
Madalenetako bost egunetarako 150 ekitalditik gora antolatu dituzte
Jaia
Prozesioa, errekortardore lehiaketa, haur krosa eta danborren jaia izango dira aurtengo berrikuntzetako batzuk
jon gonzalo
2008ko madalenak ekitaldiz beteta datoz. Errenteriako Udaletik jakinarazi dutenez, 150 ekitalditik gora izango dira hilaren 21etik 25era. Musika kontzertuak, dantza emanaldiak, ekitaldi erlijiosoak, kirol jarduerak... Ia ezer ez da faltako aurtengo madalenetan.
«Egitarau betea prestatu dugu, askotarikoa eta aberatsa. Ohiko ekitaldiak izango dira , baina berrikuntzak ere bai», azpimarratu zuen atzoko aurkezpenean Joxe Mari Burgos Kultura zinegotziak.
Reyes Carrere eta Tatus
Hilaren 21ean, 19:00etan, abiatuko dira madalenak ohiko txupinazoarekin. Aurtengoan, Reyes Carrere eskubaloi entrenatzailea eta Maria Jesus Fombellida Tatus sukaldaria arduratuko dira festari hasiera emateaz.
«Biek ala biek Errenteriaren izena ezagun egin dute hemendik kanpora, eta ondo merezia zuten festei hasiera ematea», azaldu zuen Burgosek.
Berrikuntzak
Txupinazoa bota ondoren, dozenaka ekitaldi izango dira herrian, horietako batzuk berriak. Hilaren 22ko prozesioa, esate baterako, herriko kaleetara itzuliko da. Iaz, parrokiko lanengatik bertan behera utzi behar izan zuten.
Berrikuntzen zerrenda, ordea, askoz ere luzeagoa da: uztai errekortadoreen txapelketa, haur krosa, danborren jaia eta Maria Lezoko festagunea dira horietako batzuk.
20 kontzertu eta 15 dantzaldi
Urtero bezala, musikak eta dantzak protagonismo handia izango dute aurtengo madalenetan. Musikari dagokionez, honako kontzertu hauek izango dira: Sorkun; Pantxoa eta Peio; Los del Gas; Ynicet y Santiago Habana; Bad y Revolutionary Brothers Sound System; Raices Navarras eta abar... Dantzaldietarako ere makina bat talde ekarriko dituzte, besteak beste, Egan, Tsunami, DJ Properlis, Bengoa eta Olga Grande.
Antzerki emanaldiekin, dantza solteko txapelketarekin eta bertso saioarekin osatuko dute madalenetako kultur eskaintza.
Aurrekontua
Aurtengo madalenetako aurrekontua 155.000 eurokoa izango da. Ekitaldiak antolatzeko, berriz, 69.000 euro eman dizkiete herriko elkarteei.
Burgosen esanetan, «elkarteentzako diru laguntza ahalik eta handienak izan daitezen saiatu gara, gero eta ekitaldi gehiago izatea oso ona baita festako giroa handitzeko bide zailean».
Egitarauaren banaketa
Madalenetako egitarauak gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira Kapitain Etxean. Datozen egunotan, 08:00etatik 14:00etara izango da zabalik Kapitain Etxea, eta bertan doan emango dituzte madalenetako egitarauak.
«Ohiko egitarauaz gain, egitarau txikiago bat prestatu dugu aurtengorako: eskuko egitaraua. Bakarrik tolesten da eta errazago erabiltzeko aukera ematen du. Hau ere doan eskura daiteke Kapitain Etxean», adierazi zuen Burgosek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.