ray mendiburu ð- Arkitektoa
«Hirigintza Plana osatzeko ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea»
Hirigintza Lezoko Hirigintza Plan berria osatzeko kanpaina abian da; Planari buruzko xehetasun guztiak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Ray Mendiburuk
jon gonzalo
Ray Mendiburu arkitektoa (Donostia, 1953) buru-belarri ari da Lezoko Hirigintza Plan berriaren prestaketan. Plana osatzeko Udalak martxan jarritako kanpaina eta etorkizuneko Lezoren aldaketak izan ditu hizpide elkarrizketa honetan.
Lezoko Hirigintza Plan berriaren inguruko kanpaina abian da. Orain arte egindako bideaz zer nolako balorazioa egiten duzu?
Kanpainaren helburua Plana osatzeko garaian herritarren inplikazioa bilatzea da.Horretarako, lau fasetan banatu du kanpaina Lezoko Udalak: Ikasi, Ezagutu, Proposatu eta Eztabaidatu. Bigarren fasean murgilduta dago kanpaina. Fase honetan Planaren ildo nagusiak ezagutaraziko ditugu, eta, ondoren, jendeak Planaren osaketan parte hartzea nahi dugu: proposamenak egin ditzatela, kezkak azaldu eta abar. Izan ere, herritarrek erabaki behar dute etorkizuneko Lezo nolakoa izango den.
Kanpainaren helburu nagusietako bat jendearen parte-hartzea sustatzea da. Nola erantzun du jendeak orain arte ?
Udalak antolatu dituen hitzaldietara jende dezente gerturatu da, eta parte-hartzea nahiko handia izan da. Hala ere, aurrerantzean bilera eta eztabaida gehiago izango dira. Kaletarrekin zein baserritarrekin bilerak egin, eta haien iritziak jasoko ditugu.
Has gaitezen Hirigintza Plan berriari buruzko ildo nagusiak zehazten. Aurreko gobernu taldeak egindako Planarekin alderatuko bagenu, zeintzuk dira ezberdintasun nagusiak?
Bien arteko ezberdintasunak nabarmenak dira. Errepideei dagokionez, esate baterako, aurreko gobernu taldeak bariante berri bat egiteko asmoa zuen. Oraingo Plan berrian, ordea, N-1 errepidea zabaltzea proposatzen dugu. Etxebizitzei dagokienez, berriz, aurreko legegintzaldian 1.000 etxebizitzetik gora egiteko asmoa zuten. Guk ez dugu uste hainbeste behar direnik, eta ia 300 gutxiago aurreikusi ditugu. Azken batean, proiektu erraldoiak alde batera utzi eta herriaren beharretara egokitutako Plana diseinatzen ari gara. Herriaren beharrei erantzuten diena eta ingurumena errespetatzen duena.
Azter dezagun Plana puntuz puntu. Zenbat etxebizitza aurreikusi dituzue Hirigintza Plan berrian?
800 inguru izango dira: Sektore 1ean 120; Altzaten 83; Zelain 150; Maintzinen 26; Algeposan 300 eta Arraintokin beste 100. Arraintokikoa ateratzen ez bada Olatzarren egingo ditugu. Etxebizitzen kopuru handi bat, ia 400, babestutakoak izango dira. Halaber, alokairu sozialak bultzatuko ditugu. Sektore 1ean eta Algeposan alokairu sozialeko 100 etxebizitza aurreikusi ditugu. Hilean, 120 euroko alokairua ordainduta etxebizitza eta garajea izateko aukera izango dute herritarrek.
Etxebizitzez gain, industria gune bat erakitzeko asmoa duzue, ezta?
Aurreko gobernu taldeak industria gune gehiago egiteko asmoa zuen, baina guk ez dugu hainbesterako beharrik ikusten. Industria gune bakarra eraikiko dugu, Gaintxurizketan edo Sagastiberrin. 14 hektareako industria gunea izango da, eta ingurumenari ahalik eta kalte gutxien egiten saiatuko gara. Gure asmoa Algeposa enpresa eta Lezoko erdigunean dauden beste zenbait enpresa industria gune berri horretara eramatea da.
Hirigintza Plan berrian, errepideen gaia ere gertutik jarraitu beharrekoa da. N-1 errepidea zabaldu ala errepide berria egitearen aldekoak zarete?
Zalantzarik gabe, N-1 errepidea zabaltzearen aldekoak gara. Bariante berria egiteak ingurumena suntsitu, eta onura baino kalte handiagoa sortuko luke. Bestalde, Portuaren ingurutik errepide berri bat egitearen aldekoak gara. Pasai Donibane eta Errenteria-Orereta lotuko lituzke errepide berri honek, eta erdigunean sortzen den trafikoa gutxituko luke.
Azpiegitura handi horiez gain, bestelako ekipamenduak ere eraikiko dituzue, ezta?
Sektore 1ean anbulategi berria eta haurtzaindegi bat egingo ditugu. Pildainen, berriz, Markesaneko liburutegi berria. Halaber, Arraintokin, kiroldegia handitzeko aukera emango duen espazioa libre bat eskuratu dugu.
Gune libreak, parkeak... Aisialdirako gunerik aurreikusi al duzue?
Etxebizitza berriak eraikitzen diren espazioetan, parkeak edo gune libreak egitea derrigorrezkoa da. Halaxe dio legeak. Beraz, etxebizitzak eraikitzen ditugun guneetan aisialdirako espazioak egiteari garrantzia handia emango diogu. Algeposan, esate baterako, 10.000 metro koadroko parke bat egingo dugu. Olatzarren ere beste bat egitea proposatu dugu.
Kanpo kaia ez dugu orain arte aipatu. Zein da horren aurrean dituzuen aurreikuspenak?
Kanpo kaiari buruz asko hitz egiten da, baina oso informazio gutxi dago. Bertara iristeko Jaizkibel azpitik bi tunel handi egingo dituztela aipatu da, baina guk ez dugu konfirmaziorik jaso, nahiz eta Aldundiari informazioa behin eta berriz eskatu diogun. Tamaina hortako azpiegitura erraldoi batek herrian izan dezakeen eragina oso handia izan daiteke. Beraz, gaia tentuz jorratu beharra dago. Oraingoz, batere zehaztu gabeko proiektua da, eta guk behintzat ez dugu aurrera eramateko inolako neurririk hartuko.
Noizko bukatuko duzue Lezoko Hirigintza Plana?
Hirigintza Planaren inguruko kanpaina urrian amaituko da eta, ondoren, Hirigintza Planaren behin behineko dokumentoa idatziko dugu. Abendurako bukatzea espero dut. Ondoren, Aldundiak eman beharko dio oniritzia Hirigintza Plan berriari. Beraz, behin betiko dokumentoa 2009rako izango da prest.