Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Aurten bigarren urtez, Aqua Latino ikastaroa egiteko aukera dago Altzate igerilekuan. Goizero hamar lagun, guztiak emakumeak, ordu betez samba eta merenguea dantzatzen aritzen dira.

Ur azpirako erritmo biziak

iker vidal

Egun on! Zer, dantzatzeko gogoz etorri al gara?». Galdetu du irakasleak. «Bai, bai, ni liluraturik nator!» erantzun du ikastaroa egiten ari den emakume batek. Bainu jantzia eta bainurako txanoa jarri eta ale, uretara.

Astearte eta ostegun guztietan bezala, goizeko 09:45erako ikasle guztiak uretan dauzka irakasleak dantzatzen hasteko prest. Gerria mugitzeko asmoz, hamar emakumez osaturiko talde jator bat elkartzen da egunero samba eta merengue erritmoak dantzatzeko intentzioarekin.

Adin guztietakoak daude, baina guztiak bizi-biziak dira, gorputza goitik behera mugitzeko prest dauden horietakoak. Lu Gonzalez irakasleak aipatu duen bezala, «mutilek normalean ez dute horrelako gauzetan parte hartzen» eta nabaritzen da ez dagoelako bat bera ere.

Hasteko, beroketa lasaia

Deskantsurik gabeko ordu bat daukate aurretik emakume martxosa hauek. Horretarako eta gorputza behar bezala mugitzeko, lehenengo ongi berotu behar da.

Hiru ilara osatu dituzte igerilekuan, bata bestearen atzean jarriz. Irakasleak musika aparailuari eman eta dantzatzera. Hasiera besterik ez denez, musika lasaia jarri du.

Lehenengo barre algarak eta irribarreak hasi dira nahiz eta berotzen baino ez diren ari. Alde batera lehenengo, gero bestera, aurrera, atzera...mila mugimendu mota. Hamar bat minutuz berotu ostean, onena hastear da...



Samba erritmoak jarraian

Lu Gonzalez irakasleak musika aldatu eta samba erritmo biziak jarri ditu. Gero eta erritmo biziagoak ari dira dantzatzen. Beraien arteko txantxak ere handituz doaz.

Gonzalez ere serio jarri eta klasea zuzentzen hasi da. Animoak eta oihuak ematen ditu denbora guztian. «Bat, bi, hiru, lau, gora! Bat, bi, hiru, lau, behera! Benga neskak, mugitu, mugitu, mugitu, gelditu gabe!» oihukatzen du.

Oso umore onekoak dira ikasleak, beraien artean gainera giro ezin hobea daukate. Koreografia ezberdin asko ari dira dantzatzen barre algara tartean. Uretan sartzeko gogoa ematen dio bati.

Irakasleak gauza bat esan eta ikasleek beste zerbait egiten dute, nahiz eta saiatzen diren. Ez da batere erraza uretara egokitutako samba zein merengue erritmo latino hauek uretan dantzatzea.

Ideia bat egiteko, Ronaldinhok gola sartzean egiten dituen mugimendu berberak dira, baina ur azpian.



Amaitzeko merenguea

Ikastaroari bukaera emateko merengue erritmoak jarri ditu irakasleak. Mugimendu ezberdin gehiago eta forma ezberdinetan. Borobilean, bi ilaratan, hiru ilaratan, txaloak joaz...

Uda garaian praktikatzen den kirol alternatibo hau, gerria eta zangoak indartzeko da, uretan erresistentzia lantzen den bitartean. Izan duen arrakasta ikusita ziur gaude, datorren urtean ere, Aqua Latino ikastaroa egitera hurbilduko direla batzuk, uretara egokitutako dantza latinoak dantzatzeko intentzioarekin.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ekitaldiak

2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02

deialdiak

Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa