
Kadeteen txirrindulari lasterketa izango da bihar arratsaldean
Lezo
Probak 51 kilometroko luzera izango du eta Kadeteen Mailako 74 txirrindularik hartuko dute parte
iker vidal
Allerru Txirrindularitza Taldeak, Kadeteen Mailako txirrindulari lasterketa prestatu du biharko, 16:00etatik aurrera. Lasterketa, Kadeteen Mailako Gipuzkoako egutegiaren baitakoa da. Lezoko txirrindularitza jarraitzaile sutsuek, etorkizunean izarrak izan daitezkeen gazteez gozatzeko aukera izango dute.
Biharko lasterketa Lezon hasi eta bukatuko den arren, Errenteria-Oreretatik eta Oiartzundik ere pasatuko da. Bertan, 74 txirrindulari gaztek hartuko dute parte, eta 51 kilometroko luzera duen ibilbide gogorra osatu beharko dute.
Ibilbide gogorra
Esan bezala, parte hartuko duten 74 txirrindulari gazteek 51 kilometroko bidea egin beharko dute karrera bukatzeko.
Lasterketak bi zati dauzka. Karrera Lezon hasi eta Errenteria-Oreretatik, Gabierrotatik, Lintzirinetik eta Gaintxurizketatik pasatu ostean, berriz ere Lezora itzuliko da. Lehenengo zati honi bi itzuli eman beharko dizkiote.
Probaren bigarren zatian, aldiz, Gaintxurizketatik Lezora itzuli beharrean, Ugaldetxora joko dute txirrindulariek.
Jarraian, Iturriotz, Altzibar eta Fortaleza zeharkatuko dituzte, azkenik Arraguara jaisteko. Lasterketako bigarren zati honi hiru itzuli eman beharko dizkiete parte-hartzaileek.
Azkeneko biraren ondoren, Arraguatik Lezora bueltatuko dira txirrindulariak lasterketa bukatzeko. Antolatzaileek esandakoaren arabera, Kadete Mailako proba hau arratsaldeko 17:30ak aldera bukatuko da.
Biharko proban, eskualdean bizi diren Allerru Txirrindularitza Taldeko kideek hartuko dute parte. Oso berezia izaten da beraientzako Lezotik, Errenteria-Oreretatik eta Oiartzundik pasatzea.
Lasterketa ondoren, sari banaketa
Txirrindulari guztiek Lezon kokaturik egongo den helmuga zeharkatu eta atseden pixka bat hartu ondoren, antolakuntzak lehenengo sailkatuen artean sariak banatuko ditu, maiatzean, haur eta Alebin Mailako probetan egin bezala.
Seguru eskualdeko txirrindulariek inoiz baino gogo handiagoak dituztela lasterketa irabazteko, gero sari banaketan, sari horiek, beraien herritarren aurrean jaso ahal izateko.
Txirrindularitzaz gozatzeko aukera ederra edukiko dute beraz eskualdeko eta Lezoko herritarrek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Kontzertua
OIARTZUN, Iurritan - 2008-11-22
deialdiak
Ate irekien eguna
OIARTZUN, Auzokalte Elkartean - 2008-11-22
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.