
«Oso informazio interesgarria eman digute herritarrek»
pavel viñAs ð- Planeamendu zinegotzia
Arau Ordezkatzaileak
Egindako proposamen berria auzoz auzo aurkezten aritu da Udala hilabete eta erdiz
goiatz labandibar
Hilabete eta erdiz, Udala Arau Ordezkatzaileen proposamen berria aurkezten aritu da herriko zortzi auzoetan. Pavel Viñas (Oiartzun, 1976) Planeamendu zinegotziak Udalak jaso duen inpresioari buruz eta aurrerantzean emango dituzten pausoei buruzko azalpenak eman ditu.
Aurkeztu duzue proposamen berria auzoz auzo. Zein balorazio egin duzue?
Sentsazioa oso positiboa da, baina asko nekatu gara. Maiatzaren 15ean proposamena jendaurrean jarri genuenetik uztailaren 1a arte zortzi auzo bilera egin ditugu, Aholku Kontseiluaren lau saio, herriko bospasei eragilerekin bildu gara, gure proposamenak eragiten dien lurjabe talde batekin... Baina jaso ditugun emaitzak oso interesgarriak izan dira: ekarpenak, iradokizunak, kezkak, eskaerak... eduki ditugu. Hori zen helburua.
Auzo batzuetan erakusketa bidez ere azaldu duzue proiektua. Jendea hurbildu al da?
Guztira, herritarrei zuzendutako ekitaldietan 330 pertsona inguruk hartu dute parte. Ugaldetxon, Arraguan eta Elizalden astebetez jarritako erakusketetan egon den teknikoaren datuen arabera, 84 pertsona hurbildu dira. Beraien interes pertsonalarengatik joan dira.
Auzo horietan, liburu txuri bat ere utzi zenuten, iradokizunak biltzeko. Erabilgarria izan al da?
Udaletxeko langile bat aritu da erakusketa kudeatzen. Jendeak zailtasunak izaten ditu alegazioak jartzeko, eta formato sinpleago bat eskura jartzea lagungarria izango zela pentsatu genuen.Hamar bat proposamen jaso ditugu. Hori gehiago daukaguna. Auzo batzarretan ikaragarrizko ekarpen pila jaso ditugu, eta gaur, erredakzio taldea bildutako informazio guztia lantzen ari da; auzoetan ateratako kezka nagusiei bideragarritasuna ematerik badagoen aztertzen, eta, hala bada, aldaketak eta moldaketak egin nahian.
Arragua, Ugaldetxo eta Elizalde auzoetarako dira proposamen berriak. Auzotarrek nola hartu dituzte aldaketak?
Otsailaren 18an behin betiko onarpena eman zitzaienean Arau Ordezkatzaileei, behin betiko onartu ziren Iturriotz, Altzibar, Karrika, Ergoien eta Gurutzeko proposamenak eta etenda gelditu ziren Arragua, Ugaldetxo eta Elizalde. Oraingo proposamen berria hiru auzoei bideratu zaie, aldaketak hor planteatu dira. Zenbait kontutan asmatu dugu, beste batzuetan ez nahi adina... auzo batzarretan argi gelditu dira posturak. Horiek moldatu nahian gabiltza. Egindako eskaerek teknikoki bideragarritasunik baduten aztertzen ari gara.
Arau Ordezkatzaileen inguruan Udalak emango duen hurrengo pausoa zein da?
Orain arte auzo batzarrak egin ditugu, eragileekin eta lurjabeekin bildu gara, Aholku Kontseiluak saioak egin ditu... Irailaren 15a arte proposamena jendaurrean dago alegazioak eta iradokizunak egiteko, azken finean proposamen bat besterik ez baita horren gainean lanean hasteko. Ondoren, alegazioak aztertuko ditugu, ordurako auzoetan bildutakoa lantzen ariko bagara ere. Bildutako informazio guztiarekin, proposamen berria egingo da. Hori Lehen Onarpen Dokumentua izango da, hurrengo urrats administratiboa. Berriro ere jendaurrean jarriko da eta orain arteko bidea jarraituko dugu: auzo batzarrak egingo ditugu Ugaldetxon, Arraguan eta Elizalden. Hurrengo dokumentua ez da proposamen soila izango, askoz lotuagoa eta mugatuagoa izango da eta ondorioz, interesgarriagoa da aurretik egitea egin behar diren moldaketak. Gure proposamena auzoetan, Aholku Kontseiluan eta eragileekin berriz kontrastatuko dugu, azken ukituak emango dizkiogu eta udalbatzarrean lehen onarpena emango diogu. Gero, berriz jendaurrean egongo da.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
Ikuskizunak
Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.