Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Patxi Hoyos herriko pilotoak 30 urtetik gora daramatza autoak gidatzen. Rallyetan parte hartzea da bere afiziorik handiena. Horregatik, ondo zaintzen du bere BMW M3 E30 autoa.

Abiaduraren erregea

jon gonzalo

Eutsi gogor, bagoaz eta! Patxi Hoyosek gogor heldu dio bolanteari eta kopilotoaren beldur aurpegia ikusita animatzen hasi zaio. Izan ere, OARSOALDEKO HITZAn erredaktore izatea BMW M3 E30 autoan kopiloto lanetan joatea baino askoz errazagoa da!

Jaizkibel magaleko bidezidorretan batera eta bestera gabiltza. Azeleradorea topera zapaldu, martxak etengabe aldatu eta, tarteka, tronpo batzuk egiten ditu Hoyosek.

Kopilotoari tripak nahasten hasi zaizkio, baina Hoyosek lasai-lasai hitz egiten du hori guztia egiten duen bitartean: «30 urtetik gora daramatzat gidatzen eta ez dut inoiz afizioa galdu. Bolantearen aurrean jartzen naizenean gozatu egiten dut», azaldu du irribartsu herriko piloto famatuenak.

Autoak gustuko dituen igeltseroa

Patxi Hoyosek 53 urte ditu eta 21 urterekin hasi zen rallyetan parte hartzen. Hasiera-hasieratik, ordea, bere afiziorik handiena igeltsero lanarekin konpartitu behar izan du.

«Rallyetan parte hartzea oso garestia da, eta ondo ibili nahi baduzu autoetan dirua inbertitzea ezinbestekoa da. Horregatik, betidanik bestelako lanak egin behar izan ditut bizitza aurrera ateratzeko», azpimarratu du Hoyosek.

1976an, Seat 124 batekin hasi zen lasterketetan parte hartzen eta geroztik, ez du atsedenik hartu. Hasierako garai haiek emozio handiz gogoratzen ditu: «Gaztetasunak ematen duen ilusioa eta grina neukan eta lasterketa dezente irabaztea lortu nuen. Gaztetan, ez nuen arriskua ikusten. Hori bai, oso istripu gutxi izan nituen».

Euskal Herriko ia rallye guztietan parte hartu zuen Hoyosek eta bere Seat 124a oso ezaguna egin zen. Hori bai, orain dela urte batzuk BMW M3 E30 auto berriarengatik aldatu behar izan zuen: «Pena handia eman zidan Seat 124a uzteak, baina, egia esan, BMW berriarekin azkarrago ibiltzen naiz».



Inhar Hoyos, iloba eta kopilotoa

Patxi Hoyosek egindako auto aldaketaz ondo baino hobeto jabetu dira aurtengo Euskadiko Atzeko Kopan. BMW M3 E30 auto berria gidatzen emaitza bikainak lortzen ari da herriko pilotoa.

Autoarena, ordea, ez da denboraldiko aldaketa bakarra. Kopiloto berriarekin ari da aurten Patxi Hoyos. «Nire iloba Inhar hasi da kopiloto lanetan, eta bere lana oso ondo egiten ari da. Abiadura bizian joateari ez dio inolako beldurrik eta eman beharreko gomendioak azkar eta zuzen ematen dizkit».

Inhar Hoyos ere gustura dago bere lan berriarekin: «Rallyen mundua asko gustatzen zait, eta, hasi berria naizen arren, orain arteko lasterketetan gozatu egin dut», onartu du Hoyos gazteak. Izan ere, piloto sena odolean daramate Hoyos familian.

 

Euskadiko Atzeko Kopan lehen postuaren bila

Automobilismoa

Bost proba jokatu ondoren, bigarren postuan dago Hoyos, Castro liderrarengandik gertu

j. gonzalo



Euskadiko Atzeko Kopa emozioz beterikoa izaten ari da aurten. Bost proba jokatu ondoren, Angel eta Aingeru Castro aita-semeak daude txapelketaren lehen postuan. Patxi eta Inhar Hoyos, ordea, sailkapenean gertu dituzte.

Munitibarren denboraldiko bosgarren proba jokatu aurretik, 148 puntu zituzten Castrotarrek eta hamasei gutxiago Hoyostarrek. Munitibarren, ordea, Hoyostarrak laugarren sailkatu ziren, Castrotarrak baino postu bat aurrerago.

Denboraldia bukatzeko lau proba falta direnean, beraz, txapelketa lortzeko lehian sartu dira Patxi eta Inhar Hoyos. «Oso pozik gaude orain arte lortutako emaitzekin. Denboraldia hasi zenean hirugarren postuan sailkatzea zen gure helburua, baina uste baino askoz ere hobeto ari gara. Bigarren postuarekin pozik gaude, baina txapelketa lortzen saiatuko gara», azpimarratu du Patxi Hoyosek.

2005. urtean, Euskadiko Atzeko Koparen lehen aldia irabazi zuen Patxi Hoyosek. Beraz, aurtengoan ere nagusitzea lortuko balu bere bigarren txapela izango litzateke.

RAC Rallya

Aurtengo denboraldian jokaturiko bost probetan aurrean ibili diren arren, urteko emaitzarik onena RAC Rallyan lortu zuten Patxi eta Inhar Hoyosek. Inor baino azkarragoak izan ziren bertan, eta garaipena eskuratu zuten.

«Lasterketa oso ona egin genuen eta garaipena bikaina izan zen. RAC Rallyak izen handia du, jende asko joaten da proba ikustera, eta bertan irabaztea oso pozgarria izan zen», onartu du Patxi Hoyosek.

Gainontzeko lau probetan, halaber, ez dituzte nolanahiko emaitzak lortu: Hondarribian hirugarren sailkatu ziren; Ñañarri Rallyan zazpigarren; Mungian hirugarren eta Munitibarren laugarren. Denboraldia bukatu arte, erregulartasun horri eusten badiote txapelketa irabazteko aukera asko izango dituzte Hoyostarrek.

Lau proba falta dira

Euskadiko Atzeko Koparen IV. denboraldia bukatzeko lau proba falta dira: Villasana de Menako Rallya, Lekunberrikoa, Aramaiokoa eta BBK Rallya.

Egutegiko hurrengo hitzordua Villasana de Mena n(Burgos) izango dute Hoyostarrek, hileko bigarren asteburuan. Proba horri begira itxaropentsu ageri dira: «Egun bat lehenego joango gara rallyaren ibilbidea ezagutu eta probak egitera. Garaipenetik gertu ibiltzea da gure helburua».

Orain dela gutxi autoari suspentsioa aldatu diote eta Burgosen aldaketa horrek emaitza onak ematea espero dute. «Suspentsio berriarekin autoa askoz hobeto doa», adierazi du itxaropentsu Patxi Hoyosek.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ekitaldiak

2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02

deialdiak

Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa