
Karmenetan eztanda egin du festak
Karmenak
Eguraldiak lagundu ez arren, gogotsu murgilu ziren barrutiko festetan trintxerpetarrak
olatz mitxelena
Eguraldiak ez die gehiegi lagundu oraingoz trintxerpetarrei. Jaietako lehen orduak, euriaren mehatxupean ospatu behar izan zituzten atzo, baina hori ez zen aitzakia izan festan murgiltzeko. 20:00etarako, jendez lepo zegoen Euskadi Etorbidea. Ohiko tonbolak, eta salmenta postu koloretsuak ikus zitezkeen etorbidearen bi aldeetara eta errepidetik gora eta behera, herritarrak, jaiak ofizialki hasteko zain. Tabernetako barrak baita ere, martxan ziren ordurako, eta txiki askok jaiak hasi baino lehen jo zuten karruseletara.
Urtero legez, Jai Batzordeko Luis Perezek bota zuen jaien hasierako suziria Alkateordetzako balkoitik, aurtengo Alkate eta Alkate Andrea ondoan zituela.
Andres del Pozo Garcia eta Rosario Chico Sinovas hautatu dituzte karmenetarako agintari, eta atzo, pozik zeuden biak txupinazoaren orduan, harro eta apain, herritarrei jaietan ondo pasatzeko gonbitea luzatuz.
Suziriak eztanda egitearekin batera, ikurrina altxatu zuten Alkateordetzan. Karmengo Ama parrokiako kanpainak irauli zituzten, jaien iragarle, eta Musika Bandaren doinuek alaitu zuten ingurua.
Azokatik bertatik, presoen aldeko enkartelada abiatu zen, Karmengo Amaren Jaietan egon ezin direnak gogoratzeko.
Haurrek lehenagotik hasi zituzten festak
Barrutiko txikienek arratsaldeko lehen ordutik hasi zituzten festak. Azkueneko pistetan aritu ziren arratsaldean, beraientzako propio antolatutako jolasetan.
Nahikoa jolastu ondoren, askaria banatu zieten, eta ondoren, buruhandiekin eta erraldoiekin jaitsi ziren Alkateordetzarantz, nagusiekin batera, jaien hasiera ofiziala ospatzera.
Liburutegian, txupinazoa hasi aurretik jaietako protagonista guztiak bildu ziren, eta Jai Batzordeak oroigarri bana eman zien.
Rantxeren doinupean, kalez-kale
Musikarik gabeko festarik ez da. Eta atzo, Trintxerpen, gustu eta adin guztietarako musika eskaintzarekin hasi nahi izan zituzten festak. Txupinazoan, Bandaren musikak girotu zuen ingurua, eta ondoren, Mariachi Juvenil Miracruz taldekoek aritu ziren kalez-kale beren kantekin jai giroa pizten. Gauean, talde berak Serafin Esnaola plazako oholtzan jo zuen, eta senar-emazte askok, han dantzan eman zuten jaietako lehen gaua.
Gazte gehienak, baina, Gudarien Enparantzan bildu ziren gauean, rock kontzertuan. Hori guztia, danborrada tradizionalak barrutiko kaleak girotu bitartean.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.