
'Hnuy illa' ikuskizuna Donostian estreinatuko du gaur Kukaik
Kultura
Aurrestreinaldiak egin ondoren, Donostiako Antzerki Feriaren baitan aurkeztuko dute lan berria
Alain maya
Hnuy illa... da Kukai Dantza Konpainiaren eta Tanttaka Antzerki Taldearen ikuskizun berria. Maiatzean hasi zuen ibilbidea sorkuntza berriak, eta zenbait aurrestreinaldi egin ondoren, gaur estreinaldi ofiziala izango da Donostiako Antzoki Zaharrean 00:00etan, Donostiako Antzerki Feriaren baitan.
Duela 15 urte Mireia Gabilondo, Asier Hernandezekin batera Joseba Sarrionandiaren poesia errezitaldi bat prestatzen hasi zen. «Orain Sarrionandiak leku bat hartu du gure bizitzan», azaldu zuen ikuskizunaren gidoilari eta zuzendariak Victoria Eugenian egindako agerraldian. Zailena poesiak aukeratzea izan dela aitortu zuen Gabilondok. «Behin poesiak aukeratuta, horiekin zer egin izan zen hurrengo pausoa: errezitatu, kantatu, dantzatu... Horien bitartez hainbat sentimendu azaltzen dira obran zehar: maitasuna, bakardadea, nola ez, erbestea... Abstraktoa dena, konkretu bihurtzean dago sorkuntzaren magia».
Urrats bat gehiago
Jon Maya errenteriarra, Kukai Dantza Konpainiako zuzendari eta koreografoa, gustura dago azken emaitzarekin. «Sorkuntza lana, oso polita izan da, eta Gabilondorekin eta Salvadorrekin lan egitea gozamena da». Bestalde, Mayak Kukaik garapen bat izan duela uste du. «1937 obran, lehen lanaren indarra, desioa, freskotasuna... nabari zen. Otehitzari Biraka-n, urrats estetiko bat eman genuen. Azken honetan, urrats hori nabarmenagoa dela uste dut. Kutsu garaikidea dute bai dantzek, baita estetikak ere».
Hnuy illa...-ko protagonistak Kukaiko zazpi dantzariak dira. «Banakako eta binakako lan gehiago dago. Aurreko ikuskizunetan, koralagoak ziren koreografiak. Oraingoan, berriz, dantzari bakoitzak, nortasun bat hartzen du», azaldu du Mayak.
Musikaren ardura Iñaki Salvadorrek izan du, eta Kukaik eta Tanttakak osatzen duten «bikote ederrean» parte hartzea polita izan dela azaldu zuen. «Bakarrik lan egiteko aukera eman dit; etxeko nire estudioan esperimentuak eta fantasiak egiteko aukera eman dit», azaldu zuen musikagileak. Gabilondo, pozik azaldu zen Salvadorren lanarekin. «Zaila dena, erraza egiten du», gaineratu zuen zuzendari donostiarrak.
Izen handiko kolaborazioak
Mikel Laboa, Ruper Ordorika edo Maria Berasarte bezalako kolaboratzaile garrantzitsuak izan ditu Kukairen eta Tanttakaren elkarlanak. «Berezia izan da beraiekin lan egitea», azaldu zuen Gabilondok.
Egindako aurrestreinaldietan harrera oso ona izan zutela azaldu zuten (Errenteria-Orereta tartean). «Jendea hunkitu egiten dela esan digute. Hala ere, ikuskizunak ez dira hitz egiteko, ikusteko baizik. Beraz, ea bihar [gaur] zer gertatzen den», esanez bukatu zuten agerraldia.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.