
Aste honetan Errenteria-Oreretako Bakailao Pintxoen Aste Nagusia da; bertan hamaika tabernek hartu dute parte. Tabernariak zein bezeroak gustura dira ekimen berri hau izaten ari den harrerarekin
Bakailaoan sakonduz
Alain maya
Konfitatua nekora kremarekin, txakolinarekin, tipula kremarekin, ali-olia eta laranjarekin... Zapore ezberdinak, berezitasun jakinekin, baina goxo-goxoak guztiak ere. Errenteria-Oreretako Bakailao Pintxoen Aste Nagusiaren aitzakiapean OARSOALDEKO HITZAko kazetaria bapo gelditu zen, bata eta bestea probatzen, iritziak jasotzen zituen bitartean.
Tabernariek ahalegin berezia egin dute ekimen berri honetarako. «Jantokian izaten genuen pintxo hau, baina orain barran ere ipini dugu», azaldu du Arantxa Minerrek, Leku Zaharrako sukaldariak. Juliko bakailaoa ali-oliarekin eta laranjarekin pintxoa, berriz, hiru lagunek egiten dute. «Ideia polita dela uste dugu, batez ere, pintxoaren kultura sustatzeko», dio Paula Gonzalez bertako sukaldariak.
Pintxoa probatzen dutenek nota jarri behar dute horretarako prestatuak dauden eskuorrietan, eta ondoren, hainbat sariren zozketan sartuko dira. «Ez da lehiaketa, baina horrela jendearen iritzia jakingo dugu», azaldu du Gonzalezek. Besteak beste, bi lagunentzako 10 afari, Paterninako Upeldegiak bisitatzeko 50 bidaia edo dozenaka ardo botila.
Batzokiko Iñaki Gezala sukaldariak Gaurko zurrukutuna pintxoa egin du. «Zurrukutuna galtzen ari den plater zaharra da. Berreskuratu nahi genuen, eta asmatu dugulakoan nago. Atzo eta gaur [herenegun eta atzo] pintxo asko saldu ditugu, eta jendea oso kontentu gelditu da», azaldu du Gezalak.
«Poteoa galtzen ari da. Europeartzen ari gara, eta 18:00etatik aurrera jende gutxi dabil kalean astean zehar. Horrelako ekimenek poteoa sustatzeko balio dute», azaldu du Batzokiko sukaldariak. «Bestalde, eskuorrian Batxoki ipintzen du, baina tabernaren izena Batzoki da», argitu du Gezalak.
Ohitura aldaketa
Jon Bizarro Zuketzeko sukaldariak uste du poteoa galtzen baino, ohiturak aldatzen ari direla. «Ekimen honek lagunduko gaituelakoan nago. Prentsan eta telebistan atera gara, eta hori publizitate oso ona da guretzat. Horrelako gauza gehiago egin beharko lirakete», azaldu du Zuketzeko sukaldariak.
Gipuzkoako Pintxo Lehiaketan herriko zenbait tabernari elkartu ziren, eta bertan sortu zen Astea antolatzeko ideia; guztiak «oso gustura» daude orain arteko harrerarekin, eta ziur herritarrak ere gustura daudela, halako pintxo goxoak probatzeko aukeragatik.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.