
Udalak helegitea jarri du Portuko Plan Berezia gelditzeko erabakiaren aurka
Hirigintza
Autoak plana behin-behinean gelditu duela zehaztu du Udalak, eta hedabideek ez dutela informazio osoa eman
nagore vega
Pasaiako Udalak argitu duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du erabaki portuko eremua Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzea. Auzitegi Nagusiaren erabakia kautelazkoa dela azaldu du Udalak, hots, Plan Berezia gelditu duela. Erabaki horren aurka helegitea jarri dute. Baina, Udalaren arabera, Auzitegi Nagusia ez da sartu oinarrian dagoen arazoa aztertzera, alegia, ez du zehaztu zein den Plan Berezia aurrera atera eta onartuko duen administrazioa.
Atzo hedabideetan agertutako albistearen harira, argibideak eman ditu Pasaiako Udalak, bestalde. Euren iritziz, hedabideek ez diete informazio osoa eman herritarrei eta horrek gaizki ulertuak sor tu ditu.
Hasteko, Udalaren arabera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du erabaki Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaiako Portua eta inguruko eremuak antolatu behar dituenik. Pasaiako Portu Agintaritzak helegitea jarri zuen Udalaren Plan Berezia martxan jartzeko akordioaren aurka. Helegitea aintzat hartuz, Auzitegi Nagusiak erabaki du «akordioa martxan jartzea gelditzea», baina «oinarrian dagoen arazoa argitu gabe». Hots, ez du erabaki Portua antolatuko duen administrazioa zein izango den.
Oinarria argitu behar
«Beraz, auzitegiak argi utzi du hau ez dela oinarri hori eztabaidatzeko momentua eta bi helegiteekin hartu beharko du erabakia», dio Udalak. Bi helegiteak honakoak dira: batetik, Portuko Agintaritzak Udalaren Plan Bereziaren aurka jarritakoa, eta, bestetik, Udalak aurkeztutakoa. «Oraingoz, kautelazko neurriak hartu ditu auzitegiak, plana behin-behinean gelditu du, oinarrian dagoen gaia konpontzen den arte». Aipatutako helegiteak ebaztean konponduko da oinarrian dagoen gaia, alegia, zein administraziok bideratu eta onartuko duen Portuko Plan Berezia.
Bestetik, Portuko Agintaritzaren argudioak «zentzugabeak» direla dio Udalak. Portuko Agintaritzak «kaos urbanistikoa» argudiatu du Udalaren planaren aurka helegitea jartzeko. Udalaren ustez, Agintaritza bera da portuko eremua ordenatzeko hartu beharreko neurriak nahita atzeratu dituena: «Bere jarduerarekin jarraitu du ingurumen kontroletik eta kontrol urbanistikotik kanpo». Ingurumena, jarduera espedienteak eta badiaren inguruan bizi diren herritarrak aintzat hartu gabe, «Pasaiako Portuko Agintaritza da legeak errespetatu gabe jarraitzen duena», Udalaren aburuz.
Hedabideetan agertutakoa
EAEko Auzitegi Nagusiak Pasaiako portua Gipuzkoako Foru Aldundiak ordenatzea erabaki zuela kaleratu zuten hainbat hedabidek atzo. Eta helburua «kaos urbanistiko» bat saihestea zela zioten.
Informazio horien arabera, Auzitegi Nagusiak Pasaiako Udalaren Portuko Plan Berezia gelditu zuen, «aldi berean hainbat jarduera urbanistiko egin ez daitezen». Alegia, portuko zonaldea Lezo, Errenteria-Orereta, Pasaia eta Donostiarena da. Lau herriak akordio batera iritsi ez direnez, Bateragarritasun Plana izeneko lege figura erabili zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta antolamendua bere gain hartu zuen.
Pasaiako Portuko Agintaritzak, bestalde, helegitea jarri zuen Pasaiako Udalaren aurka. Udalak otsailean Plan Berezia onartu zuen eta Aldundiaren eta Udalaren arteko eskumen gatazka sortu zen. Hedabideetan agertutakoaren arabera, Auzitegi Nagusiaren erabakiak «lau herriri dagokien plan urbanistikoa Aldundiak bere gain hartzeko eskuduntzak ote dituen aztertzen du».
Hedabideek kaleratutakoarekin bat, Auzitegi Nagusiaren erabakiak honakoa dio: «3.000 biztanletik gorako herrietako udalak herriari dagozkion lurralde planen eskudun dira».
Lege hutsunea dago
Portuaren plana lau udalerriri dagokio. Aurreikusten ez zuten arazo baten aurrean daude administrazioak hedabideek jakinarazi dutenez: «Hasierako planteamendu hori onartuko balitz, plana herrien artean hainbat zatitan banatu beharko litzateke eta ez litzateke aurrera aterako».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
Ikuskizunak
Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.