
Txarako irregulartasunak aztertzeko batzordean,
EAE-ANV bakarrik
Udala
OiartzunBai-k (OB) eta Ezker Batua-Berdeek ez dutela parte hartuko batzorde berezian adierazi dute
goiAtz labandibar
Txarako parkea egiteko orduan EAE-ANVk irregulartasunak salatu zituen. Udalak horiek ikertzeko batzorde berezia sortu du, baina EAE-ANVko hiru kidek bakarrik hartuko dute parte bertan.
OiartzunBaik (OB) eta Ezker Batua-Berdeek ez dutela parte hartuko adierazi zuten herenegungo udalbatzarrean.
OB: «Zirkoa egin nahi duzue»
Batzordea osatzeaz gain, kideak izendatzea proposatzen zen gai-zerrendan. Martin Beramendik batzordean parte hartzea «ez zela egokiena» izan zen EAE-ANVren proposamena, «bera alkate zela hartutako erabakiak aztertu nahi direlako».
Beramendik, OBren izenean, «lotsagarritzat» jo zuen batzordea eratzea, «ezer ez dagoen tokian zirko bat egin nahi duzue».
EB: «Ofizioz azter daitezke»
OBk batzordea osatzearen kontra bozkatu zuen. EAE-ANVko Pavel Viñasek erantzun zien: «Jarduera batzuk aztertu nahi ditugu, udal kudeaketa herritarrengana moldatzeko».
Tomas Aristizabal EB-Berdeak koalizioko zinegotziak bere postura defendatzeko «irregulartasunak ofizioz azter daitezkeela» azaldu zuen. «Irregulartasunik balego, parte hartuko dugu», esan zuen. Abstenitu egin zen.
EAE-ANVtik, Aitor Etxeberriak, Pavel Viñasek eta Enrike Lekuonak hartuko dute parte batzordean.
Fermiñeneko aldaketak
Fermiñeneko lanen kontratazioa ere eguneratu zuten, eta izan diren gastu gehigarriak ere sartu zituzten -67.000 euro-, EAE-ANVren aldeko botoekin.
«Proiektua aldatzeak eragin ditu gastuak», azaldu zuen Aitor Etxeberria alkateak. Ludoteka, euskaltegia eta turismo bulegoa egongo dira Fermiñenen.
Lanak abuztu bukaeran edo iraila hasieran martxan jartzea espero du Udalak.
«Segurtasuna lehentasun»
OBren ustez, «Fermiñene ez da toki egokia ludoteka jartzeko». Eraikinak argitasun gutxi duela esan zuten. Gainera, «gaia ez dela batzordeetan landu» salatu zuen. Horregatik, abstenitu egin ziren -baita EB-Berdeak ere-.
Idurre Bera Gazteria zinegotziak erantzun zion, sail honetako batzordean hitz egin baitzen aldaketari buruz: «Egia da ez dela batere argitsua, baina ludotekak izango duen ordutegia eta egutegia ikusirik, bestela ere ez dago argi askorik. Segurtasunari eman diogu lehentasuna: Fermiñenen ez dago ibilgailurik».
Lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko araudia, ikusgai
Lokal komertzialetan etxebizitzak egiteko araudia jendaurrean jartzea ere onartu zuen udalbatzarrak aho batez. 30 egunez egongo da ikusgai.
«Etxebizitza arazoari irtenbidea eman nahi diogu», esan zuen alkateak, «badakigu lokalen prezioak gora egiten duela, eta hori gerta ez dadin, lokalak etxebizitza non bihur litezkeen zerrendatuko dugu».
Auzoetako erdiguneko lokalak «hirugarren sektorerako» izango dira, «auzo bizitzaren erdigune izan behar dutelako gune horiek».
Elkartasun laguntzak
Era berean, Etiopiako Bushulo herriko ospitalean emergentziazko argiak jartzeko 30.000 euroko diru laguntza ematea ahobatez onartu zen.
Oiartzungo Caritasen bidez bideratuko da laguntza. Bushulo herriari laguntzeko programa 2004an hasi zen.
Era berean, Euskal Fondoari beste 60.000 euroko ekarpena egitea ere adostu zuten. Diru hau Nikaraguako eta Kubako proiektuetara bideratuko dute.
Baita ere, Lartaun abesbatzak Madalensoro pilotalekuaren bigaren solairuan erabiltzen duen gela beste bost urterako utzi dio udalbatzarrak abesbatzari, aho batez hala erabakita.
ugaldetxon, alokairuzko 30 etxebizitza
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Hitzaldia
zer gertatzen ari da Grezian?: zine txiroa
ERRENTERIA-ORERETA, Mikelazulo - 2009-01-08
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.