mireia puertas ð- Dantzaria
«Amari eskertzen diot dantzara bideratu izana»
Dantza Hiru urte zituenetik balleta egiten du Mireia Puertas oiartzuarrak; gainera, duela urte eta erdiz geroztik, Acroindar taldeko kide da
goiatz labandibar
Mireia Puertasek (Oiartzun, 1989) balleta, jazza eta akroesporta egiten ditu. Acroindar taldeko hamar kideetako bat da. Orain, New Yorkera taldekide batekin egin behar duen bidaian du burua. Han, turismoaz gain, dantza eskolak bisitatzeko asmoa dute, «ikasteko».
Umetan hasi zinen balleta egiten, noiz baina?
Hiru urterekin hasi nintzen balletean. Amak dantzatzen zuen, eta berarengatik hasi nintzen dantzan. Akademia batera eraman ninduen... eta, orain, ezin dut utzi! Donostiako Fagoagan hasi nintzen. Gero, Taliara joan nintzen, gogorragoa zelako.
Acroindar taldean ere bazaude. Zer gustatzen zaizu akroesportetik?
Duela urte eta erdi hasi nintzen. Akademiako zuzendari Mentxu Galen alabak, Helis Legorburuk, Madrilen ikasten ari zela ezagutu zuen akroesporta. Asko gustatu zitzaion. Gero, Nagore Ormaetxearekin hasi zen probatzen. Akroesporteko figura estatikoak dantzarekin nahasten ditugu. Hori ez da beste inon egiten, akroesport egiten dutenek ez dute dantzatzen.
Nolakoa da zure astea?
Balleta, akroesporta eta jazza egiten ditut, akademia berean. Asteartetan eta ostegunetan balleta egiten dut. Bukatzean, 21:00etan, akroesporta egiten dugu. Taldean ikasleak eta langileak gaude, beraz, lanetik ateratzen direnean hasten gara. Posible duguna egiten dugu: 23:30ak arte... auskalo. Normalean astean bitan entrenatzen dugu, baina emanaldiak baditugu egunero: larunbat goizetan, igande arratsaldetan...
Konparagarriak al dira balleta eta akroesporta?
Balleta dantza guztien oinarria da, edozer dantza dezakezu balleta baldin badakizu; teknika hutsa da. Erraztasuna ematen du gainontzeko guztia dantzatzeko. Acroindarren egiten ditugun pausoak ez dira balletekoak, taldekide guztiok ez baitugu balleta egiten. Dantza garaikidea ere erabiltzen dugu. Ez dakit bien artean aukeratzen... dantzatzea da gustatzen zaidana.
Akroesporta oso ikusgarria da ikusteko. Baina egiteko?
Zaila da egiteko. Pixkanaka ikasi behar da. Denbora gutxi dugu ikasteko eta erakusteko. Emanaldi asko ditugu eta orduan, aritu eta aritu egin behar dugu. Berriak garenok, batez ere, koreografiak egiten ditugu.
Ama al duzu 'fan'-ik handiena?
Beragatik sartu nintzen mundu honetan. Judoa, euskal dantza... denetik egin dut, baina jarraitu dudan bakarra balletean da. Asko eskertzen diot bide hau erakutsi izana.
Gogoratzen al zara zure lehenengo 'puntetaz' -balleta dantzatzeko zapata bereziak-?
Gelako horman zintzilik dauzkat. 12 urterekin izan nituen lehenengoak. Puntetan noiz jarri irakasleak erabakitzen du, indarra behar delako, bestela, txorkatila hausteko arriskua dago. Ordutik, dezente izan ditut. Sei bat hilabete irauten dizkidate. 80 euro inguru balio dute. Balletean ez dago diru laguntzarik, dena norbere boltsikotik ordaindu behar da.
Estimatzen al da balleta Euskal Herrian?
Emanaldiak daudenean, sarrera guztiak saltzen dira, baina hor gelditzen da. Ez dago laguntzarik, eta dantzarientzako esfortzu handia da. Balletean, eta dantzan orokorrean, gailendu nahi baduzu hemendik atera behar duzu: lehenengo Madrilera eta gero, Munichera edo.
Pauso hori emango al duzu?
Ez. Gainera, beranduegi da. Gehienez, batxillergoa egiterakoan eman behar da pauso hori. Datorren urtean, Madrilera joango naiz Lanaren Bidezko Terapia ikastera eta han dantzan jarraituko dut. Akademiatik, lau goaz; laurok pentsatzen dugu denbora librea dantzari eskaintzea.
Agian oraindik Munichen bukatuko duzu!
Ez, ez. Han ballet klasikoa egiten dute. Oso gogorra da. Oso zorrotza izan behar da, perfekzioa bilatu behar delako. Ispilua da lagunik onena: detaile guztiak zaindu behar dira. Ni ez naiz hain zorrotza...
Emanaldietan, beldurra edo gozamena gailentzen da?
Atera aurretik, ateratzeko gogoa izaten dut, bestela, lehertu egingo naizela iruditzen zait. Ateratzean, lasaitasuna sentitzen dut. Nekagarria da dantza batetik bestera goitik behera aldatu behar delako eta minutu bat besterik ez dagoelako... Emanaldiak beharrezkoak dira, motibatu egiten dute. Acroindarra pisutsua da emanaldirik gabe. Entrenatzeko gogoa ematen dizute.
Baduzu markatu zaituen ikuskizunik?
Lucia Lakarrarenak. 13 urte arte, nire akademian ikasi zuen. Gero, Madrilera eta Munichera joan zen. Gozatu egiten duela ikusten duzu emanaldietan, asko transmititzen du, bere saioetatik irribarre batekin ateratzen naiz, dantzatzeko gogoarekin.
Gogorra al da gomazkoa izaten jarraitzea?
Ez naiz hainbeste. Malgutasuna lortzea, txikitan, oso gauza erraza da, baina baita galtzea ere! Udan asko galtzen da. Orain pazientzia asko, beroketa asko eta mina aguantatu... besterik ez dago malgutasuna lortzeko.