
'Ekoportua' egin nahi du Pasaiako Portuko Agintaritzak 2020 urterako
Azpiegiturak
Portua egiteko plana aurkeztu zuen atzo; eskualdeko behar sozioekonomikoak asetuko dituela dio
nagore vega
Pasaiak 2020. urtean Ekoportua izatea da Pasaiako Portuko Agintaritzaren asmoa. Atzo aurkeztu zuen 2009-2020 Plan Estrategikoa Administrazio Kontseiluaren aurrean. Agintaritzaren helburua, Pasaia biziberritzea eta Portuaren lehiakortasuna handitzea da.
Txostena Administrazio Kontseiluaren aurrean aurkeztu baino lehen, publikoari azaldu zioten Gregorio Irigoien Portuko zuzendariak, Joxe Joan Gonzalez Txabarri Portuko Agintaritzako lehendakariak, Alfredo Irisarri SPIM enpresako buruak eta Ines Castrens txostenaren arduradunak. SPIM aholkularitza, garraio eta logistika enpresa arduratu da Portuko ikerketaren txostenaren garapenaz.
Joxe Joan Gonzalez Txabarrik hartu zuen hitza lehenengo: «Hemen aurkezten dizueguna, Agintaritzak egin nahiko lukeenaren txostena da». Nabarmendu zuenez, egungo arazoei irtenbidea ematea da Agintaritzaren xedea. Txosten horretan Ekoportua-ren aldeko apustua egiten dute: «Berreskuratze urbanistikoa egin eta badia birsortu nahi dugu; hamabi urte ditugu portu zaharra itxi eta Jaizkibel iparraldean portu berria egiteko, eta portu zaharreko 80 hektarea bizilagunen esku jarriko ditugu».
Badia berreskuratu eta ekonomia indartu
Gonzalez Txabarriren atzetik, Irisarrik hartu zuen hitza, egindako lanaren nondik norakoak eta ateratako ondorioak azaltzeko. SPIM enpresaren analisiaren arabera, Portuaren egungo egoeraren ezaugarri nagusiak honakoak dira: «Urteko trafikoaren hazkundea gelditu egin da, espazio faltagatik; azpiegitura berriak garatzeko zailtasun handia dago; trafiko berriak eskuratzeko eta garatzeko ezintasunak eman dira; liskarrak sortu dira Portua eta ingurunearen artean, eta Portuko jardueratik eratorritako kalteak sortu dira ingurunean: kutsadura atmosferikoa, zaratak, eta zoru eta ur kutsadurak».
Egungo baldintzak aztertu ostean, hiru aukera planteatu eta aztertu zituen SPIMek. Lehenengo egungo egoera mantentzea litzateke. Baina, «egungo trafikoarekin jarraituz gero, Pasaiako Portuak degenerazio pozesuan murgilduta jarraituko luke». SPIMen arabera, horrek giza eta natura errekurtsoak murriztea, eta Pasaiako Portuko jarduera ekonomikoaren gelditzea ekarriko luke, espazio eta lan baldintzen gabezia egongo bailitzateke.
Bigarrena, Portuko jarduera murriztea izango litzateke. «Horrek langabezia gehitzea, azpiegitura eta espazioak degeneratzea eta lehiakortasuna galtzea ekarriko luke, eta Gipuzkoako industria eta enpresetan eragin zuzena izango luke». Oro har, ingurugiroan eragin negatiboek jarraitzen dutela eta egoerak horrela jarraituz gero, badiaren berreskuratzea ezingo litzatekeela aurrera eraman dio Irisarrik. SPIMek jasotako datuen arabera, Portuko lur gehienen kontzesioak 2010ean bukatzen dira eta orain da momentua birgaitzearekin hasteko.
Hirugarren eta azkeneko aukera Ekoportua eraikitzea da: «Ekoportua-ren eraikuntza kanpoaldeko kaian eta badiaren berreskuratze osoa».
Ingurune naturala errespetatu
Ekoportua-ren alde egin du Portuko Agintaritzak, «aukera guztiak aztertu ondoren». Euren esanetan, «Portuaren jarduera ekonomikoa indartzeko, ingurune naturala errespetatzeko eta Gipuzkoarentzako irtenbide hoberena da Ekoportua eraikitzea».
Termikarekin zer egingo duten argitu zuen Gonzalez Txabarrik: «Pasaiako zentral termikoa kokatzeko aukera berria izan daiteke, barne espazioak askatzea eta airearen kalitatea hobetzea bermatuko luke, eta energia iturri berriak aztertzeko aukera izango dugu».
Ekoportuaren plan estrategikoa bi hilabetetan onartzea espero du Portuko Agintaritzak, datorren Administrazio Kontseiluan alegia. Aukera ezberdinak aztertu eta azpiegituren plan zuzentzailea egingo dute ondoren.Dokumentuak aurten bukatzea espero dute, eta ingurunearekiko inpaktuaren azterketak datorren urtean egitea.
alfredo irisarri
SPIM enpresako burua
Joxe Joan Gonzalez txabarri
Portuko Agintaritzako lehendakaria
'ekoportua' eta badia berreskuratzea
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
Ikuskizunak
Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.