
Murixkaren dantzek arrakasta handia izan dute Ciutadellako jaialdian
Dantza
Mercadal eta Ciutadella herrietan izan dira; batez ere Gipuzkoako dantzak dantzatu dituzte
iker vidal
Oso pozik itzuli dira Murixka Dantza Taldeko kideak Menorcara (Herrialde Katalanak) egin duten bidaiatik. Uztailaren 1etik 6ra izan dira bertan eta oso esperientzia positiboa izan dute.
Bidaia hau egiteko aukera berez lehengo urtean sortu zen, baina dantza taldearen urrezko ezteiak ospatzeko ekitaldiekin bat egiten zuenez, ezin izan zuten bidaia burutu.
Aurten, aldiz, beste euskal talde baten bidez, Menorcako Ciutadella herriko Sant Isidre dantza taldearekin harremanetan jarri eta pasa den urtean egin ezin izan zuten bidaia egiteko aukera izan dute.
Bi emanaldi
Murixkak bi dantza saio eman ditu Menorcan. Lehenengoa Mercadal herrian eta bigarrena Ciutadella herrian.
Sant Isidre dantza taldea Ciutadella herrikoa da. Bigarren emanaldian batera ibili ziren bi taldeak. Ekitaldiari hasiera emateaz etxekoak arduratu ziren lehenengo, eta bukatzeko, Murixkako dantzariek, beraien emanaldia eman zuten.
Bi dantza mota ezberdinez gozatzeko aukera izan zuten ekitaldia ikustera hurbildu zirenek, hango dantzak euskal dantzekin alderatuta oso ezberdinak dira eta. Dena den, bi dantza estiloak ezberdinak izan arren, bertako herritarrek harrera ona egin dieten sentsazioarekin itzuli dira Murixkakoak.
Gipuzkoako dantzak oinarri
Mercadal eta Ciutadella herrietan egindako emanaldietan eman dituzten dantzak orotarikoak izan dira, baina gehienbat Gipuzkoako dantzak izan dituzte oinarri.
Agurra; makil txiki; boastitzea; ezpata dantza; alpargata; fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte, besteak beste. Murixkakoen arabera, «asko gustatu zaizkie dantza hauek bertakoei».
Sant Isidre dantza taldeak, urtero beste talderen batekin elkartrukea egiteko ohitura dauka. Orain Murixkakoak joan dira bertara, baina irailaren 26tik 29ra, Lezora etorriko dira beraien dantza eta musika erakusteko asmoz.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Hitzaldia
zer gertatzen ari da Grezian?: zine txiroa
ERRENTERIA-ORERETA, Mikelazulo - 2009-01-08
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.