
Antxoa ez arrantzatzeko irizpidea egokia dela uste dute arrantzaleek
Ekonomia
Hiru urte antxoa harrapatu gabe egon ostean, egoerak txarrera nola egin duen galdegin dute arrantzaleek
nagore vega
Datorren urteko uztailera arte antxoa ez harrapatzeko irizpidea egokia izan daitekeela uste du Jaime Tejedor San Pedroko Kepa Deun Arrantzaleen Kofradiako presidenteak. Neurri egokia bai, baina duda eta galdera asko ditu sektoreak. Izan ere, antxoa espeziearen egoera iazkoa baino okerragoa dela dio presidenteak, baina 2006etik arrantza egin gabe daude. Datozen egunotan zientzialariak, ekologistak, arrantzaleak... bilduko dira dituzten aukerak eztabaidatzeko.
Antxoa harrapatzeko debekua 2006. urtean hasi zen, eta herenegun 2009ra arte luzatu zuen Europako Batzordeak. Nathalie Charboneau Europako Batzordeko Arrantza bozeramaileak esan zuenez, erakundeak ziurrenik antxoaren debekua gutxienez2009ko uztailera arte luzatuko du.
Antxoaren egoera iaz baino larriagoa dela ohartarazi du Tejedorrek. Hori diote baita ere adituek egindako txostenek, ICES/CIEM Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluarenak eta Arrantzarako Komite Zientifikoarenak. Biek Europako Batzordeari eskatu diote 2009. urteko uztailera arte luza dezala antxoa harrapatzeko debekua.
Azti-Tecnicalia ikerketa taldeak maiatzaren 6a eta 26a bitartean antxoek egunean sortutako arrautza kopuruak neurtu zituen CIEMen txostenerako. Aztiko zientzialarien arabera, antxoa kopuruak ez du berreskuratze nabarmenik izan. Zuhurtziazko biomasaren azpitik dago, eta horrek espeziearen gainesplotazio arriskua dakar.
CIEMek ekainaren 20an egin zion debekua luzatzeko eskaera Europako Batzordeari. Ordurako bazuen egoeraren berri Jaime Tejedorrek: «Orain arte ez dugu ezer esan, baina hedabideetan atera denez erantzun egin behar dugu».
Duda asko eta erantzun gutxi
Arrantzaleek erantzunak galdegin dituzte. Izan ere, ez dute antxoarik arrantzatu 2006. urtetik (2007ko kanpaina esperimentala salbu), baina egoera gero eta okerragoa da. Kutsaduraren eragina ote den aztertzen ere ari dira. Duda asko dituzte, baina erantzunak biltzen pixkanaka hastea espero dute.
Egunotan, eztabaidan ari dira inplikatuta dauden eragileak. Kudeaketa plan bat egingo dute epe ertain eta luzerako, arrantzale, zientzialari, ekologista... denen artean adostuta. Helburua, antxoarekin gertatu dena ez berriro errepikatzea da.
Urrian ezagutuko dute egoera
Tejedorrek debekua egokia dela uste badu ere, itxaron egin behar dela dio: «Urrian jakingo da benetan antxoa nola dagoen: udaberrian antxoek jarritako arrautzak aztertzen dira eta urrian, bestalde, jarritako arrautza horietatik zenbat ugaldu diren jakingo da». Alegia, datuak findu egin behar dira Tejedorren iritziz. Emaitzak aurreko urteetan baino hobeagoak badira, aukera ezberdinak planteatzen hasiko dira.
Bilduko dituzten datu horiekin, epe motzerako kudeaketa plana egin nahi dute adituek. Arrantzaleek udako kanpainetan ikusten dutenarekin eta urrian bildutako datuekin 2009an zer egin aztertuko dute.
Helburua datorren urteko lehenengo seihilabeteetan arrantzara ateratzea litzateke. Ez sei hilabeteetan, baina bai aste batzutetan behintzat. Arrantza hori ez litzateke betiko arrantza izango, kontrolatuagoa izango litzateke.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Auzo batzarra
OIARTZUN, Artaso Elkartean - 2008-11-21
antzerkia
'Enkantatua' antzezlana
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-11-22
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.