
Oarsoaldea Garapen Agentziak udalen «elkarlana» azpimarratu du
Gizartea
Urteko txostena aurkeztearekin batera, Garapen Agentziaren irudia zabaltzeko kanpaina berria azaldu dute
goiatz labandibar
Oarsoaldea SA Garapen Agentzia osatzen duten lau udaletako ordezkariek eta bertako kudeatzaileek «elkarlanaren» garrantzia azpimarratu zuten atzo, Garapen Agentziaren urteko txostenaren aurkezpena baliatuz.
Juan Carlos Merino Errenteria-Oreretako alkate eta Oarsoaldea SAko lehendakariak «berrikuntza garapenaren gakoa» dela aitortu zuen, «hori da Oarsoaldearen gakoetako bat».
Aurrerapenak eta egitekoak
Aurrerapen handiak egin direla baieztatu zuten eskualdeko turismoan, bigarren sektorean... «Tresnak ditugu aurrera jarraitzeko», gehitu zuen Haritz Salaberria Lezoko alkateak.
Hala ere, Aitor Etxeberria Oiartzungo alkateak «deslokalizazioen» arriskuaz hitz egin zuen, eta horrelako kasuetan Garapen Agentziak ere eskua sartu beharko lukeela iritzi zion.
Ugaldetxoko Sogefi-Filtration enpresari egin zion aipamen zuzena Etxeberriak. «Zailtasunak ere badaude egungo gizartean, eta ezin da hori ahaztu».
«Aniztasuna eta elkarlana»
Ander Poza Pasaiako alkateordeak Oarsoaldea Garapen Agentziaren barruan «zailtasunak ere» badaudela aitortu zuen, «baina elkarlana bultzatzea beharrezkoa da».
Fernando Nebreda Oarsoaldeako kudeatzaileak «aniztasuna eta elkarlana garrantzitsuak» direla adierazi zuen, «bide horretan sakontzen jarraitu behar dugu».
Uste baino ezagunagoak
Oarsoaldea Garapen Agentziari buruzko komunikazio auditoria ere egin dutela jakinarazi zuen Fernando Nebredak.
«Uste genuena baino ezagunagoak gara eskualdean», esan zuen, pozik. Hala ere, Garapen Agentzia oraindik gehiago ezagutzera emateko asmoz, kanpaina bat jarri dute martxan: Geroa ereiten izango da leloa. Aurrerantzean, helburua, «orain arte bezala mantentzea» da.
Ekitaldia sekula baino gonbidatu gehiagoren aurrean egin zuten. Bideo batzuk bota zituzten Oarsoaldearen jarduna azalduz.
Bukatzeko, Oiartzungo Herri Musikaren Txokoko txalapartako ikasleek saio txiki bat eman zuten.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.