
Portuaren plan estrategikoa «lotsagarria» iruditu zaio ezker abertzaleari
Azpiegiturak
«Kanpo kaiaren proiektua alboratzeko eta plan estrategiko serioa» egiteko eskatu diote Portuari
olatz mitxelena
«Lotsagarria». Hala iruditu zaio ezker abertzaleari herenegun Portu Agintaritzak aurkeztutako plan estrategikoa. «Kanpo portua justifikatzeko dokumentua» dela salatu dute, «beraien nahietara moldatutakoa». Zentzu horretan, Ekoportua izena jarri izana kanpo kaiak eragingo duen «ingurumen eraso berria» ezkutatzeko saiakera baino ez dela izan salatu dute.
Atzo eman zuen gaiaren inguruko bere iritzia eskualdeko ezker abertzaleak, Trintxerpeko Alkateordetzan. Bertan aditzera eman zutenez, Portuak aurkeztutako «dokumentuak ez du azterketa seriorik jasotzen». Txostenak 500dik gora orrialde izan arren, azterketa sozio-ekonomikoari lau orri baino ez dizkiola eskaintzen nabarmendu dute, «kanpo kaiaren beharraren azterketa seriorik aurkeztu gabe».
Horrez gain, «egungo portuaren kudeaketaren berri ez» duela ematen salatu dute, ez eta «kanpo kaiak lurraldeko beharrei nola erantzungo dien azaltzen ere». Halaber, egungo portuak eragiten duen kutsadura arintzeko inolako neurri zuzentzailerik ez dutela proposatzen salatu dute.
«Biltegia baino ez»
Ezker abertzaleak jakinarazi duenez, Portuaren dokumentuak aitortzen du «egun mugitzen dituen merkantziak balio gutxikoak» direla. Horregatik harridura agertu du ezker abertzaleak, horiek hala aitortuta merkantzia berberekin lan egitea proposatzen delako. «Plan estrategikoa produktu hauekin lan egiten duten enpresen interesetara makurtzen da», esan dute. Gaineratu dutenez, «kanpo kaia enpresa hauentzako biltegi izan dadin baino ez dute nahi».
Ezker abertzalearen ustez, dokumentuak «betiko eredu neoliberalari erantzuten dio» eta «kanpo kaia, AHT, Gaintxurizketako korridorea eta bestelako azpiegitura erraldoiak», garapena baino, «eskualdearen kolapsatzea» ekarriko dutela berretsi dute.
Horrez gain, kanpo kaia eraiki ezean badia ezin denik birgaitu ukatu dute ezker abertzaleko kideek beste behin, eta halako «txantaiarik ez» dutela onartuko ohartarazi dute.
«Funtsezko hiru arrazoi kanpo kaiaren kontra»
Ezker abertzaleak kanpo kaiaren kontrako funtsezko hiru argudio agertu ditu. Batetik, kanpoko kaiaren «beharra ez dutela argudiatu» esan dute. Bestetik, «bideragarria dela baieztatzeko daturik ez» dagoela esan dute, eta kanpo kaiak beharko lukeen «inbertsio publikoa ez dutela arrazoitu» nabarmendu. Azkenik, Jaizkibel suntsitzea ekarriko lukeela gogorarazi zuten. «Alperrik da eko aurrizkia jartzea eta diskurtsoa iraunkortasunez betetzea. Hori, herri honi iruzur egitea da» esan dute.
Horiek horrela «kanpo kaiaren proiektua albo batera uzteko» eta horren ordez, «plan estrategiko serio bati ekiteko» eskatu diote Portuari. Izan ere, ezker abertzaleak «portuaren alde» dagoela nabarmendu nahi izan zuen atzo, «portu egoki eta eraginkor baten alde», Bilbokoarekin eta Baionakoarekin elkarlanean Euskal Herriko ekonomiarentzako pizgarri izango dena. Zentzu horretan, lurralde antolaketari buruzko eztabaida prozesu parte-hartzailea zabaltzeko eskatu dute.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
Ikuskizunak
Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.