
mikel astarloza ð- Txirrindularia
«Iaz bederatzigarren izan nintzen eta aurten aurrerago egon nahi dut»
Txirrindularitza
Etzi abiatuko den Tourrean Euskaltel Euskadiko Mikel Astarlozak iazko bederatzigarren postua hobetzea eta etapa garaipena ditu helburu nagusi
olatz mitxelena
Urte osoan horretarako lanean aritu eta gero, azkenean iritsi zaio ordua Mikel Astarlozari (San Pedro, 1979). Tourra etzi hasiko da, Bretainiako Bresten, eta atzo bertan irten zen hara bidean Astarloza, Euskaltel Euskadiko taldekideekin batera. Etxean eman ditu azkeneko asteak, lehia hasteko irrikaz.
Nola zaude Tourra hasi aurreko egun hauetan?
Aste honetan [lehengo astean] asko entrenatu dut, Tourrari begira azkeneko entrenamendu saio gogorrak egiten, eta hemendik aurrera atseden hartzea tokatzen zait, indarberritzea. Azkeneko aste honetan [lehengo asteagatik] urduri nago. Gogoa dut hara joateko. Etxean nago egunak zenbatzen. Urte osoan honen zain egon naiz, eta orain behingoz lanerako garaia iritsi denaren sentsazioa dut.
Zein helbururekin zoaz Tourrera?
Lehenengo helburua iazko papera hobetzea da. Iaz bederatzigarren izan nintzen sailkapen nagusian, eta aurten aurrerago egotea gustatuko litzaidake, baina batez ere etapa garaipenen bat bilatzen saiatuko naiz.
Euskaltelek talde indartsua du aurten, hiru talde bururekin: Haimar Zubeldia, Samuel Sanchez eta zu zeu. Hirukote horretan zein izango da zure funtzioa?
Normalean lider bakarra egoten da eta denek berarentzako lan egiten dute. Gure kasuan, baina, hiru lider egongo gara, eta momentuz hirurak irtengo gara presio berdinarekin eta ardura berdinarekin. Errepidea izango da gerora bakoitza bere lekuan jarriko duena, eta orduan ikusiko dugu benetan batentzako lan egin beharko den edota hirurentzako. Dauphine Liberen Haimar eta ni izan gara talde buruak. Biak ondo ibili gara, eta talde guztia guretzako lanean aritu da. Tourrera inoiz eraman duen talderik indartsuena eramango du Euskaltelek, eta hortik hiru talde buru egotearena.
Alpeetan ibili zara, hango hiru etapetako ibilbidea ikusten. Zer iruditu zaizkizu? Nola egokitzen zaizu ibilbidea aurten?
Dauphine aurretik hiru egun egon nintzen Piriniotan, eta Dauphine eta gero, Alpetan geratu nintzen hangoak ikusteko. Ibilbidea, ez da, egia esan, niretzako izan zitekeen aproposena. Erlojupeko kilometroak dezente kendu dituzte, eta hori nire kalterako da. Mendiari dagokionean, Pirinioak, adibidez, ez dira oso gogorrak izango. Bi egun bakarrik izango dira, eta gustatuko litzaidake gogorxeagoak izatea. Pirinioetan falta den gogortasun hori Alpeetan aurkituko dugu. Alpeak izugarri gogorrak dira aurten. Azkeneko astean izango dira, indarrak nahiko urriak izaten diren garaian. Harrituta gelditu nintzen han zer nolako etapak izango ditugun ikustean.
Zure alde, zer du ba horrek guztiak?
Alde ona da, ni normalean azkeneko astera nahiko sasoitsu iristen naizela, eta Alpeak beti ondo eman izan zaizkidala. Ag2r-n nengoenetik, Alpeak ondo ezagutzen ditut. Alpeak, agian, nire gorputzari hobeto egokitzen zaizkion mendiak dira, eta Pirinioetan zaleak eta lagunak joango direla izango dut alde. Beraz, alde onak bilatzen hasita, bietan dauzkat.
Tourra oso irekia dagoela diote. Zuretzako zein da faborito?
Niretzako, irabazteko hautagai nagusia Cadel Evans da. Iaz, bigarren izan zen, eta horregatik bakarrik, merezi du faboritoaren izendapena. Hortik aurrera, inoiz baino gizon gehiagok dute podiumean sartzeko aukera. Kinielak egiten hasiz gero, gutxik asmatuko lukete benetan podiuma zein izango den. Zortzi edo hamar txirrindulari daude podiumean sartzeko aukerekin. Horregatik, oso garesti egongo dira aurreko postu horiek. Iaz hamar lehenengoetan sailkatu ginen guztiak egongo gara hor inguruan. Izenak errepikatuko direla uste dut, ez dakit orden berdinean ala ez, baina behintzat hor aurrealdean bai.
Euskaldunen arteko kinielan zeintzuk?
Aurrealdean Haimar Zubeldia eta ni izan beharko ginateke. Printzipioz, sailkapen nagusian hobekien ibiltzeko aukerak guk dauzkagu. Etapak irabazteko, jende dezente dagoela uste dut, batez ere Euskaltel Euskadi taldean. Oso-oso talde indartsua eramango dugu aurten, ausartuko nintzateke esatera inoiz izan den talderik potenteena izango dela Tourreko irteeran. Apostua argia izan da; talderik onena Tourrera eramatea beste lasterketa batzuk sakrifikatuz, eta nik uste dut ondo aterako dela. Euskalteletik kanpo badira euskaldunak baita ere, eta horiekin gogoratu beharra dago. Ziur nago horiek ere ondo ibiliko direla.
Podiuma, etapa garaipena,... zer ospatu izango al dugu aurten?
Gustatuko litzaidake. 2003. urtetik ez da lortzen Tourrean etapa bat eta gustatuko litzaidake aurten izatea garaipena errepikatzeko urtea, eta noski, ni izatea etapa irabazten duena.
Tour lasaia izango al da azkenik aurtengoa?
Espero dut lasaia izatea. Egia esan, ni aspertuta nago jada, kirola edo txirrindularitza ez den beste kontu horiek guztiak entzuteaz. Ez dakit zer pasatuko den, baina, behintzat nire nahia da txirrindularitzaz bakarrik hitz egitea. Hori da jendeak nahi duena, ikuskizunaz gozatu, eta ez gure gainetik dauden estamentu horien arteko borrokaz. Azkenean, protagonismoa beraiek eramaten dute eta hori gure kalterako da.
San Pedron ez dituzu zale gutxi. Astarloza Taldeak prest du Piriniotara joateko autobusa. Babes hori eskertzekoa da, ezta?
Arraun tradizio handia dagoen herri batetan txirrindulari bat sortzea oso arraroa da. Jendeak ez zuen txirrindularitza asko jarraitzen, arrauna delako herri honetako kirola, baina, orain harrituta geratzen naiz jendeak nola jarraitzen duen ikusten dudanean; ni hor nagoenetik, gazteek bakarrik ez, etxekoandreek ere Tourra jarraitzen dute. Herriko amonek geratzen naute kaletik, nigatik otoitz egiten dutela esanez, Tourra ikusten dutela eta animoak bidaltzen dizkidatela. Egia esan oso polita da zale hain desberdinak ikustea.
'Libia'-ko arraunlariak babesten ikusi zaitugu. Zuk arrauna bizi duzu?
Bai, bai! Eta ezin ezetzik esan gainera. 90. hamarkada bizi zuen haur horietako bat naiz, San Pedrok arraunean izan duen garairik onenetakoa bizi zuenetakoa. Ia orduko garaipen horiek itzultzen diren, herrian gogoa badago eta.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.