
Aurtengo jaialdia «luzaroan gogoratuko» dela azaldu dute Ereintzako kideek
Dantza
Herenegun bukatu zen 'Errenteria Dantzan' jaialdiaren balorazio «positiboa» egin du herriko dantza taldeak
alain maya
Herenegun bukatu zen Errenteria Dantzan jaialdia Barcelona Rhythmin Tap klake dantza konpainiaren emanaldiarekin. Ereintza Dantza Taldearen 50. urteurreneko azken emanaldia izan zen. Urterreurrena ospatzeko antolatu dituzten ekimenekin «oso gustura» gelditu dira Ereintzakoak, eta balantze «positiboa» egin dute.
220 lagun inguru bildu ziren Errenteria Hiria Kulturgunean Guillem Alonso, koreografo eta dantzari ezagunak zuzentzen duen konpainiaren ikuskizuna ikusteko. «Talde kataluniarrak eskainitako saioa ikusgarria izan zen», azaldu dute Ereintza Dantza Taldeko kideek.
«Duela lau urte hasi ginen dantza estilo ezberdinetako taldeak herrira ekartzen, errenteriarren dantzarekiko ikuspegia zabaltzeko asmoz. Eta, orain arte asmatzen ari garela uste dut. Jende oso gustura irten ohi da, baita aurtengoan ere», azaldu du Juantxo Maya Ereintza Dantza Taldeko presidenteak.
Aurreko egunean Brokel Dantzen saila eskaini zuten Ereintzak, eta herriko taldearekin harreman zuzena izan duten eta elkarlanean aritu diren Lezoko Murixkak, Azkoitiko Sahatsak eta Irungo Kemenek. 18:30ean desfilea egin zen herriko kaleetan zehar, eta 19:00etan Gamon Zumardian izan zen dantza saioa. «Eguraldi ona zela eta jende gutxi izango zela uste genuen, baina Zumardian jende ugari bildu zen lau taldeak dantzan ikusteko», azaldu du Mayak.
Ikuskizun hunkigarria
Joan zen asteko larunbatean Ereintza Dantza Taldeko belaunaldi ezberdinetako dantzariak igo ziren Galtzarabordako kiroldegiko oholtzara. Guztira 110 lagunek hartu zuten parte ekitaldi hunkigarrian. «Ikusleek eta, batez ere, Ereintzaren familia osatzen dugunok luzaroan gogoratuko dugu egun hau», azaldu du Mayak. «Parte-hartzaile helduenentzako garai bateko lagunekin biltzeko aukera izan zen. Oso polita izan zen belaunaldi ezberdinetako dantzariak oholtzan elkarrekin ikustea, baita ondorengo afariak solasean ikustea», gaineratu du Ereintzako kideak.
Atzerriko talde bat etorriko dela ziurtatu du Ereintzak
Joan zen igandean Errusiako dantzen ikuskizuna zegoen iragarrita kulturgunean, baina bertan behera gelditu zen antolakuntzarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik. «Hala ere, aurki atzerriko talde bat ekarriko dugu», jakinarazi du Mayak. «Hau izan da jaialdi biribil hontako arazo bakarra».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
1953an jaiotakoen bazkaria
ERRENTERIA-ORERETA, Lezoko Etxeberri jatetxean - 2008-10-30
deialdiak
Mendibururi buruzko erakusketa
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-11-21
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.