
Rober Benito eta Pablo Carral gazteak errugabetu dituzte
Politika
Joan den ostegunean epaitu zituzten, 2006ko irailean Gaztañoko EuskoTreneko geltokiari su ematea leporatuta
erredakzioa
Gaztañoko topo geltokian 2006ko irailaren 19an sutea eragitea egotzi zieten Rober Benito eta Pablo Carral gazteak errugabetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, haien aurka frogarik ez dagoelako. Joan den ostegunean epaitu zituzten bi gazteak Madrilen, eta fiskalak hiru urteko kartzela zigorra eskatu zuen bientzat.
Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo kaleratu zuen auziari buruzko epaia, esan bezala, bi gazteak errugabetuz. Epaiaren arabera, bi epaituek ez dute «inongo loturarik» topo geltokiaren sutearekin, eta sutea gertatu zenean Bukagaitz Elkarteko bilera batean zeudela frogatuta gelditu da.
Orain arte, bi gazteek hamabost egunero epaitegitik pasatu behar izan dute sinatzera. Aurrerantzean, ordea, ez dute horrelakorik egin beharko.
Epaiketako testigantzak
Pablo Carral eta Rober Benito lehengo astean epaitu zituzten Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Akusazioaren aldetik zenbait ertzainek deklaratu zuten. Ertzainen arabera, Carralen eta Benitoren aurkako proba nagusia haien janzkera izan zen. Antza, erasogileek arropa iluna zeramatela ikusi zuen EuskoTreneko langile batek, eta deklarazio horretan oinarritu zituzten haien baieztapenak ertzainek.
Akusazioaren aldetik, berriz, hainbat lekukok deklaratu zuten. Lekuko hauen arabera, bi akusatuak Bukagaitz Elkartean zeuden erasoa gertatu zen unean, minutu batzuk lehenago auzotarren bilera batean parte hartu baitzuten.
Gertaeraren nondik norakoa
Rober Benito eta Pablo Carral gazteak 2006ko irailaren 19an atxilotu zituzten, Gaztañoko EuskoTreneko geltokiari su ematea egotzita. Izan ere, egun hartako 22:15ak aldera, ezezagun batzuek su eman zioten aipaturiko geltokiari. Handik ia 30 minutura, ertzainek Benito eta Carral atxilotu zituzten geltokiaren inguruetan, erasoan parte hartu izana leporatuta. Bi gazteek irailaren 22an deklaratu zuten Baltasar Garzon epailearen aurrean. Epaileak bermerik gabe aske utzi zituen.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Guderen Omenezko V. Koadrilen Arteko Gastronomia Lehiaketa
Lezo, - 2008-11-21
Musika
Santa Zezilia eguna
OIARTZUN, Doneztebe plazatik abiatuta - 2008-11-22
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.