
Txartel bakarraren zerbitzuan sar liteke motora
Pasaia
EB-Berdek proposatutako ekimena Batzar Nagusietan ahobatez onartua izan da; orain Aldundiari dagokio neurria abian jartzea
nahiara gago
San Pedro eta Donibane elkartzen dituen motoraren erabiltzaileentzako Lurraldebuseko txartel bakarraren zerbitzua ezartzeko pausoa eman zuten herenegun Batzar Nagusiek, EB-Berdeen proposamena onartu zutelako. Zentzu honetan, Pasaiako Udalak ere motorak Pasaiako barruti ezberdinak bat egiteko bidean izan behar duen bilakaeraren ikerketa eskatu du, merkataritza sustatzeko planaren barruan.
Batzar Nagusiek herenegun onartu zuten txartel bakarraren erabilera motorara aplikatzeko proposamena, baina orain Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio azken erabakia hartzea, kontuan hartu behar baita Lurraldebuseko txartela autobusentzako erabili dela orain arte. Horregatik, EB-Berdeek premiazko eskea egin dute neurri hori abian jar dadin.
Honen harira, motoraren zerbitzuak hedatzeko Aldundia Pasaiako Udalarekin elkarlanean has dadila eskatu dute Batzar Nagusiek. Beste hainbat garraiobidetan bezala, motorek bidaiari gehiago hartzea eta aldi berean bidaiariek joan-etorriak egiteko motora erabiltzea galdegin dute.
EAJko Batzar Nagusietako eledun Maribel Vaquerok herenegun esan zuenaren arabera, «San Pedro eta Donibaneren arteko garraio zerbitzua betetzen duen motorak pasaitarren arteko komunikazioa hobetzen du», eta horregatik bera partaide den alderdiak zerbitzua hobetzearen aldeko proposamena defendatu du baita ere.
«Energia gutxiago»
Vaqueroren ustez, «txartel bakarra motoran erabiltzeak denbora aurrezteko bidea emango luke, energia gutxiago kontsumitzen lagundu eta, aldi berean, gutxiago kutsatuko litzateke». Horrez gain, herrian dauden aparkatzeko arazoak arintzea ahalbidetuko lukeela uste du.
Hartara, EAJko bozeramaileak dio «EB-Berdeek aurkeztutako proposamenak Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek onartutako kudeaketa planarekin» bat egiten duela, baina era berean, kudeaketa planean mugikortasuna, jasangarritasuna eta lurralde oreka jaso behar direla gogoratu du.
EB-Berdeen argudioak
EB-Berdeen Batzar Nagusietako bozeramaile Arantza Gonzalezen ustez, «San Pedro eta Donibane konektatzen dituen motorak erabiltzaile asko ditu». Horrez gain, Nabalaldea epe laburrean hasiko da martxan, eta jende askoren joan-etorria eragingo du poligonoaren irekierak. «Jende asko bertaratuko da Nabalaldera lana dela eta», adierazi du Gonzalezek.
EAJren bozeramailearen hitzetan, «badiaren bi ertzak bateratzen dituen konexioa bultzatuz gero eta motoraren zerbitzua zabaltzearekin, mugikortasuna asko hobetuko litzateke » .
Bultzada hori aurrera eramateko, txartel bakarraren erabilera neurri garrantzitsua bezala ikusten dute Batzar Nagusietako kide guztiek, ahobatez onartu baitute proposamena.
«Arrazoi horiez guztiez gain», dio EB-Berdeen batzar nagusietako eledun Arantza Gonzalezek, «bada beste arrazoi bat oso garrantzitsua motora txartel bakarraren zerbitzuan sartzeko: Pasaiako udaletxearen kokapena hain zuzen ere. Pasaiako udaletxea Donibanen dago».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
1953an jaiotakoen bazkaria
ERRENTERIA-ORERETA, Lezoko Etxeberri jatetxean - 2008-10-30
Musika
Santa Zeziliako kontzertua
OIARTZUN, Aialde kalea eta Doneztebe plaza - 2008-11-21
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.