
Plan Bereziaz EAEko Auzitegiak hartu duen erabakia kritikatu du Udalak
Azpiegiturak
Lezoko Udalak gaiaren inguruan adierazpenik ezin izan duela egin salatu du Gobernu Taldeak
urko etxebeste
Lezoko Udalak gogor kritikatu du Euskal Autonomi Erkideko (EAE) Auzitegi Gorenak Pasaiako Portuko Plan Bereziaren inguruan hartu duen erabakia. Erabaki horren arabera, «ez da bideragarria portuari berari buruz administrazio ezberdinek hainbat Plan Berezi izapidetzea», eta beraz, Lezoko Udalak Plan Berezi hori tramitatzeko hartu zuen erabakia etetea erabaki zuen Auzitegiak ekainean. Lezoko Udalak 10 eguneko epea izan zuen erabaki honen kontrako iritziak eman eta adierazpenak egiteko.
Udalaren esanetan, «erabaki hau guztiz bideratua dago Foru Aldundiaren eta Portuko Agintaritzaren asmoen alde». Baina EAEko Auzitegi Gorenaren erabakia bera kritikatzeaz gain, erabaki hori nola jakinarazi den eta erabakiaren beraren kontrako neurriak hartzeko Lezoko Udalak jasan dituen «urraketa larriak» azalera atera dituzte Gobernu Taldeko ordezkariek.
Gaztelera hutsean
Hartara, ekainean gaztelera hutsean jaso zuen Udalak EAEko Auzitegi Gorenaren idatzia. «Hala», azaldu dute Udaletik, «Lezoko Udalak beti gaztelera hutsez iristen diren bestelako administrazioen idatziekin egiten duen bezala, jasotako idatzia itzuli egin zuen. Beraz, Udalak ez zuen bere burua ohartarazitzat jo eta idatzia bi hizkuntzatan bidaltzea eskatu zion Auzitegiari». Udaletik jakinarazi dutenez, Euskararen Erabileraren Normalkuntzarako 10/1982 Lege Oinarrizkoaren 8.2 puntuan oinarritu dira Auzitegi Gorenaren testu elebiduna eskatzeko.
EAEko Auzitegi Gorenak, baina, Lezoko Udalari gazteleraz eta euskaraz apirileko Udalaren erabakiaren etetearen inguruko testua iritsi aurretik eman du auziaren inguruko ebazpena. «Testua jaso ez dugunez, Udalak ez du izan erreklamazioak egiteko aukerarik. Gainera, Auzitegiak Euskararen Normalkuntzarako Legearen urraketa larria egin du, gauzak presaka burutzearren», esan dute.
«Jarduera onartezinak»
Lezoko Udalaren apirileko erabakia eteteaz gain, -Portuko Plan Berezia udalerriei tramitatzea dagokiela esaten duen erabakia, alegia-Pasaiako Udalak zentzu berean hartutako erabakia eten zuen. «Epaia udalen aurkakoa da, eta Portu Agintaritzaren aldekoa. Ongi baitakite Lezorentzako eta Pasaiarentzako Portuak mantendu nahi dituen zenbait jarduera onartezinak direla».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.