
Zapi gorriek zerua estaliko dute Antxon, gaurtik aurrera
Sanferminak
20:00etan botako dute jaien hasiera iragarriko duen suziria, aurten, Gure Zumardian, eta elizako goialdetik
olatz mitxelena
Dena prest. Atzerakontua bukaerara iristekotan da. Gaur, 20:00etan, txupinazoan ospatuko dute antxotarrek sanferminen hasiera. Suziriaren eztandarekin batera zapi gorriak lepoan lotu eta bost eguneko jai etengabean murgilduko dira antxotarrak, lesakarrei eta iruñearrei aurre hartuz.
Txupinazoa berezia izango da aurten. Herritarrak eta bisitariak Gure Zumardian bilduko dira jaien hasiera ospatzeko. Urtero legez, Juanjo Bujandak izango du suziria pizteko ardura, eta ohiturari jarraituz, erretzen ariko den puruaren errautsekin piztuko du suziria. Berezitasuna, baina, jaurtiketa lekuak emango dio aurten txupinazoari. Alkateordetzarik ezean, elizako goialdetik botako du aurten Bujandak suziria, eta haraino, Oier Iribarren eskalatzaile gazteak igoko dio etxafuegoa, ekitaldi ikusgarrian.
Herrian ez daudenak gogoan
Presoak eta errefuxiatuak gogoratuko dituzte jaiak hasi bezain pronto, Gure Zumardian bertan egingo den brindisean. Maider Ziganda alkatea eta Ander Poza alkateordea izango dira ekitaldian, senideekin eta herritarrekin batera, sanferminetaz gozatzeko aukera edukiko ez duten herritarrak gogoan.
Ondoren, jaietako lehenengo eguna izanik, koadrila gehienak mahaiaren bueltan bilduko dira iluntzeko derrigorrezko tragoxken ondotik. Modu horretan sabelak beteta ekingo diete herritarrek jaietako lehen gau luzeari.
Helduen danborrada irtengo da gauerdian, eta ondoren musika ez da faltako: Gozategi Gure Zumardian, Azokan DJ festa, Camp dantzaldia Axular plazan, eta gaztetxean, Toi eta The Wanba taldeak.
Festarako gune nagusiak
Sanferminek gune nagusi dezente izango dituzte aurten; feriak, azken urteetan bezala, Luzuriagako orubean izango dira; Axularren oholtza dago eta egunez eta gauez izango dira han ekitaldiak, baita Kexaldin eta Gaztetxean ere, plaza berean. Gure Zumardian, bi jai gune izango dira, Azoka inguruan bata, eta Zumardiaren bihotzean bestea, han izango baitira txosnak eta jaietako agertoki nagusia.
Aurtengo jaietarako berreskuratu den beste gunea, Biteri plaza izango da. Iazko etenaren ondotik, Pasaia-Lezo Lizeoko gurasoek bultzatutako Txabolsotoa atondu dute bertan berriro, eta egunero, ehunka lagun bilduko dira han afaltzera, baita jaietan zehar haurrentzako nahiz helduentzako antolatuko dituzten bestelako ekimenekin gozatzera.
Goizetan eta iluntzetan aldiz, Kupeldegi kalea izango da festaren ardatz, handik ibiliko direlako lasterka eguneroko bigantxak.
EUSKOTRENEK GAUEKO 28 TREN BEREZI ESKAINIKO DITU BIHAR
gaurko egitaraua
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.