
Parte-hartze prozesua abiatuko dute Biteri plazako proiektuaren inguruan
Hirigintza
Antxotarrei proiektuaren inguruko informazioa eman, eztabaidatu eta ekarpenak bildu nahi dituzte
olatz mitxelena
Denon artean eta denontzako Antxo eraikiz lelopean, gobernu taldeak Antxoko Biteri plazako egitasmoari buruz herritarrei begirako parte-hartze prozesu bat abian jarriko du aurki.
Modu honetan aurrez hartutako konpromiso bati erantzun nahi izan dio gobernu taldeak. Izan ere, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu behar zuten hitzarmena atzeratzea erabaki zenean, «herritarrei beharrezkoa duten informazio osoa» emateko konpromisoa hartu baizuen gobernu taldeak, «herriko estrategia eta proiektuei buruz azterketa, eztabaida, proposamenak eta erabakiak» hartu ahal izateko.
Biteri plazakoa ez da, inolaz ere, egitasmo berria. Aspaldi hitzartu zuten Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Gaiak, ordea, gaurkotasuna hartu zuen legegintzaldi honen hasieran, Antxon sinatu gabeko kartel batzuk agertzearekin batera.
Karteletan irakur zitekeenez, hainbat bizilagun Biteri plazan etxebizitzak eraikitzearen kontra daude.
Hortik aurrera, frontoia desagertuko zela zioten zurrumurruak zabaltzen hasi ziren, baita plazaren inguruko gainontzeko espazio libreak ere, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak halakorik sekula hitzartu ez duten arren.
Horregatik, behin betiko erabakia hartu aurretik, eta talde politikoen artean adostasunik ez zegoela ikusirik, gobernu taldeak parte-hartze prozesuetan espezializatutako Elhuyarreko Aholkularitza Taldeari enkargatu dio parte-hartze prozesuaren dinamizazioa, herritarrek beharrezko informazioa izan dezaten, eta ekarpenak egin ditzaten erabakia behin-betiko hartu aurretik.
Antxoko garapenaren atal bat
Biteri plazarako proiektua, Arau Subsidiarioen barruan kokatu eta osotasunaren atal baten gisa ulertu behar dela azaldu zuten gobernu taldeko kideek. Esan zutenez, bi dira Arau Subsidiarioen helburu nagusiak Antxorako: «Eraikin eta jarduera zaharrek betetzen zituzten espazioetatik, kalitatezko hiri eremuak lortzea» eta «gune libreen eskasia gainditzea».
Azken urteotan egin diren lanak (Molinaoko errekaren parkea, Luzuriaga, barrutiko hainbat kale eta plazen eraberritzea, N-1...) eta baita aurreikusi dituztenak, Biteri plazakoa tartean, helburu horiei begira landutakoak direla esan zuten.
Eztabaidara plazaratuko den proposamena Udala eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmenak jasotzen duen bera da, eta horren inguruan eztabaidatuko da proposatu dituzten lau parte-hartze foroetan. Ondorioa, hori bai, loteslea izango dela nabarmendu zuten gobernu taldeko kideek. Hau da, behin betiko erabakia plenoaren esku dagoen arren, gobernu taldeak bere egingo du orain abiatuko den eztabaida prozesuaren ondorioa, aldekoa edo kontrakoa izan.
foroak
hitzarmenaren edukia
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Kirola
itsas mendiren x. pala txapelketa
PASAIA, donibaneko pilotalekuan - 2008-10-26
deialdiak
Mendibururi buruzko erakusketa
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-11-21
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.