dutela eta portutik arazorik gabe irten» direla esan dute. Horrez gain, atzo bertan, «hainbat kamioilari portu barruan lanean» aritu zirela esan dute, eta «greba epe laburrean bertan behera» gelditu daitekeela uste dute.
Arrantzaleek itsasora irtetea erabaki dute
Arraina apenas iritsi da azken egunotan arrandegietara, besteak beste, arrantzaleak lehorrean izan direlako, gasolioaren prezioaren igoeragatik protestan baita ere. Atzo, baina, arrantzara irtetea erabaki zuten arrantzaleek, eta ondorioz egoera pixkanaka normaltzen joango dela pentsatzekoa da.
Merka Oiartzunen, esaterako, atzo aurreko egunetan baino mugimendu gehiago zegoela jakinarazi dute. «Azken hiru egunetan oso egoera prekarioan lan egin dugu, baina gaur, muga zabaldu dutenez, kamioiak iritsi dira Frantziatik eta arrain gehiago sartu da», esan zuen Merka Oiartzuneko Montserrat Sanlesek.
Edonola ere, ohi baino askoz arrain gutxiago sartzen dela aitortu dute. «Normalean 100.000 kilotik gora arrain mugitzen baditugu, atzo [herenegun] 15.000 mila kilo baina ez dira iristi».
Merkatuetan eta janari dendetan baita ere, gero eta nabarmenagoa da produktuen eskasia, oraindik ere denetik eskuratu daitekeen arren eskualdeko dendetan. Gasolindegietan, bestetik, ez da oraingoz erregairik falta.
Grebari eutsiz
Gainerakoan, Sintrabi, Guitrans, Tradisna, Arabako Garraiolarien Elkartea eta Egas sindikatuek grebarekin aurrera jarraitzen dute. HIRU sindikatuak, bere aldetik, bereizitako fakturaren aldeko mobilizazioekin jarraitzen du.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Itsas Mendi Elkarteak Gabonetako loteria salgai jarri du
PASAIA, Donibanen - 2008-10-18
antzerkia
'Enkantatua' antzezlana
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-11-22
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.