
Hainbat belaunalditako dantzariak bilduko dira 'Errenteria Dantzan'-en
Kultura
50. urteurrena dela eta, ekitaldi «bereziak» antolatu ditu Ereintza Dantza Taldeak larunbatetik aurrera
alain maya
Errenteria Dantzan jaialdiak egitarau «zabal eta interesgarria» izango du. Dantzaren joera eta erakusmolde ezberdinak erakustea da jaialdi honen helburua, eta, horretarako, dantzaz beteko dituzte hurrengo bi asteburuak. Baina, aurtengo aldia berezia izango da. 50. urteurrena dela-eta Errenteria Dantzan «berezia» antolatu du Ereintza Dantza Taldeak. Larunbatean hasiko da dantzaren inguruko jaialdi garrantzitsua.
«Errenteria Dantzan klasiko bat da herriko agenda kulturalean», azaldu zuen Juan Carlos Merino alkateak aurkezpen ekitaldian. «Egitarau oparoa, anitza eta dantzaren ikuspegi ezberdinak ukitzen dituena osatu du Ereintzak», gaineratu zuen Joxe Mari Burgos kultura zinegotziak.
110 dantzari Kiroldegiko oholtza gainean
Larunbatean ekitaldi «bereziena eta sentikorrena» izango dela azaldu zuen Jon Maya Ereintza Dantza Taldeko kideak, Ereintzak 50 urte. 50 urte hauetan Ereintza Dantza Taldeko kide izan diren 110 dantzari inguru bilduko dira Galtzarabordako Kiroldegiko oholtzan 20:00etatik aurrera. «Gaur egungo dantzariez gain, Ereintzaren lehenengo dantzari taldea ere izango da taula gainean, baita beste hainbat ere. Polita izango da 18 urteko gazteak, eta adinagatik euren aiton-amonak izan zitezkeen dantzariak elkarrekin dantzan ikustea», azaldu zuen Mayak.
Errenteriako Banda, Xanti eta Maialen erraldoiak eta 50 urtetako historia laburbiltzen duen irudiekin egindako muntaia ere izango dira. «Guztira 200 errenteriar inguruk hartuko dute parte», azaldu zuten Ereintzako kideek.
Arrastoa utzi zuen taldea
Igandean, Errusiako dantzen ikuskizuna izango da Errenteria Hiria Kulturgunean 19:30ean. «Hegoafrika, Polonia, Turkia, Jugoslabia... mundu guztiko taldeak izan dira hemen, baina Errusiako taldeak bere arrastoa utzi zuen herrian», azaldu zuen Juantxo Maya Ereintza Dantza Taldeko arduradunak. «Talde gaztea da, 18 eta 22 urte bitarteko dantzariak dira. UNESCOk babestutako Errusiako talde bakarra da», gaineratu du Mayak.
Hitzordu berezia
Hilaren 23an San Joan bezperako soka-dantza izango da. «Ez dugu ekitaldia gurera ekarri nahi, Ereintza sortu aurretik soka-dantza baitzegoen. Aurtengoa, hala ere, berezia izango da. Normalean baino soka luzeagoa izango dugu, dantzari helduak ere aterako baitira. Eta beste edozein herritar ere gonbidatua dago parte hartzera», azaldu du Jon Mayak. «Dantzariontzako hitzordu berezia da hau», gaineratu du.
Harremana izan duten dantza taldeekin saioa
Hilaren 27an Brokel dantzen saila izango da Ereintza; Kemen; Murixka eta Sahatsa Dantza Taldeen eskutik. Ekitaldia 19:00etan Gamon Zumardian izango da, eta Errenteriako Udal Txistu Taldearen laguntza izango du Ereintzak. «Juan Inazio Iztuetak XIX. mendean oinarri izan zuen, eta ospakizunetan ohikoena eta ezagunena zen sail hau», azaldu zuten Ereintzako kideek. Ereintzarekin batera, hainbatetan elkarlanean aritu diren edo harreman berezia izan duten taldeak ariko dira: Lezoko Murixka, Irungo Kemen eta Azkoitiako Sahatsa Dantza Taldea.
Klake munduan, erreferentzia
Errenteria Dantzanen 17. aldiari Barcelona Rhythm Tap konpainiaren ikuskizunak emango dio bukaera. «Errenteriarren dantzaren ikuspegia zabaltzeko asmoz, estilo ezberdinetako taldeak ekartzeari ekin genion duela urte batzuk», azaldu zuten Ereintzakoek. Klakean, mundu mailan ezaguna den taldea da Bartzelonakoa, eta herrian izatea «ohorea» dela esan zuen Mayak. Saioa, Errenteria Hiria Kulturgunean izango da 20:00etan.
egitaraua
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Itsas Mendi Elkarteak Gabonetako loteria salgai jarri du
PASAIA, Donibanen - 2008-10-18
Zinea
Film emanaldia
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2008-11-22
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.