
Legegintzaldi honetako «oztopoak» salatu ditu ezker abertzaleak
Udala
2007-08 ikasturtean haien lana egiteko zailtasun ugari izan dituztela azpimarratu dute zinegotzi independentistek
Jon gonzalo
2007-08 ikasturtearen balantzea egin zuten herenegun Oreretako ezker abertzaleko zinegotziek. Lehenik eta behin, lana normaltasunez egiteko izan dituzten zailtasunak nabarmendu zituzten. Xanti Anguloren esanetan, «lana normaltasunez egiteko oztopoak gainditu behar izan ditugu, berez dagozkigun hainbat eskubide alegazioen bidez bermatu behar izan baititugu».
Herritarren parte-hartzea
Ezker abertzaleko zinegotzien ustez, herritarren parte-hartzea behar baino txikiagoa izan da 2007-2008 ikasturte politikoan. «Udalak parte-hartzerako hainbat tresna sortu gabe ditu oraindik, besteak beste, Agenda 21eko Aholkularitza Kontseilua eta Bizikletaren Foroa. Halaber, sortuta egon arren, Udal Eskola Kontseiluaren bilerarik ez du deitu».
Europako legeek eta arauek herritarren parte-hartzea bermatzeko tresnak eskaintzen dituzten arren, Errenteriako Udalaren errealitatea «alderantzizkoa» dela azaldu dute ezker abertzaleko zinegotziek: «Hainbat herritarrek eta elkartek batzorde informatiboetan parte hartzeko deia egin dute, baina arduradunek eskaera horiei uko egin diete», azaldu zuen Xanti Angulok.
Egoera horren aurrean, «Udaleko ateak ireki eta herritarren parte- hartzea bermatzeko» eskatu diote Udal Gobernu Taldeari.
Etxebizitza
Etxebizitzaren arloan, Udalaren kudeaketa «axolagabea» dela salatu dute ezker abertzaleko zinegotziek. «Azaroan, ezker abertzaleak jarritako helegiteari esker, Esnabiden alokairuzko etxebizitzak egiteko akordioa onartu zen, baina, gaur egun, Gobernu Taldeak ez du oraindik inolako planifikaziorik aurkeztu».
Horiek horrela, «Plan Orokorra berraztertzeko eta alokairuzko etxebizitzak egiteko» eskatu dute.
Gizarte ongizatea
Diru laguntzetarako «aurreikuspen eskasa» leporatu diote Udalari ezker abertzaleko zinegotziek. «Urtero, apirilean bukatzen dira diru laguntzak, eta Udalak ez du egoera hobetzeko inolako borondaterik azaldu», azpimarratu zuen Iñaki Queraltek.
Gizarte Ongizatearen egoera hobetzeko zenbait proposamen egin dituzte zinegotzi independentistek: «Diru laguntzak urte osorako luzatzeaz gain, alokairuzko etxebizitzak sustatu behar dira».
Diru laguntzak jasotzeko ordenantzak «oso zorrotzak» direla salatu dute ezker abertzaleko zinegotziek. «Udal Gobernu Taldeak nahi duen bezala erabiltzen ditu, esaterako, euskara erabiltzen ez duten arren, hainbat elkarteri dirulaguntzak eman dizkio, ordenantzek diotenaren aurka».
Bestalde, «politikarien gastuak gero eta handiagoak eta kontrol gutxiagokoak» direla azpimarratu dute. «Politikarien gastua murriztu beharra dago, eta herritarren oinarrizko beharretara zuzendu behar da», adierazi zuen Agus Canok.
Euskara
Orain dela 30 urte euskara ofiziala izendatu eta duela 11 urte Udal Euskararen Ordenantzak onartu arren, «txosten asko eta asko gaztelania hutsean» jasotzen dituztela azaldu dute ezker abertzaleko zinegotziek. Halaber, Bozeramaleen Bilkuran, Errenteria-Garatuzen, Kontratazio eta Ondare Batzordean eta udalbatzarretan herritarrentzako itzulpen zerbitzurik ez dagoela gogorarazi dute.
Horiek horrela, «euskararen presentzia arlo guztietan bermatzea» eskatu diote Udalari ezker abertzaleko kideek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.