
erromeria koloretsua
Jaia
Dultzaineroak, trikitilariak, zanpantzarrak, txistulariak eta dantzariak, guztiak aritu dira goizetik iluntzera arte herriko kaleak alaitzen
nahiara gago
Urtero bezala, beroa eta eguraldi onarekin batera eta Madalen jaien atarian, Erromeria Eguna ospatu da Errenteria-Oreretan. Atzokoa hamargarren aldia izan zen eta jende ugari ibili zen kaleetan dantzan, goizetik iluntzera arte.
Jendetsua eta koloretsua izan da Erromeria Eguna,eta adin guztietako jendea bildu da dantzara. Ibiltzen ere ez dakiten haur txikiak haien gurasoen ohiturak jarraituz, edota aspalditik dantzatzen dakiten aiton-amonak, alpargatak alde batera utzi ezin dituzten horietakoak.
Baserritar jantziari hautsa kendu eta, dotore eta apain irten ziren kalera herritarrak, erromeriaren festa erraldoian parte hartzeko. Gainera, aipatzekoa da, kanpotik ere jende asko gerturatu zela.
Ereintza Dantza Taldeak urtero aurrera eramaten duen ekimena da Erromeria Eguna eta atzo, goiz goizetik lanean ibili ziren taldeko kideak, txorizoa prestatzen, ogia mozten, edariak banatzen, bazkarirarako azken erosketak egiten, jana prestatazen eta beste hainbat gauza egiten, egun berezia baita eta dena prest egon dadin hamaika esku behar izaten baitira lanean. Izan ere, jarduera asko biltzen dituen egitaraua osatzen dute urtero Ereintzakoek, adin guztietara egokitua.
Egunean zehar jai giroa
Goizean, jende ugari bildu zen Esmalteria plazan hamaiketakoa egiteko, indarra hartu behar baita ondoren dantza gogoz egin ahal izateko.
Lehenik eta behin, herria girotzeko Euskal Herriko hainbat herrietatik etorritako trikitilariak izan ziren kaleetan zehar, Zubietako zanpantzarrekin batera.
Ondoren, Hernaniko dultzaineroak eta Oarsoaldeko txistulariak abiatu ziren herriko kaleak musikaz betetzera, dantza giroa sortuz.
Ogitartekoa hartu ondoren eta bazkarira arte, dantzariak kaleetan zehar ibili ziren dantzatzen. Azkenik, Gamon Zumardian, erromeria erraldoia dantzatu zuten, bai dantzari trebeenek, baita kaleko jendeak ere.
Sabelean tokia egin eta gero, Udal Kiroldegian bazkari erraldoia egin zen. Erromeria Eguneko partaide guztiak bildu ziren bertan. Bazkari jendetsua izan zen, 500 lagun ingurukoa.
Bazkarian, omenaldiak
Bazkari gozoa jan orduko trikitilariek kiroldegiari euskal giroa gehitu zioten, baina lehenago merezitako omenaldia egin zitzaien Erromeria Eguneko antolatzaileei, baita bazkaria prestatu zuten sukaldari guztiei ere. Horretarako, Ereintza Dantza Taldeko dantzariek urtero bezala, sukaldari eta antolatzaileei derrigorrezko Agurra dantzatu zieten.
Beranduago, muxikoak, banakoa, eta mota guztietako dantza alaiak dantzatu zituzten bazkarian egon ziren guztiak. Dultzainero batzuk eta zenbait txistulari ere animatu ziren dantzatzera, bazkaria jaisteko erremedio bikaina izaten baita.
Kiroldegian egindako dantzaldian pauso berriak ikasi ordukoGamon Zumardira abiatu ziren bazkarian ziren guztiak, ikasitakoa jendearen aurrean erakusteko, eta nola ez, ordurarte dantzan ez zirenak animatzeko asmoz.
Txikienentzat, pailazoak
Gaztetxoenek ere izan zuten beraientzako bereziki prestaturiko tartea, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoak aritu baitziren arratsalde partean haur guztiekin jolasean eta dantzan. Txiki piloa bildu zen Zumardian, gogokoen dituzten pailazoekin batera arratsalde on bat igarotzeko asmoz.
Bitartean, helduek AIKO eta lagunak ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten. Christian Borda soinujolea, Mintxo Garaikoetxea ttunttuneroa, Jean Mixel Bedaxagar xirularia, Iruñeko gaiteroak eta Roberto eta Kepa trikitilariak eta panderojoleak izan ziren.
Afaltzera joan aurretik, Miel Otxin folk taldearen emanaldia egon zen Xabier Olaskoaga plazan. Eta azkenik, egunari bukaera emateko, Gamon Zumardian Larrain dantza egin zen, urtero bezala, erromeriari behar den moduan agur esateko.
Patxi Laborda gabe
Patxi Laborda dantzaria ez da aurtengo Erromeria Egunean egon eta, egia esan, hutsunean nabaria izan zen, batez ere goizean, aurreko urteetan bera aritu izan baita Esmalteria plazan dantzak erakusten, bere xarma bereziarekin.
Ereintza Dantza Taldeak hamargarren aldiz antolatu du Erromeria Eguna, eta taldeko kideek harro daude egindako lanarekin. Beraz, Erromeria Eguna antolatzen jarraitzeko asmoa azaldu dute, herritarrentzako zein herritik kanpoko jendearentzako. Izan ere, erromeriaren ohitura galdu ez dadin temati ari dira Ereintzakoak. Beraz, datorren urterako jantziak ondo gorde, urtebete barru herri dantzen festa erraldoiarekin hitzordu berria izango da eta .
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
Ikuskizunak
Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.