Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko azaroak 21, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Ignacio Garmendiaren 'Irudidun Itxas-Iztegia' berrargitaratu dute

Euskara

Portuko Argintzaritzak argitaratu du eta aurkezpenean Andres Urrutia Euskaltzainburua izan da

olatz mitxelena

Irudidun Itxas-Iztegia, Erdera-Euskera, Euskera-Erdera liburua berrargitaratu du Portuko Agintaritzak. Urteetan Pasaiako Portuan kapitain izandako Ignacio Garmendia Berasategui da itsasgintzari buruzko hiztegiaren egilea.

Atzo aurkeztu zuten liburua, egilearekin batera Portu Agintaritzako buru Joxe Joan Gonzalez Txabarri eta Andres Urrutia Euskaltzainburua bertan zirela.

Hiztegiaren lehen argitalpena, gaur egun desagerturik dagoen La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxe bilbotarrak egin zuen 1970 urtean, eta agorturik zegoen aspalditik. Ignacio Garmendiak egun 85 urte ditu, baina hiztegia 60. hamarkadan idatzi zuen. Lau hamarkada geroago berrargitaratu du Portuko Agintaritzak hiztegia.

Facsimile erara argitaratu dute, «bere horretan, ezer jarri, kendu edo aldatu gabe, hiztegi hau garai bateko lekuko berezia delakoan».

Hala ere, zenbait atal gehitu dizkiote, gaurkotzeko asmoz. Nabigazioko nazioarteko arauei dagozkien atalak eguneratu egin dituzte, esaterako, arau hauek azken hamarkadetan aldaketa zehatzak izan dituztelako. Pedro Arrillaga itsas kapitaina aritu da eguneratzen.

Horrez gain, Garmendiaren hiztegiaren argitalpenari, Pasaiako Portuaren Hiztegia erantsi diote. Pasaiako Portu Agintaritzako ohiko lanak euskaraz egin ahal izateko, Elhuyar taldearen zuzendaritzapean landuta dagoen hiztegiari zabalkunde handiagoa eman nahi izan diote modu honetan, eta bide batez, aurreko belaunaldiko euskaltzaleen lanak segidarik baduela erakutsi nahi izan dute.

Liburuak 384 orrialde ditu eta jatorrizko neurriak. Hala ere, hiztegiak duen nortasun berezia azpimarratzeko, txaleko deitzen den kanpo azalaz jantzi dute argitalpena eta bertan Pasaiako Portuko planorik zaharrena agertzen da.

Azalari dagokionez, lehen edizioko ainguraren irudi berbera mantendu dute, baina oraingo honetan, urrez estanpaturik doa, larru antzeko ehun bigunaren gainean.

Pasaiako Portu Agintaritzak opari gisa banatuko ditu argitaratu egin diren 1.500 aleak eta printzipioz behintzat, argitalpena ez dela inon salduko jakinarazi dute.

Kezka bati erantzunez

Bere ogibidean ordura arte euskara garbi eta jatorrean ezagutu zuen marinelen eta arrantzaleen mundua zeharo erdalduntzen ari zela jabeturik, itsas munduko euskal hiztegia biltzeari eta gordetzeari ekin zion Garmendiak. Ez zuen nahikotzat jo euskal kostako herri guztietako hitzen berezitasunak bildu eta sailkatzea. Hitz soltez gainera, hitz kateak, esamoldeak, eta gainontzekoak testuinguru jakinetara bildu zituen, horrela euskal itsasgintzaren lekukotasun zuzenagoa ematen zuelakoan.

Gaiaren berezitasuna aintzakotzat hartuz, gainera, irudi eta marrazkiz jantzi zuen hiztegia, itsasgintzaren lekuko izan zedin.

Izan ere, etxetik baitatorkio euskararekiko zaletasuna Garmendiari. Juan Garmendia Zeleta idazle, euskaltzale eta euskaltzain urgazlearen semea, aitarengandik jaso zuen euskararenganako maitasuna eta konpromisoaren lekukoa.

Esker ona Garmendiari

Aurkezpenean, Andres Urrutiak eta Joxe Joan Gonzalez Txabarrik, esker oneko hitzak izan zituzten egilearentzat. Bere garaian Garmendiak egindako lanak gaur egun duen balioa nabarmendu zuten biek. Hala, Andres Urrutia Euskaltzainburuak Ignacio Aldecoaren Gran Sol eleberria euskaratzerakoan, maiz Garmendiaren hiztegira jo behar izan zuela aitortu zuen, esan zuenez, itsasgintzari buruzko hitzak jasotzen zituen beste euskarazko hiztegirik ez zegoelako berak Gran Sol itzuli zuen garaian.

«Euskaltzaindiak bere burua hiztegigintzan jarri» behar duela baieztatu zuen Urrutiak, eta Garmendiaren lanari erreferentzia eginez, jardun horretan arloz arloko ekarpenen beharra gero eta nabarmenagoa dela esan zuen.

Gonzalez Txabarrik, gaur egun «euskara nabigatzen eraikitzen dela» esan zuen eta Portu Agintaritzak hiztegia argitaratuz euskararen normalizazio bidean bere «ondar alea» jarri nahi izan duela esan zuen.

 

«kapitaina, berbetan, hizketan, eta H gabe»



Pozik agertu zen atzo Ignacio Garmendia prentsaren aurrera. Hiztegia idatzi zitueneko garaiak ekarri zituen gogora lehenik, batez ere erabilitako metodologian indarra jarriz. Emaztearekin batera arratsaldero itsas ertzeko herrietatik arrantzaleei galdezka nola ibiltzen zen kontatu zuen ; Kofradiako tabernan argazkiak zintzilikatu eta itsas gizonei euskarazko izena jar zezaten nola eskatzen zien kontatu zuen; gauza bera sanjuandarrek era batera eta sanpedrotarrek bestera izendatzen zutela ekarri zuen gogora... Baina denak ez ziren aspaldiko kontakizunak atzo Garmendiaren ahoan. Euskararen inguruko bere kezkak gardentasunez plazaratzeko baliatu zuen liburuaren aurkezpena. Euskaraz batzuk «hizketan», eta besteak «berbetan» aritzen direla esan zuen, eta bera «nahasten» aritzen dela. Horrez gain, bera «h-rik gabeko euskalduna» dela esan zuen, eta ziur aski Euskaltzainburua ondoan zuela baliatuz, batuak ñ eta ll hizkietarako tokirik ez duelako kexu azaldu zen, bi hizki horiek euskarari «indarra» ematen diotelakoan. Batuaren kontra ari denik ukatu zuen, baina, «legeak malgutzearen alde» agertu zen, euskararen onerako izango delakoan. Ondo hartu zituen Urrutiak bere hitzak, eta hala erantzun zion: «Ortografia kontuak alde batera utzita, segi euskaraz berbetan, hizketan eta nahasten, eta zorionak Euskaltzaindiaren partetik baita ere».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Kirola

itsas mendiren x. pala txapelketa
PASAIA, donibaneko pilotalekuan - 2008-10-26

deialdiak

1953an jaiotakoen bazkaria
ERRENTERIA-ORERETA, Lezoko Etxeberri jatetxean - 2008-10-30

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa