
«Horrenbeste urtetan saiatu ondoren, lortu dugu txapela azkenean»
Dantza
Eneko Gil eta Nerea Vesga pozik agertu dira herenegun Euskal Herriko Solte Txapelketa irabazi ondoren
Alain maya
«Horrenbeste urtetan saiatu ondoren lortu dugu azkenean». Horiek izan ziren Eneko Gilen lehenengo hitzak Euskal Herriko Solte Txapelketa irabazi ondoren. Bai bera, eta baita Nerea Vesga bikotea ere, oso hunkiturik zeuden Nestor Basterretxearen oroigarria jaso zutenean.
Urte asko izan dira Euskal Herriko txapelaren atzetik. Azken bi urtetan bigarren postuan sailkatu da bikote errenteriarra, eta makina bat ohorezko postu lortua dituzte aurretik. Gipuzkoako txapeldun ere izan ziren orain bi urte. «Txapeldun izateko aukera genuela bagenekien, eta horregatik gogor eta gogoz entseatu dugu», azaldu du Nerea Vesgak.
Bigarren, Bergarako Mikel Igartua eta Ibane Baseta sailkatu ziren, eta hirugarren Sestaoko Arkaitz Paskuas eta Nagore De la Cuevas izan ziren. Epaimahaiak azken urtetan ez bezala aho batez erabaki zuen txapeldunak Eneko Gilek eta Nerea Vesgak osatutako bikoteak izan behar zuela.
Errenteriarrek, Eroski Bidaiakek emandako bost bidaia; 700 euroko diru saria; Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko trofeoa; txapela eta lepokoa, eta Nestor Basterretxearen eskultura jaso zituzten.
Egun hauetan, elkarrizketak, txapelketak... izango dituzte, eta ez dute atseden hartzeko aukerarik izango.
Oarsoaldea protagonista
Txapeldunak eskualdekoak izan ziren, baina protagonista nagusiak izan arren, ez ziren bakarrak izan. Joxe Juan Ugalde lezoarrak urte askotan dantza soltearen inguruan egindako lanagatik omenaldia jaso zuen. «Ez nuen espero, eta ezusteko handia izan zen», azaldu du Ugaldek. Omenaldian errenteriar batek ere hartu zuen parte, Ibon Huartek. Euskal Herriko Aurresku txapelduna da Huarte, eta ohorezko kontrapasa dantzatu zion Ugalderi.
Horrez gain, epaimahaiak azken emaitza erabakitzen zuen bitartean, Xafol-k taldeak 15 minutuko saioa eskaini zuen.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Santa Zezilia eguna
OIARTZUN, Doneztebe plazatik abiatuta - 2008-11-22
Musika
Kontzertua
Lezo, - 2008-11-23
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.