Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

Harpidetu zaitez!

festarik gabeko egunak

Madalenak

1983ko madalenak bertan behera gelditu ziren, Espainiako bandera udaletxean jartzearen ondorioz; istilu larriak bizi izan ziren

iban iza

Herrietako jaiak. Jendeak urte osoan zehar itxaroten dituen egunak dira tokian tokiko festak. Ondo pasatzeko egunak. Gozatzeko. Ospatzeko. Orain dela 25 urte, ordea, ezer gutxi ospatu zen Errenteria-Oreretako jaietan, ezer ez esatearren.

PSOEko alkateak Espainiako bandera udaletxeko balkoian jarri izanak istilu larriak eragin zituen herrian, urte hartako madalenak bertan behera gelditzeraino. Jendeak korri egin zuen, bai; baita oihukatu eta abestu ere. Baina ez jai giroan; ez festetan ohikoa izaten den bezala. Gerra egunak izan ziren haiek. Banderen gerra-ren baitako egunak.

'Banderen gerra'

Banderen gerra gisa bataiaturikoa Tolosan hasi zen, 1983ko ekainaren 20an. Egun hartan, Tolosako Udalbatzak -HBk eskatuta eta EAJk eta EEk babestuta- onartu zuen soilik ikurrina eta herriko bandera jartzea udaletxeko balkoian, sanjoanek iraun bitartean.

Festak normaltasunez ari ziren ospatzen tolosarrak. Ekainaren 25ean, aldiz, dozenaka guardia zibil agertu ziren herrira, eta alkateari exijitu zioten ikurrinaren ondoan Espainiako bandera jar zezala, «Konstituzioak agindu moduan». Ikurrina kentzea izan zen, ordea, alkatearen erantzuna, Udalbatzak babesturiko erabakiari jarraiki.

Uztailaren 4an, berriz, Espainiako bandera Espainiako Barne Ministeriora bidaltzea onartu zuen Tolosako Udalbatzak, «haren presentzia desiragarria ez delako». Erabaki honek, noski, hautsak harrotu zituen Espainiako hiriburuan.

Metxa piztuta zegoen jada, eta soka Errenteria-Oreretaraino iritsi zen. HBk hiru aldiz aurkeztu zuen mozio bat, besteak beste, eskatzen zuena madalenetan ikurrina herriko banderaren ondoan jartzea eta Espainiako bandera Espainiako Barne Ministeriora bidaltzea. Baina Jose Maria Gurrutxaga alkateak (PSOE) -urte hartako maiatzaren 23an kargua hartu zuenak- beste hainbat aldiz debekatu zuen aipaturiko mozioa eztabaidatu ahal izatea, bertan eskatzen zena «Konstituzioaren aurkakoa» zela argudiatuta.

Uztailaren 13an, gainera, hirugarren haga bat jarri zuten herriko udaletxeko balkoian, herriko kazetari ezagun Rafa Bandresek gogora ekarri duenez. «Aspalditik ez zeuden hiru haga udaletxeko balkoian, jaietan eta Gabonetan soilik ikurrina eta herriko bandera jartzen baitziren», Bandresen esanetan. Giroa gaiztotuz zihoan.

Poliziaz beteta

Urte hartako uztailaren 21ean, madalenak hasten diren egunean, Espainiako polizien presentzia handiarekin esnatu zen Errenteria-Orereta. Arratsaldean, berriz, kalez jantzitako polizia ugari ikus ahal izan ziren herrian, autobusetan etorriak.

«Bai, bai. Autobusetan iritsi zirela zabaldu zen bolo-bolo herrian, baina gu ez ginen ohartu», dio arratsalde hartan Herriko Plazan egon zen lekuko batek, izena eman nahi ez duenak. «Txupinazora joan nintzen, nire emaztearekin, koinatuekin eta ilobekin», jarraitu du. «Giro arraroa suma zitekeen plazan, eta ohi baino jende gehiago zegoela iruditu zitzaidan niri. Antza, kalez jantzitako poliziak zeuden elizako atarian, udaletxeko arkupeetan eta Kapitainenea kaleko izkinean. Giroa gustatu ez zitzaigunez, ilobak atera genituen plazatik», gogorarazi du lekukoak.

18:45ean, HBko zinegotziek presoen eta iheslarien aldeko pankarta bat zabaldu zutenean, jendetzak hutsuneak zabaldu edo sortu zituen Herriko Plazan, kalez jantzitako poliziak agerian uzteko asmoz. Alde hemendik oihupean, arkupeetan elkartuz joandako poliziei tomateak, arrautzak eta txanponak jaurti zizkieten herritarrek, eta haiek plazan bildutakoak kolpatuz erantzun zuten.

«Ordura arte, Egin egunkariko orrietan bilduta zituzten borrak eta kateak atera zituzten poliziek, eta, txilibituen bidez buruek emandako aginduari erantzunez, han hasi ziren dinbi-danba, plazan ginenon kontra», istiluak bizi izan zituen lekukoaren arabera. «Poliziek zapiak ere jarri zituzten lepoan, herritarren artean ezberdintzeko eta, horrela, elkar ez egurtzeko», jarraitu du lekukoak.

Oso une gogorrak bizi izan ziren. Motzak, baina oso dramatikoak. Herritar ugari poliziei aurre egiten saiatu zen, baina haiek joka eta bultzaka ari ziren etengabe, aurrean aurkituriko inor errespetatu gabe: umeak, adinekoak, musika bandako partaideak... «Nire emaztea ere lurrera bota zuten, polizien artean geldituz», lekukoaren esanetan.

Ehunka zauritu

Herritarrak halamoduz saiatu ziren Herriko Plazatik irtetzen, poliziengandik ihesi. Baina, une horretan, uniformea jantzita zuten beste dozenaka polizia iritsi ziren plazara, Zumarditik, kaskoekin, borrekin eta gomazko pilotak eta ke poteak jaurtitzeko eskopetekin. «Dena ondo prestatuta zuten, eta ihesi gindoazen herritar asko kolpatu gintuzten orduan. Paris gozodendaren parean jo ninduten ni borrekin, hiruzpalau aldiz», dio lekukoak.

Zurrunbilotik basamortura pasatu zen Herriko Plaza. Herritarrez hustu eta soilik poliziak gelditu ziren plazan; ehunka, kalez jantzitakoak eta uniformedunak nahastuta.

Zaurituak ere ehunka izan ziren, era guztietakoak: burua odoletan zutenak, gorputzeko zati guztietan kolpeak eta ubeldurak zituztenak... Rafa Bandres herriko kazetariak gogoratzen duenez, «txupinazoa baino lehen, 17:30ean, Gurutze Gorriaren egoitza berria inauguratu zen Iztietan, Donostia kalean, eta buruan zauriak zituzten 13 lagun artatu zituzten han, beste ehunkarekin batera».

OARSOALDEKO HITZAk elkarrizketatu duen lekukoa ere han artatu zuten. «Puff! Pila bat ginen han bildutako zaurituak. Pentsa, kalez jantzitako polizia bat ere zegoen zaurituon artean, eta gu konturatu gabe!», esan du.

Gobernadore Zibila

Uztailaren 21 hartako 20:00etan, Gurrutxaga alkatea atera zen udaletxeko balkoira. «Gurrutxagaz gain, PSOEko beste sei zinegotzi atera ziren balkoira», dio Rafa Bandres kazetariak, gertatutako guztia udaletxe barrutik bizi izan zuenak. «Suziria bota eta Espainiako bandera, ikurrina eta herriko bandera jarri zituzten balkoian, plazan zeuden polizien txalopean».

Jai Batzordea osatzen zuten herriko eragileek, ordea, bilera berezia egin zuten gau hartan bertan, jaietako lehenbiziko egun hartako ekitaldiak bertan behera uzteaz gain, Gipuzkoako Gobernadore Zibil Julen Elgorriagari (PSOE) eskaera zuzena eginez: Espainiako bandera kentzea udaletxetik, Espainiako Segurtasun Indarrek alde egitea herritik eta Gurrutxaga alkateak dimisioa ematea. Eskaera hauek onartu ezean, madalenak bertan behera uzteko aukera mahai gainean jarri zuten Jai Batzordeko kideek.

Elgorriagak, ordea, ez zituen eskaerak onartu. Jai Batzordeak, ikurrina ere ez jartzeko proposamena luzatu zion uztailaren 22an, jaiak mantentzeko azken aukera gisa. Baina Gobernadore Zibilak bere horretan jarraitu zuen. Ondorioz, Jai Batzordeak bertan behera utzi zituen festak, Zumardian bertan egindako batzar jendetsu batean, 2.000 bat lagun elkartu baitziren bilkuran.

Rafa Bandres herriko kazetariak gogoan duenez, «jaietako ekitaldi bakarra egin zen: Madalen Ama Birjina ermitatik Jasokundeko Elizaraino eramatea, uztailaren 22an, eta ermitara itzuli 25ean, Santiago egunean, urte hartan jaieguna ez zena».

Peio Mindegia

Uztailaren 22an egindako batzar jendetsuaren ondotik, milaka lagunek herriko kaleak zeharkatu zituzten, manifestazioan.

21:00ak aldera, berriz, aurpegia zapi batekin estalia zuen ezezagun bat Herriko Plazan agertu eta, pertika baten laguntzarekin, udaletxeko balkoian zegoen Espainiako banderari su ematen saiatu zen.

Beste ehunka lagunek, bitartean, harriak jaurti zituzten udaletxeko leihoetara, barruan zeuden poliziak irten ez zitezen. Minutu bat bera ere ez zuen iraun eszenak. «Azkenean, ezezagun hark ez zuen lortu bandera erretzea, Herriko Plazan ginenetako asko txaloka hasi ginelako, eta poliziak atera ziren udaletxetik, bertan ginenok sakabanatuz di-da batean», dio bere izena eman nahi izan ez duen lekuko berdinak.

Egun hartan egondako istiluen ondorioz, beste dozenaka zauritu izan ziren herrian. Larriena, berriz, Peio Mindegia izan zen. 26 urteko gazte honek gertutik jaurtitako ke pote baten talka jaso zuen eskubiko begian. Zaurien ondorioz, gerora, begi hori galdu zuen Mindegiak, itsu geldituz, txikitan ezkerreko begia ere galdu baitzuen.

Felipe Gonzalezen babesa

Madalen haietako gainerako egunak ere antzekoak izan ziren. Manifestazioak eta istiluak ia aldiro. Madalenen hasieran ohikoa bihurtu den Orereta, Orereta oe, oe, oe oihua ere orduan jaio zen: manifestariak lelo hori oihukatzen hasi ziren polizien aurrean, eta berehala arrakasta lortu zuen leloak, gaurdaino mantenduz.

Hurrengo egunetan eta asteetan, Gurrutxagak dimisioa emateko eskaerak biderkatu ziren, herriko elkarteen eta alderdi abertzaleen aldetik.

Baina PSOE alderdiak ere fitxa mugitu zuen. Uztailaren 29an, esaterako, Espainiako presidente Felipe Gonzalezek Gurrutxaga eta herriko PSOEko zinegotziak hartu zituen Moncloako jauregian, Espainiako Gobernuaren babesa emateko. Uztailaren 31n, berriz, Espainiako 14 hiriburutako alkateek agerraldia egin zuen Lintzirin hotelean, Gurrutxagari elkartasuna agertzeko.

 

'Pobre de ti, gurruchaga' ekitaldia



1983ko madalenak bertan behera gelditu ziren. Baina herriko elkarteek hainbat ekitaldi antolatu zituzten egun haietarako, gertatutakoa salatzeko. Hala, antolaturiko protestei bukaera emateko, uztailaren 25erako -madalenak beti bukatzen diren egunerako- Pobre de tí, Gurruchaga ekitaldia antolatu zuten. 22:45ean, eta polizien presentziari aurre eginez, mila bat lagunek desfilea egin zuten Oiartzun ibairaino, inauterietako sardinaren ehorzketaren antzera, kandela piztuak eramanez. Purruchaga izeneko panpin bat ere zeramaten, orduko alkatea irudikatzen zuena. Polizien begiradapean, bildutakoek su eman zioten panpinari, eta gero ibaira bota. Jendea txaloka eta saltoka hasi zen orduan, eta poliziak tiroka, beste behin, istiluak herriko kaleetan barrena zabalduz.

Ospatu gabe gelditutako Madalen Jai haiek, beraz, hasi bezala bukatu ziren: iskanbilen artean.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

deialdiak

Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10

Ikuskizunak

Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa