Independentziaren aldeko manifestazio jendetsua
Politika 'Herri bat piztutzera goaz, etorkizuna independentzia' leloaren atzean dozenaka lagun elkartu ziren atzo
jon gonzalo
«Euskal Herriaren aldeko hautua egin dugulako, independentzia eta sozialismoaren alde» dozenaka lagun elkartu ziren atzo arratsaldean Errenteria-Oreretako Gamon Zumarditik abiatu zen manifestazioan.
Errenteria-Oreretako eta Oiartzungo zortzi gazteren atxiloketa eta horietako zazpiren espetxeratzea ere salatu zuten atzoko agerraldian. «Guk haien lekukoa hartu dugu, eta Euskal Herriaren alde lanean jarraituko dugun belaunaldi berria gara», azpimarratu zuten manifestazioa antolatu zuten gazte independentistek.
Manifestariak Gamon Zumarditik abiatu eta erdiguneko kaleetan barrena ibili ziren. Manifestazioa bukaeran, berriz, independentzia eta sozialismoaren aldeko eta aste honetako atxiloketen aurkako komunikatu bat irakurri zuten.
Atzoko manifestazioak hainbat atxikimendu jaso zituen, besteak beste, Oarso-Bidasoako LAB sindikatuarena.
«Aldaketa garaiak»
Atzoko manifestazioaren antolatzaileek azaldu zutenez, «aldaketa garaiak» dira oraingoak eta «irabazteko hautua» egin behar da.
«Gaurdanik ari gara herri berria pizten... gure eskubideen jabe eginez, Euskal Estatu Sozialista eraikiz. Gure bidetik jarraitu behar dugu, oztopoak oztopo, zatiketari, ukapenari eta menpekotasunari ez esateko. Euskal Herria ez dago salgai eta etorkizunak izen bakarra du: independentzia», adierazi zuten.
Eskualdeko zazpi lagun espetxean
Oinatz Arbelaitz; Maitane Linazasoro; Alain Luna; Oihana Mujika; Hodeiertz Urain; Egoitz Urbe eta Iker Zabala eskualdeko zazpi gazteak baldintzarik gabe espetxeratu ditu Fernando Grande Marlaska epaileak.Imanol Sagarzazu, berriz, 6.000 euroko bermearekin aske gelditu da.