
Udalak eta OARSOALDEKO HITZAk lau urterako hitzarmena sinatu dute
Euskara
Aurten, 24.000 euroko diru laguntza jasoko du HITZAk; beste 4.500 euro harpidetzetara bideratuko dira
goiatz labandibar
Oiartzungo Udalak eta Oiartzualdeko Hedabideak EMk (OARSOALDEKO HITZA, WWW.OARSOALDEKOHITZA.INFO eta ON aldizkariaren argitaratzailea) datozen lau urtetarako hitzarmena sinatu dute.
Astelehenean sinatu zuten hitzarmena Aitor Etxeberria alkateak eta Erkuden Arrastua Oiartzualdeko Hedabideak EMko kudeatzaileak. Aitziber Arnaiz Udaleko euskara teknikariak eta Urko Etxebeste OARSOALDEKO HITZAko zuzendaria ere sinadura ekitaldian izan ziren.
Hitzarmenari esker, HITZAk aurten 24.000 euroko diru laguntza jasoko du Oiartzungo Udaletik.
4.500 euro harpidetzetan
Hitzarmen berri honi esker, gainera, Udalak beste 4.500 euro bidearatuko ditu harpidetzak sustatzera.
Aurten, 70 harpidetzaren kostua bere gain hartuko du Udalak, eta datorren urtean, harpidetza kopuru horren kostua HITZAk hartuko du bere gain. Beraz, harpidetza hauek bi urtez doakoak izango dira.
Harpidetza hauek guztiak Intxixu AEK euskaltegiko ikasleen artean, Helduen Heziketa Iraunkorreko Oiartzungo ikasleen artean eta Oiartzun Irratiko entzuleen artean banatuko dira.
Irratiko entzuleen artean dagoeneko banatu dira, lehiaketa bidez. AEKn eta Helduen Heziketa zentroan irailean banatuko dira harpidetzak, 2008-2009 ikasturtearen hasieran.
«Euskararen normalizaziorako tresna baliagarria»
Hitzarmenean OARSOALDEKO HITZA «euskararen normalizazioa lortzeko bidean oso tresna garrantzitsua» dela onartzen da.
Honez gain, Udalak «informazioa emateko helburua era zabal eta irekian bideratzen bada, OARSOALDEKO HITZA egunkaria eta sor litezkeen beste proiektuak herrirako eta eskualderako onuragarriak direla» uste du.
HITZAren konpromisoak
OARSOALDEKO HITZAk bost urte bete berri ditu, eta hasieratik, euskara eta euskalgintza indartzeko helburua bere egina du proiektuak, baita informazioa.
Hitzarmena sinatzeko orduan, HITZAk berretsi egin ditu hasieran hartutako konpromiso haiek.
Era berean, «egunkariak Udalaren eta herriaren arteko zubi» izan nahi duela onartu du, «Udala informazio iturri garrantzitsua baita herriko bizitzan».
Udalaren eta Oiartzualdeko Hedabideen arteko hitzarmen hau ekaineko ohiko batzarraldian ere aztertu zuten eta aho batez onartu zuten alderdi eta zinegotzi guztiek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.